Nora ezean mapetan galduta
Uztailean guztiz sarturik gaude eta, ohikoa izaten den bezala, leku edota herrialde berrietara joateko erabakia hartzen dute askok eta askok. Oporraldian egonda, denbora soberan izaten dugu urte osoan amesten egon izan garen lekuetara joateko. Kale ezkutuak bisitatu, errepide amaiezinak zeharkatu, mendi-buelta gorabeheratsuak egin... orain izaten da garaia horiek guztiak egiteko eta denbora soberan izaten dugu horietan guztietan galtzeko. Edo ez, esku artean mapa bat baldin badugu. Garai batean, gure eskuetan mugikorrik ez genuen garai horietan, Michelin gidekin denbora gehiago galtzen genuen mapak berriz ongi tolesten, helmugara eramango gintuen bidea topatzen baino. Eta logikoa zen, mapa ikaragarri handiak eramaten genituelako gainean. Baina ez bat bakarrik, bat baino gehiago eduki behar izaten genituen: lurralde, eskualde edota herri jakin batekoak gutxienez.
Hala ere, mugikorrek ona den zerbait ekarri baldin badigute, bertan mapa bat izan dezakegula da. Gainera, helmuga jakin batera iristeko hobekien datorkigun ibilbidea zein den segundo batean planifikatzen dizkigu: kotxez, oinez, bizikletaz edota trenez. Baina zein aplikazio mapa da erabiltzen duzuena? Seguru nago ehuneko handi batek Google Maps erantzungo didala. Bada, kasu honetan, hainbat alternatiba aurkeztera nator, kasu batzuetan hobea, izan ere, interneterako konexiorik izan gabe ere funtzionatzen baitute!
Alternatibarik onena, eta ezagunena agian, OpenStreetMap da, munduko mapa libre handiena. Konparaketa bat egiteko (eta distantziak mantenduz) mapen Wikipedia bezala defini genezake, erabiltzaile anonimoen (eta ez hain anonimoen) bitartez mantendu eta osatzen den mapa bat delako. Horrek zer esan nahi du? Denok dugula aukera mapan hobekuntzak egin eta edozein arazoen aurrena konponbideak proposatu eta guztion artean mapa hobe bat osatzeko. Gainera, lizentzia libreak erabiltzen dituenez, denok dugu aukera bertako datu basea erabili eta gure proiektuetan erabiltzeko. Ideia bat egiteko, PokemonGo joko famatuak, OpenStreetMapeko datu basea erabili zuen bere mapa sortzeko. Mapa honek, leku bakoitza non dagoen adierazi eta bertara iristeko bideak proposatzen dizkizu ere. Hau erabiltzeko, sarean OpenStreetMap bilatu eta erraz topatu dezakezue.
Mugikorrerako aplikazio alternatiba on bat, aldiz, Organic Maps dugu, OpenStreetMapseko datu basetik elikatzen den offline mapa. Android zein IOS mugikorretan instalatu daiteke eta, mapa arruntetan bezala, ibilbide proposamenak egin, denborak kalkulatu eta gauza bakoitza non dagoen adierazten du. Egin beharreko gauza bakarra, nahi dituzun lurralde edo herrialdetako mapak deskargatu eta horietan murgiltzea da. Arrazoi honexegatik, aplikazio hau erabiltzeko ez da interneterako konexiorik behar, eta arina da gainera. Aukera oso ona, beraz, menditik zoazenean erabiltzeko, adibidez.
Bukatzeko, bada beste aplikazio bat baina, kasu honetan, OpenStreetMapeko mapa hobetu eta elikatzeko baliagarria dena: StreetComplete. Honen bitartez, zure herri edo auzoko mapa hobetu dezakezu eta, horrela, denok kontsumitzen dugun mapa osatzeko aukera izango duzu. Joko bat balitz bezala erabiltzen da, eta informazio oso interesgarria partekatu dezakegu OpenStreetMapeko erabiltzaile guztientzat, geroago beste zerbitzuetan erabili ahal izango dena.