Baitako sokatira
KAIXO AGURTZANE,
Elene naiz, eta aspalditik sokatiran nabil nire baitan. Kontatuko dizut:
Urte bi daramatzat neska-lagunarekin. Oso ondo konpondu izan gara beti, eta batzuetan gure hika mikak izan baditugu be, oso harreman polita izan dugula esango nuke nik. Baina badaramatzat hiru edo lau hilabete harreman honek ez nauela asebetetzen, edo ez dakit zer den baina zer edo zer amata da nire baitan. Gustura nago baina beste edozer baino lagunak bilakatu gara. Ez dakit zelan izan den, baina gertatu da. Eta bera zoragarria izan arren, pentsatzen nabil harreman honi amaiera ematea. Hamaika bider idatzi ditut harreman honi jarraitzearen aldeak eta kontrak be…baina ezin erabaki. Ganera, horretaz pentsatzen hasten naizenean negar-gurea, angustia eta dena sortzenzait . Beharbada ez da benetan egin gura dudana .
Ez dakit zer egin, edo zelan. Lagunduko didazu bideari argitasun apur bat ematen? Eskerrik asko
KAIXO ELENE,
Luzaroan eta gustura egon garenean harreman bati amaiera ematea ez da bat ere erreza. Eta horri buruz hausnartzea, pentsatzea, emozioak azalaratzea garrantzitsua da jakiteko norantz jo. Baina prozesu horretan mina , bildurra , tristezia eta, urduritasuna agertzea ohikoa da. Zure neska laguna ez da edonor, harreman hori biontzako da inportantea, bion artean eraiki duzue eta seguru nago, maitasunak bide desberdinak hartu baditu be zelabait bera be maite duzula. Horregatik da hain zaila erabakia, eta baita nahasmendu sentitzea ere.
Gure buruak egonezina detektatzen duenean saiatzen da beste edozelango arazo bat izango bazan moduan konpontzen. Hau da “irtenbide teknikoak” ematea, baina sarriegi ez daude gure emozioak kontuan hartzen, ezta horiek behar duten denbora eta hausnarketa. Beraz egonezina sortzea, angustia agertu arte ez da izango harritzekoa. Barruan borroka handia dago, eta horrek ez du laguntzen.
Egia esan, beste baten erabaki hartzeak oso argi ikusten ditugu, eta seguruenik zure konfiantzazkoekin konpartitu baduzu, oso erraz ikusiko zuten zein izango zen erabaki aproposena. Batzuk gauza bat esan, eta besteak kontrakoak esaten badute ere. Baina, denentzako erraza. Eta zu dena entzun ostean, erabat nahastuta, hare gehiago haserre puntu bat agertzea be ez da izango arraroa. Zuretzako ez delako hain erreza eta.
Zergatik? Erabakiak prozesu bat direlako, ez dira aldeak eta kontrak analizatu osteko emaitza bat. Horrelako ariketak lagungarria izan leikez , eta egoera larrietan oso argigarriak be. Baina ezin dugu ahaztu gure emozioak non dauden, zelangoak diren, eta zelango noranzkoak hartzen dituzten.
Alde biak oso indartsuak baldin badira, luze joko du sokatirak, biak modu batean edo bestean elikatzen dutelako gure baitan behar dugun hori. Baina denboraren poderioz gehienetan zer edo zer gertatu arte, zirt edo zart egitera eramango gaituena, edo izan daiteke alde batek astiro bada ere, leku gehiago hartzea. Ez gaude egon ginen leku berberean, ez da gure burua ikusten dugun lekua. Harremanaren ardatzak galdu du pisua. Oroitzapenetatik bizi gara, orain aldeak ematen digunetik baino. Ez dauzkagu lehengo beharizanak … Ez dira izan behar apurketa gogorrak, ez dira egon behar iskanbila handiak , ezta zertan beste pertsona bat agertu behar izan… Horregatik beharbada erabagi hauek gatxenetarikoak dira, eta buruhauste handien sortzen dituztenak.
Erabaki guztiek zer edo zeri uko egitea ekartzen dute. Gehienetan inportantea izan den eta dena. Horrek dolu bat ekarriko du, eta prozesua gogorra izan lei. Gogorra da agur esatea bizi izan dugunari, izan garenari momentu batean, lagunarekin izan dugunari, lagunarekin izan dugun harremanari …
Beldurra izatea horrelako momentuetan normala da, ez dakigu eta, ostean, zer gertatuko den. Orain artekoa ezagutu dugu, eta gustura egon gara. Baina hurrengoa eraikitze dago, sortzeko, izateko. Askatzaile bezain bildurgile.
Eman denbora zure buruari, arnastu behar duzun beste, idatzi bizitzen zabiltzatenari buruz, konektatu zure barrenarekin..
Beharbada zure neska-lagunak zer edo zer somatu dizu azken bolada honetan, , beharbada galdetu dizu, zuzenean ea zer daukazun, edota itaundu dizu beste modu batzuetan, beharbada bera be ez dago hain ondo, beharbada bera be pentsakor dago.
Beharbada bera etorriko zaizu. Beharbada berbetan hasiko zarete konturatu gabe, lagunen modura, eta paparra husterakoan, zuon bihotzen hitzak irtengo zaizkizue…eurek egingo dute berba. Ziur nago behar duzuena esango diozuela elkarri.
Konfiantza izan daukazuen adiskedetasunean, hori hor egon delako zuon harremanean, eta oso lagungarria izango da elkarri laguntzeko prozesu honetan. Biok sortuko duzue behar dituzuen ateak edo leihoak. Bideak.
Besarkada handi bat,
agurtzane