Azaleko errezeptoreak
Kaixo Agurtzane,
Herri txiki batekoa naiz, eta apur bat aztoratuta nago. Konturatzen naiz lagunarekin oheratzen naizenean gehien gustatzen zaidana dela hasierakoa, sartu arte. gero hori be ondo da, baina ez dut gozatzen horrenbeste. Eta amaitzen duenean, ni gogotsu geratzen naiz. Baina ez sartzeko grinarekin. Arraroa da, ezta? Normalena da momentu hori gorena izatea, eta ostean biok lasai geratzea ezta? Zer gertatzen zait? Zer egin beharko nuke ondo geratzeko?
Kaixooo!!
Eskerrik asko hain argi azaltzearren gertatzen zaizuna, batzuetan ez da erreza erotikan bizitzen duguna berbetan ipintzea eta.
Gorputzaren bidez gauza asko komunikatzen ditugu. Nahi eta nahi ez. Askotan begirada batek gure mihi-gainak baino gehiago dio, gure isiltasunak be berba egiten du ,askotan gure solasaldi luzeak baino gehiago. Lagunen arteko gorputzen komunikazio oso inportantea bihurtzen da, azalak hainbat sentsazio islatzen dituelako, berba egiten digu, eta zaila denean hitzekin esatea gorputzak bidaide bilakatzen da elkarri kontatzeko.
Azala errezeptorez josita dago, prest hartzeko eta emateko, sentsazioak izateko…milaka modutan…hor dago, hor gaude.
Xamurtasuna eta gozamena lantzeko be hainbat jokabide esanguratsuetan galtzen gara: laztanak, ukituak, zurrupadak, muxuak, begiradak, haginkadatxoak... Sarri baina, askok ulertzen dute horrelako jokoak ematen badira berehala zakilak eta baginak bat egingo dutela baginaren barruan. Are gehiago, jolas horretan murgiltzen bagara, helburua koitoa delako izango delakoan gaude. Mezua hori da, eta hasierakoa gozagarria izan bada, azkenburua ezin gozoagoa izango dela lau haizetara oihukatzen dute.
Horrelako ereduak oso dinamika exijentean sartzen gaitu, gure desirak, eta behar-izanak baztertuz. Plazeraren eta elkar egotearen helburua genitalen bueltan zentratzen da, koitoa ezinbestekoa bilakatuz. Plazera izateko eredu horrek ez gaitu laguntzen gure bideak arakatzen, aske sentitzen gustuaren gorabeherak zeharkatzen, ezta partekatzen lagunen artean gertatzen zaigun hori. Ez da izango harritzekoa, korapilatuta sentitzea, pentsatzea ez dela nahikoa egiten dugunarekin, edo jokabide zehatz batzuk plazer gorena ekartzeko direla, eta horrela ez bada arazo bat daukagula. Nahiz eta hori egia ez izan.
Hori dela eta, batzuek usteko dute koitoa ez bada egongo ez duela merezi inolako jokoetan sartzea, beste askok koitoa ekiditeko bestelako jokoetan sartzen dira, hainbatek koitoa ez dutenez gura jokoak gustukoak izan arren joko gabe geratzea erabakitzen dute, badaude be gustura ez egon arren aurrera jarraitzen dutenek, eta zelan ez badaude edozein izan da bidea, edo jolasa gorputzean murgiltzen denean ia denekin gustura sentitzea…Denetarik ba.
Azkenean pentsamolde estuak gure gozamena baldintzatzeko arriskua dauka. Dena da posible. Denak du bere lekua. Askotarikoak gara gure baitan, anitzak gara gure lagunen artean. Horrek dakar aberastasuna, elkarrekin konpartitzeko eta bata bestearengandik ikasteko , eta elkarri irakasteko. Elkar laguntzeko gozamenaren itsasoan igeri egiteko.
Beste alorretan gertatzen den moduan, lagunaren eta bion gurariak askotan desberdinak izango dira, batzuei gustatzen zaigu pasta arroza baino. Orduan , zelan elkarrekin bilakatzen badugu gorputzaren lurraldean biok gustura egoteko bideak eta eremuak , aurrez jarritako helbururik gabe? Bazter guztiak gozagarriak, maitagarriak eta jolasgarriak dira eta.
Batzuetan hitzekin adieraztea zer nahi dugun eta zer ez, ez da erraza, baina eskuek, begiradek, ukimenek, keinuek…. lagunduko digute komunikazio horretan.
Gorputza da gure bidaide eta!!