Eguraldia ezin asmatu

Ehunka webgune eta aplikazio topatuko dituzu sarean eguraldia iragartzeko . Eguraldi iragarleek bezala, teknologia berriek ere ez dute eguraldiarekin asmatzea guztiz lortzen. Ez da guztiz egia, egia esan, iragarpen modeloek ez dute hain gaizki egiten, baina eguraldia sistema kaotiko bat da eta beraz, beti izango dira akatsak.

Epe laburrerako iragarpenak txukunak izan badaitezke ere, epe luzera huts egiten dute maiz. Eta informazio eta tresna asko izanda ere, ezin da 14 egun baino gehiagorako iragarpenik egin. Sistema kaotikoek hiru ezaugarri betetzen dituzte: linealtasunik eza, hasierako egoeran oso aldaketa txikiak gertatzen direnean duten sentikortasun izugarria, eta sistemaren portaera aurreikusteko zailtasuna prozesatu edo kalkulatu arte. Aldaketa txiki batek, erabateko aldaketa suposa dezake beraz.

Gakoetako bat datuetan dago, estazio meteorologikoak, sateliteak eta gainerako teknologiak ditugu: hezetasuna, haizea, tenperatura, presioa, prezipitazioa eta beste aldagai batzuk neurtzeko. Hegazkinek ere informazio baliagarria ematen dute, bereziki haizeari dagokionean. Egia da halere, aldaketa klimatikoa eta beste faktore batzuen ondorioz, patroi hauek oso aldakorrak izaten ari direla azken aldian.

Teknologiak gaur egun, mugikorretarako aplikazio eta zerbitzu ugari eskaintzen dizkigu iragarpen meteorologikoak azkarrago eta zehatzago egiteko. Hona hemen interesgarrienetako batzuk, denek epe labur eta luzeko iragarpen meteorologikoak eskaintzen dituzte, baita eguraldiaren bilakaera denbora errealean erakusten duten alerta meteorologikoak eta mapa interaktiboak ere.

Gurean Euskalmet (https://www.euskalmet.euskadi.eus/) dugu. Euskalmet Eusko Jaurlaritzako Administrazioaren iragarpen meteorologikoen zerbitzua da. Euskalmetek meteorologiari eta klimari buruzko informazioa ematen die erabiltzaileei, hala nola agintariei, enpresei eta, oro har, herritarrei, bere web orriaren eta bere sare sozialen bidez. Gainera, Euskalmetek ikerketa- eta prestakuntza-jarduerak ere egiten ditu meteorologiaren eta klimaren arloan.

Niri gehien interesatu zaizkidanak Weather Underground (https://www.wunderground.com/) eta Windy (https://windy.com) dira. Weather Underground jendeak osatutako estazio meteorologiko sare propio bat dauka, iragarpen osatuago bat emateko gaitasuna ematen diona. Gainera eta kuriositatez bakarrik, The Weather Underground gerren, inperialismoaren eta arrazakeriaren aurkako ekintzaile taldearen izen bera du proiektuak.

Aldiz, Windy instalatuz gero, mapa batean haizea, euria, tenperatura, olatuak... agertzen direla ikusiko duzu. Azpian, erabilitako modeloa ere aipatzen du ECMWF erabiltzen du lehenetsi bezala, baina GFS, MBLBUE, ICON-EU eta AROME aukera ditzakezu eta alderatu. Denak ezberdinak, fidagarritasun maila ezberdinekin. Zure erabakia beraz hauen artean alderaketa egin eta egokiena aukeratzea.

 

Gorka Julio

2022, Abendua 30
Arloa: Sarean