Etorkizuneko bertsolariak

Otsailaren 10etik 12rako asteburua berezia izan zen. Baratze aterpetxean batu ziren bizkaiko bertso eskola eta bat-bateko bertso taldeetako gazteak, 75 guztira. Kopurua esanguratsua izan bazen ere, nabarmentzekoa izan zen parte hartzaileen artean sortu zen konexioa eta giro ona.

Ostiral arratsaldez hurbildu ziren gazteak barnetegiaren ingurura. Motxilak, lo zakuak, mantak, mendiko zapatilak, neguko jaka… hartuta etorri ziren errepide estuan behera. Askorentzat lehen aldia izan zen, beste batzuk ordea ondo ezagutzen zituzten lagunak. Beraietako batzuk txapelketetan entzunda, beste barnetegietan parte hartu izan dutelako, BBk sariketan elkarrekin abestea egokitu zitzaielako… Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen urteko gaztetxoak ere asko etorri dira, bat-bateko bertso taldean lehen ikasturtea, aisialdia eta bertsolaritza lotzeko gogoz.

Ezagutza jolasak egin ziren otsaileko ostiral iluntzez berotan sartzeko. Limoia, laranja, meloia… fruta desberdinak entzun ondoren ezkerreko eta eskumakoaren izenak ahalik eta arinen esatea egokitu zen… norberak bere izenarekin errima esatea ere tokatu zen jolasaren une batean, baita besteek esanikoak gogoratzea ere. Eta gero nola ez, talde aurkezpena bertso, doinu ezagun edo hitz errimatu bidez egiteko erronka onartu zuten.

Logelak banatu eta afariaren ondoren, aurkeztu ziren zortzi taldeak beste Kideen aurrean. Performancea, antzerkia, bertsoak, doinuak, dantza… denetik uztartu zen Baratzeko jantokian. Gaueko ekintza, mihiluze telebista jokoaren antzeko frogak egitea izan zen. Ahozkotasuna ardatz, potokumeak, definizioak, keinuak… praktikak jarri zituzten eta azkenean umore eta kideen arteko barreei sari banaketak hartu zien lekukoa.

Larunbaterako egitarau oparoa prestatuta zegoen. Goizeko lehen orduan,  logurak eta nekeak nabariak ziren gaztetxoen aurpegian. Batzuk ez zutelako lorik egin nahi eta beste batzuk ez zutelako lo egitea lortu… gosariaren gainean ia lo hartu zuen parte hartzailerik ere egon zen.

Gauean hotz egin arren, hamarrak ingururako hasi ziren lehen eguzki printzak ateratzen eta oinez ibilalditxo bat egiteko probestu zuten bertsolari gaztetxoek. Ereñoko plazara joan ziren muruetaganetik zehar eta plazako iturrian lehen ur tragoa edan ondoren, kanteretako bideari ekin zioten, kultura eta ezagutzari leku emanez.

Ereñoko plazara jeitsi zirenerako prest zeuden mikroak eta megafonia aparatua. Bertsolari gazteenek aurrez prestaturik eta nagusienek inprobisaturik jardun zuten eguerdiko epeltasunean eta bertsolaritza saioari musikak eta taldean abesteak hartu zien lekukoa. Bazkaltzeko Berriro aterpetxera jeitsi ziren eta eguerdi ostean, ia deskantsurako astirik gabe arratsaldeko protagonista nagusiak izango ziren kideak agertu ziren: Gatom rap abeslaria eta Etxahun Lekue eta Koldo Gezuraga bertsolariak.

Gazteenek rap mugimenduaren historia eta gaur eguneko erritmoen berri jaso zuten. Alde teorikoaren ondoren, lan praktikoa egiteko aukera izan zuten. Bikoteka ideiak adostu eta esaldi errimatuak erritmoarekin abestu eta grabatu zituzten, benetako rap baten sorkuntzan parte hartuz eta emaitza kantu bat egitea izan zen. Nagusienek ostera, eguneroko bertsogintzan, bai lagunen arteko saioetan zein txapelketari begira landu daitezkeen aspektu desberdinak zeintzuk diren aztertu zuten Etxahun Lekue eta Koldo Gezuraga bertsolariekin. Arratsaldea oso emankorra izan zen Baratzen.

Azken afaria ere berezia izan zen. Urtero egiten den moduan, bertsolari biek girotu zuten afalostea. Bertsolarien aurkezpenaren ondoren, gazte ikasleek jarritako gaiei eta jolasei erantzun zieten Lekuek eta Gezuragak. Nor da nor? jolasa? Belarrira hitzak esatea, arabako herri gehien nork esan bertso bakarrean… dotore joan zen bertso afaria eta gaubela amaitzeko dantzaldia egin zen, dantza sueltoan, egungo kantuak eta garai batekoak, guazen telesailean entzuten diren kantak… askotariko aireak eta doinuak.

Igande goiza uste baino lehenago iritsi zen. Gosaldu, maleta prestatu eta Dena batu ondoren gurasoak noiz etorri zai geratu ziren. Bai.. udaberrian egongo gara, badaukat zure mugikor zenbakia lasai.. deituko zaitut… udako bertso barnegira bai ezta? era honetako elkarrizketekin amaitu zen aurtengo neguko bertso barnetegia, kantuz, bertsoz eta talde handi baten babesaren epeltasunaz girotua.

 

Asteburuko argazkiak: https://www.bertsozale.eus/eu/bizkaia/irudiak/2023/neguko-bertso-barnetegia-2023/

Asteburuko bideoa: https://www.youtube.com/watch?v=Bjh8_UAhS6o

Iñaki Iturriotz

2023, Otsaila 17
Arloa: Bertsoleku