Haira Aizpuruak irabazi du Euskal Herriko Eskolartekoa

180 lagun bildu ziren Iurretako frontoian,. Hamar bertsolari aritu dira guztira kantuan, lurraldeetako ordezkari. Eki Mateorena izan zen txapeldunorde.

Iurretako frontoian jokatu da 35. Euskal Herriko Eskolartekoa. Bertan aritu dira kantuan hamar bertsolari, lurralde ezberdinetako ordezkari. Arabatik, Maddi Agirre eta Sabin Abarrategi aritu dira; Bizkaitik Haizea Telleria eta Ixone Asategi; Gipuzkoatik, June Aiestaran eta Danel Etxeberria; Lapurditik, Haira Aizpurua eta Ibai Lekuona; eta Nafarroatik, Kattin Madariaga eta Eki Mateorena.

Hasierako agurren ostean, lehen atalean zortziko handian eta zortziko txikian aritu ziren bertsolari guztiak, binaka. Horietatik, sei sailkatu dira bigarren zatira: Danel Etxeberria, Eki Mateorena, Haira Aizpurua, June Aiestaran, Kattin Madariaga eta Maddi Agirre. Puntu bati erantzun eta bakarka gaiari bertso bat kantatu behar izan diote sei horiek. Azkenean, Haira Aizpuruak lortu du 2023ko Euskal Herriko Eskolarteko txapela, bigarrenez.

14 eta 18 urte bitarteko gazteei jendaurrean bertsotan aritzeko plaza eskaintzea eta zaletasuna bultzatzea du helburu Eskolartekoak. Gainera, tokian tokiko ezaugarriak kontuan hartuta, bestelako ekintzak ere egiten dira bat-bateko txapelketaz gain: idatzizko txapelketa edota adin txikiagoentzako lehiarik gabeko topaketak, adibidez.

Maddi Agirrek irabazi du Arabako Eskolarteko txapela

Arabako Eskolarteko Bertsolari Txapelketak 28. edizio izan zen Aramaioko Kultur Etxean, Maddi Agirre izan da berriz ere garaile.

Sei finalista gazteak kantuan: Maddi Agirre, Iraide Onaindia, Sanin Abarrategi, Eukene De los Airea, Gari Arexolaleiba eta Hegoi  Hamabizka. Honako lan hauek egin behar izan zituzten: zortziko handia, zortziko txikia, puntuari erantzuna eta hitza gaitzat hartuta bakarka. Ekainaren 3an Iurretan burutuko den Euskal Herriko Eskolartekoan Maddi Agirrez gain, Sabin Abarrategi aramaioarra ere arituko da Arabako ordezkari gisa. 

Hemen txapeldunaren agurra:

Eskerrik asko Aramaio
guzti honen erruduna
muxu haundi bat Eukene
nire betiko laguna
Sabin, Hegoi, Gari, Iraide
a ze nolako jarduna
familiari, harriak
bihurtzeagatik luma
nahiz ez egon aizparentzat
doa nire maitasuna
zuek juerga on bat bota
alai amaitu eguna (bis)
esku honetan baitago
Arabako etorkizuna

Haizea Telleria da 2023ko Bizkaiko Eskolarteko txapelduna

Bizkaiko idatzizko eta bat-bateko txapelketak jokatu ziren Gernika-Lumon; 200 gaztetik gora elkartu dira.

Bizkaiko eskolarteko bertso idatzien finala eta bat-bateko finala jokatu dira gaur goizean Gernika-Lumoko Astran. Bertsozale Elkarteak eta Ikastolen Elkarteak elkarlanean antolatutako ekimena da eskolartekoa.

Goizeko 10:00etan 200 parte hartzaile batu ziren idatzizko finala jokatzeko. Aurretik ikastetxe eta herrietan egin zituzten aurre kanporaketak. LH5etik batxilergora arte, mailaka jokatzen da idatzizkoa.

Ostean, 11:30ean hasita, bat-bateko finala jokatu zuten zortzi finalistek. Aurten 27 parte hartzaile egon ziren bat-bateko txapelketan eta hiru kanporaketa jokatu dira. Horietatik zortzi heldu ziren finalera:

  • Aiala Irurtia Montero
  • Enara Gallastegi  Barrenetxea
  • Haizea Telleria Urkijo
  • Ixone Asategi Narbaiza
  • June Diaz Franco
  • Kelmene Abaitua Isazelaia
  • Maialen Lago Iturriaga
  • Naroa Jaio Jaio

Zortziko handian eta txikian ofiziotan egin zuten gazteek eta, ostean, bakarka gaiari erantzun. Ariketa horiek egin ostean, Ixone Asategi eta Haizea Telleria izan ziren puntu gehien batu zituzten bi bertsolariak eta beraz, buruz-burukora sailkatu direnak. Puntuari erantzun eta gai bati bertso bana bota behar izan dute atal honetan.

Buruz burukoa jokatu ostean, Haizea Telleriak batu zituen puntu gehien eta 2023ko Bizkaiko eskolarteko txapela lortu du.

Sari banaketa
Eguerdian sari banaketa ekitaldia egin zen Astran bertan. Ekitaldian hurrengoek parte hartu dute:
Idatzizko sariketako saridunak:

LH 5
1. Saria: Lur Koto. Urretxindorra Ikastola
2. Saria: Iraide Artolozaga. Ander Deuna Ikastola
3. Saria: Unai Urrutia. Urkitza eskola

LH 6
1. Saria: Leire De La O. San Jose Jesuitak
2. Saria: Arai Elias. Azkue Ikastola
3. Saria: Laida Martinez. Andra Mari Ikastola

DBH1
1. Saria: Aiala Bilbao. Lauaxeta Ikastola
2. Saria: Haizea Rotaetxe. Markina BHI
3. Saria: Amaiur Betanzos. Urretxindorra Ikastola

DBH2
1. Saria: Iradi Barrenetxea. Arratia BHI
2. Saria: Jon Gaztelurrutia. Txintxirri Ikastola
3. Saria: Markel Elosegi. Txorierri BHI

DBH3-DBH4-Batxilergoa
1. Saria: Garoa Oleaga. Gernika BHI
2. Saria: Jasone Gabiria. J.B. Eguzkitza Meabe
3. Saria: Naia Martin. Zalla BHI

June Aiestaran txapeldun Gipuzkoako Eskolartekoan

Lasturren jokatu zen aurtengo Eskolarteko Txapelketako finala, eta saio ederraz gozatzeko aukera izan zuten bertaratu ziren 90 lagunek. Kantuan June Aiestaran, Izar Zelarain, Amets Aizpurua, Jon Mendiluze, Beñat Zeberio eta Danel Etxeberria aritu ziren Ane Ezenarro gai jartzailearen esanetara. June Aiestaran izan zen txapelduna, bigarren sailkatua, berriz, Danel Etxeberria. Bi hauek izango dute, beraz, Euskal Herriko Eskolartekoan kantatzeko aukera.

Kattin Madariagak jantzi du txapela Nafarroan

Iruñeko LABAn jokatu zen 37. Nafarroako Eskolarteko Bertsolari Txapelketa. Sei bertsolarik hartu zuten parte txapelketan, ondorengoek: Beñat Mendiola Ruiz de Galarreta (Iruñea), Eki Mateorena Zozaia (Leitza), Garikoitz Agirre Soto (Zugarramurdi), Kattin Madariaga Apaolaza (Arantza), Loitzate Goñi Elortza (Bera) eta Manex Leone Baraibar (Iruñea).

Lau oinak emanda, azken puntua emanda, hitz bana emanda eta gai orokorra emanda bertso bana kantatu ostean, bi bertsolari pasa ziren bigarren fasera: Eki Mateorena eta Kattin Madariaga. Bigarren fase honetan, zortziko txikian ofizioan aritu ziren bi bertsolariak. 

Bertsolari arantzarrak Saioa Alkaiza Nafarroako Txapeldunaren eskutik jaso zuen txapela. Beste sari bat ere izan da Nafarroako Eskolarteko Txapelketan, "Oinak buruan" saria. Kasu honetan, Manex Leonek irabazi du sari hori.

Haira Aizpurua Ibargaraik XILABAko irabazle

Itsasuko Sanoki gela bertsozalez bete zen Haira Aizpurua Ibargarai izan da berriz ere garaile. Giro bikainean aritu dira gazteak bertsotan, Xalbat Alzugaray gai emaile zutela.

Iñaki Iturriotz

2023, Ekaina 21
Arloa: Bertsoleku