Sua Enparantza - "Antzerkiarekin hastean, dantzan ikasitako guztia erabili dut"
Sua Enparantza dantzari eta aktore donostiarra da. Euskal dantzarekin eman zituen lehen urratsak, baina beti gustatu izan zaio mugitzea eta denetarik probatu du. Orain, aktore lanetan ere badabil, baita zirkuan ere.
Azken urteetan, telebistan izandako agerraldien ondorioz egin zara bereziki ezagun. Hala ere, zure ibilbidea lehenagotik hasi zen, dantzarekin lotua batez ere. Nola hasi zinen?
Bai, egia da azken urteetan egin naizela Euskal Herrian ezagunagoa. Nik lehen dantza bakarrik egiten nuen (bueno: dantza, musika eta beste mila proiektu, telebistarekin zerikusik ez zutenak), eta egia da nik beti izan ditudala kontraesanak horrekin. 5 urtetatik nago dantzarekin, txiki-txikitatik nabil mundu artistikoan eta behin telebistan sartuta iritsi zait fama hau. Egia da beti dagoela telebistan agertzen direnekiko fanatismo handia eta, hasieran batez ere, kostatu egiten zitzaidan hori ulertzea. Esaten nuen: “Bizitza guztia daramat dantzarekin lanean eta, zergatik telesail batean agertzeagatik dago horrelako fanatismoa? Bizitza guztia daramat eszenario gainean eta hau ez zait inoiz pasa!”. Orduan, ikusten dut bi munduak daudela mundu artistikoarekin lotuta, baina oso desberdinak direla elkarrekiko.
Esan bezala, ni 5 urterekin hasi nintzen dantzan (euskal dantzan) baina betidanik gustatu izan zait mugitzea, denetarik probatzea. Urteroko nire drama izaten zen eskolaz kanpoko ekintza bat utzi behar izatea denborarik ez nuelako. Beti egon izan naiz gitarra jotzen, koroan, euskal dantzan... eta ikusi nuen interes handiagoa nuela dantzarekiko. Hortik hasi nintzen jazza, balleta, dantza garaikidea, hip-hopeko txapelketak, gimnasia erritmikoa eta mundu horretan murgiltzen. Aurrerago, maila hobeago bat nahi nuenez lortu, talde batetik bestera hasi nintzen mugitzen eta pixkanaka gehiago ikasten.
Orain ere aktore eta antzerki munduan sartuta zaude. Nola eman zenuen jauzi hori?
Lehen esan dizudan moduan, betidanik gustatu izan zait artista mundu hau, baina antzerkiarena beranduago etorri zitzaidan. Nik Batxilergo artistiko plastikoa egin nuen eta bertan, marrazteaz gain, bagenuen antzerkia aukerazko moduan. Bertan hasi nintzen antzerki klaseekin eta asko gustatu zitzaidan, asko disfrutatzen nuen. Egia da dantza eta antzerkiaren artean lotura handia dagoela, baina antzerkia beste mundu bat da.
Bertan hasi nintzen antzerki munduan eta gero “Goazen!”-eko castingera aurkeztu nintzen 16 urterekin. Bertako finalera iritsi nintzenean, galdetu zidaten: “Zu futbolean aritzen zara?” eta ni: “Ez ba”. Azkenean ez zidaten telesail horretarako hartu baina, handik urtebetera, telesail berri bat zegoela esan zidaten, “Irabazi arte” izena zuena, eta emakume futbolariei buruzkoa zena. Jendeak castingera aurkezteko animatu ninduen. Anaiaren Realeko txandala jantzi, moño bat jarri, zelai baten barruan nire burua grabatu eta castingera bidali nuen inori ezer esan gabe, ez nuelako inolako esperantzarik. Azkenean frogak pasa eta finalera iritsi nintzen. Hasieran, nire plana “Goazen!” telesailean parte hartzea zen musika, dantza eta antzerkia uztartzen zituelako, nire pasioak, baina azkenean bizitzak futbolera eraman ninduen.
Bi diziplina horiek daude gorputz espresioarekin lotuak bereziki. Zer uste duzu eskaintzen diola bakoitzak gorputzari? Gauza desberdinak edo antzekoak?
Galdera hau ez didate inoiz egin eta interesgarria iruditzen zait. Beti galdetzen didate ea antzerkia egin izan dudan lehenago eta beti esaten dut batxilergoan hasi nintzela zerbait egiten. Eskolan beti daude antzerkiak eta hor bai izan ditudala protagonista paperak. Hala ere, oso lotsatia izan naiz betidanik eta ez zen nire helburua hau baina, antzeztean, disfrutatzen nuen.
Dantzak bai lagundu didala gorputz espresioaren bitartez lotsa hori galtzen eta dantzaren bitartez ikasi dut transmititzen. Hori guztiarekin, antzerkirako pausua ematean, dantzan ikasitako guztia erabili dut. Egia da oso espresiboa naizela eta gorputza asko erabiltzen dudala eta, horregatik, pentsatzen dut, bi mundu hauek oso lotuak daudela. Azken finean, gorputzak asko esaten du eta, batzuetan, ez da hitzik behar izaten nahi duzun hori azaltzeko. Keinu batek edo gorputzaren kolokazioak asko esaten du. Orduan oso lotuak daudela pentsatzen dut.
Gazteen artean garrantzitsuak iruditzen zaizkizu arlo hauek lantzea? Ze aukera ematen dituztela esango zenuke?
Nik uste dut oso garrantzitsua dela hau guztia lantzea, batez ere, gorputz espresioa. Nik hemendik joko dut, izan ere, beste diziplina asko lantzea ere garrantzitsuak iruditzen zaizkit baina, uste dut, gorputz espresioa garrantzitsua dela. Askotan, ikusten nuen, aurkezpen bat egin behar izaten nuenean eskolan edo institutuan, jende askok oso gaizki pasatzen zuela aurkezpen bat egin behar zuen bakoitzean, ez zekitelako nola espresatu, nola egon... inork ez diolako erakutsi gazte bati nola aurkeztu. Beti egiten dira aurkezpenak eta, nork erakutsi digu klase baten aurrean jartzen? Edo gorputza nola kokatu, nola azaldu, nola komunikatu... Egitearen poderioz ikasten dugu azkenean, baina bakarrik ez da ikasten.
Uste dut hau txikitatik eskoletan irakastea garrantzitsua dela. Gero, heldu askok ez dakite komunikatzen edo gorputza erabiltzen horretarako. Edo ez dute euren gorputza ezagutzen, eta hori ere garrantzitsua da, zeren gorputzak seinale asko ematen ditu.
Aurrera begira zein asmo dituzu? Zer egitea gustatuko litzaizuke? Zerbait duzu esku artean?
Oraindik bete ez dudan ametsetako bat pelikula bat grabatzea da. Hor nabil castingak egiten, baina oso zaila da eta, batzuetan, ezinezko bezala ikusten dut, baina hor nabil. Momentu honetan, “Gure Zirkua” taldearen barruan nabil, ekainera arte. Bertan, akrobaziak egiten ditut eta abestu ere egiten dut. Ekainetik abuztura arte “Irabazi arte” telesailaren 4. denboraldia grabatzen arituko gara, beraz, udara guztia beteta daukat eta, gero etorriko dira gerokoak. Proiektu bat etortzen baldin bada oso ondo egongo da eta, bestela, zirkuarekin jarraituko dut, oso gustura nagoelako bertan. Kukai dantza taldearekin ere emanaldi batzuk egingo ditut, beraz, pixka bat denetarik egiten arituko naiz. Hala ere, ez daukat hurrengo urtera begira ezer finkorik oraindik, lehen aldiz nire bizitzan, beraz, lasai hartuko dut. Beti egon izan naiz nire bizitzan proiektu batetik bestera saltoka eta ondo dago pixka bat gelditzea ere.