SituLearn: Aplikazio errazak sortzeko tresna librea
Gaur egun, tresna asko aurki daitezke eskolan erabiltzeko, baina gutxi dira ikasleen datu pribatuak babestu eta aukera libreak eskaintzen dituztenak. Duela hilabete gutxi batzuk, Frantzian, SituLearn aplikazio librea kaleratu zuten, irakasleek euren ikasleekin modu interaktiboan edukiak sortzeko baliagarria den aplikazioa.
SituLearn-en helburua, eskolaz kanpoko ekintzak aberasteko, irakasleei tresna bat eskaintzea da, mugikor edo tabletetan erabili daitekeena. SituLearnen bitartez, ibilbide edo tour interaktiboak sor daitezke ikasleentzat. Horretarako, hiru tresna eskaintzen dituzte: SituLearn-Editor, SituLearn-Player eta SituLearn-Monitor.
SituLearn-Editorren bitartez, aplikazioko edukiak sortu eta garatu daitezke. Hemen da irakasleek materialak sortzeko aurkituko duen txokoa. Editore horretan, mapak, irudiak, audioak, ibilbideak, galdetegiak... sortu eta kudeatu daitezke. Modu intuitibo eta errazean sor daitezke aplikazio hauek eta, gainera, beste irakasleek sortutako ereduetatik abiatuta, norberarenak ere garatu daitezke.
Aplikazio bat sortzean, 3 motako jarduerak sortzeko aukera eskaintzen du:
Altxorraren bila: Ibilbide interaktibo lineal bat sortzeko aukera ematen du. Bertan, geldialdiak prestatu daitezke norberak nahi dituen interesguneetan. Bereziki, eskola-irteeretarako dago pentsatuta. Horietan, nahi beste eduki sartu daitezke.
Jardueren espazioa: Aukera honen bitartez, aplikazio bakar batean hainbat zeregin edo galdetegi sor daitezke. Ikasleak, zeregin horiek ez ditu orden jakin batean egingo, nahi dituen ordenean egin ahal izango ditu. Horregatik, jarduera mota hau aproposa izan daiteke museoetara bisita egin behar denetan, gelan tailerrak antolatu nahi direnean, edota kaletik erronkak sortu nahi direnean, adibidez.
Ibilbide interaktiboa: Jarduera mota honek aukera ematen du ikasleen kokapenaren araberako zereginak sortzeko. Irakasleak, mapa batean, interesgune batzuk marka ditzake eta, ikasle bat marka horretatik hurbil dagoenean, aplikazioak jakinarazpen bat helaraziko dio. Bertan, dagokion edukia edo zeregina ikusi ahal izango du ikasleak.
Aukeratutako irteera edozein dela ere, ikasleek argazkiak, audio-grabazioak edo oharrak hartzeko aukera izango dute.
SituLearn-Player erabiltzaileentzako aplikazioa da. Bertan, SituLearn-Editorean sortutako edukia erabili daiteke. Horrela, irakasleak edo sortzaileak diseinatutako mapa, informazioa edota jarduerak ikusiko dituzte. Honetarako, mugikor edo tablet bat izatea beharrezkoa da.
Azkenik, SituLearn-Monitorren bitartez, irakasleek, ikasleen kokapena eta aurrerapena jarraitu dezakete uneoro, zeregina burutzen ari diren bitartean.
SituLearn Software libreko tresna da eta irakasle talde baten bitartez garatu da. Gainera, SituLearn web aplikazio bat denez, ez da inon instalatu behar eta Internet bidez dena egiteko aukera ematen du.