“Bertsotan egiteko aukera bat izan da guretzako eta bizkaian etorkizuna dagoela erakusteko ere”
Kelmene Abaitua eta Ekhi Zuluaga dira aurtengo Bizkaiko Eskolarteko Bertsolari Txapelketan buruz burukora sailkatu ziren bi bertsolariak. Euskal Herriko Eskolarteko Txapelketan biak izan ziren Bizkaiko ordezkari eta biei galdera batzuk egiteko luzatu dizkiegu.
Kelmene berriztarra da. Batxilergoa ikasten ari da Durangon eta Berrizko bertso eskolako kidea da azken urteetan. Miren Amuriza eta Iruri Altzerrreka izan ditu irakasle eta aurtengoa izan du bere lehen txapela.
Ekhi Zuluaga igorreztarra da. DBHko ikaslea da eta Arratiako Bertso Eskolan batzen da bere bertsokideekin. Arratieraz abesten du eta aurtengo eskolarteko sorpresatako bat izan da.
Zelan zaudete Bizkaikoa eskolarteko finalaren ondoren?
KELMENE ABAITUA: Pozik nago, gustora egindakoarekin eta lortutako emaitzarekin.
EKHI ZULUAGA: Pozik eta harrituta, ez nuen espero buruz burukora pasatzerik bigarren egiterik.
Euskal Herriko finala etorri da Bizkaikoaren ostean… ze balorazio egiten duzue?
KELMENE ABAITUA: Bertsotan egiteko aukera bat izan da guretzako eta bizkaian etorkizuna dagoela erakusteko ere.
EKHI ZULUAGA: Bai, ados nago esandakoarekin. Aukera izateaz gain, esperientzia hartzeko ere balio izan digu apurka apurka.
Nola oroitzen duzue bertso eskolako lehen eguna?
KELMENE ABAITUA: Pertsona asko izaten ginen taldean eta bertsoa jolasera bideratuta egoten zen, taldean egotera eta parte hartzera. Oso oroitzapen onak dauzkat.
EKHI ZULUAGA: Gurea ere antzeko egoera zen. Lagun artean hasi ginen, gehienetan jolasak egiten genituen eta oso ondo pasatzen genuen. Orduko momentu politak ditut buruan.
Eta zerk bultzatu zaitue bertsotan jarraitzera?
KELMENE ABAITUA: Horretan indar handia izan dute bertsotan inguruan eduki ditudan pertsonak, bai bertsokideak eta bertso irakasleak irakasleak. Giro horretan gustura sentitu naiz.
EKHI ZULUAGA: Ni ere gustora sentitu naz bertso giroan. Etxean anaia ere bertsotan ibiltzen zen, eta bera etxean ikusita nik ere bertsotan jarraitzea erabaki nuen.
Zein da bertso eskolarekin duzuen harremana?
KELMENE ABAITUA: Astean behin joaten gara bertso eskolara ordu eta erdi. Hortik aparte, bertso saioetara joaten gara eta ekitaldiak ikusi.
EKHI ZULUAGA: Gure dinamika ere antzekoa da, Bertso eskola astean behin eta txapelketa sasoian inoz birritan ere batzen gara. Bertso saioren bat ikusten ere joaten gara noizean behin.
Zer eman dizue bertsoak edo bertso munduak?
KELMENE ABAITUA: Jentea ezagutzeko aukera eman dit, mundu bat ezagutu dut euskaran barruan, Euskal Herrian bertan hizkuntzaren inguruko giroan horretan gustura dagoen jendea ezagutu dut.
EKHI ZULUAGA: Nik ere pila bat jende ezagutu dut eta lagunak egin ditut. Euskarari buruzko ideia aldatu da eta bertsoari esker beste modu batez ikusten dut hizkuntza.
Eta lagunak egiteko bidean lagungarria al da bertso barnetegia?
KELMENE ABAITUA: Nik aitortu behar dut neguko bertso barnetegietara bakarrik joaten naizen arren, bizkaiko bertsozale gazteekin giro horretan konektatu dudala. Gaur egun lagun gisa kontsideratzen ditudan pertsonen zirkulua barnetegiaren inguruan sortu da.
EKHI ZULUAGA: Ni aldiz aurten joan naiz lehenengoz, neguan eta udan. Oso gustura sentitu nintzen bertan. Lagunak egiteko aukera ematen du eta asko gustatu zitzaidan bertako giroa. Oso ondo pasatu genuen.