Irantzu Idoate Euskal Herriko eskolarteko txapeldun

Zazpi herrialdeetako hamabi bertsolari aritu dira kantuan eta Maddi Agirre gasteiztarra gelditu da bigarren Iurretan jokatu den 34. Eskolarteko Bertsolari Txapelketako finalean. Irantzu Idoateri Unai Iturriaga bertsolari durangarrak jantzi zion txapela.

Berrogei graduko tenperaturarekin igo ziren oholtza gainera bertsolari gazteak.  Finalean, honako hamabi bertsolari gazte hauek aritu ziren kantuan: Aetz Etxart, Beñat Astiz, Daia Harluxet, Danel Herrarte, Eki Mateorena, Haira Aizpurua, Irantzu Idoate, Izaro Bilbao, Jon Mendiluze, June Aiestaran, June Diaz eta Maddi Agirre. Bigarren fasera, Haira Aizpurua, Irantzu Idoate, Jon Mendiluze, June Aiestaran, June Diaz eta Maddi Agirre sailkatu ziren eta azkenean buruz burukoan abestu ondoren Irantzu Idoate 16 urteko hazparnetarrak lortu zuen txapela janztea.

Irantzu Idoate txapeldunaren agurra:

Gaur frogatu da zazpi xokoak

bat eta bera direla

gaur bai duela Euskal Herriak

soinean jarri txapela

kantuz entzun da bihotz mindua,

buru hotz, begi umela

oraindik segi beharko dugu

gaur arte egin bezela

gure oihuek bertso doinutan

lekua har dezatela.

Peru Abarrategik Arabako Bertsolari txapeldun

Gasteizen jokatu zen finalean, Manex Agirrerekin buruz-burukoa jokatuta irabazi zuen bertsolari gazteak bere lehen txapela. Serapio Lopez bertsolariak jantzi zion txapela

 Iñaki Viñaspre, Oihane Perea, Manex Agirre, Xabi Igoa, Peru Abarrategi eta Paula Amilburu aritu ziren kantari, 500 bertsozaleren aurrean.  
Hiru ofizio egin zituzten, zortziko handian, hamarreko txikian eta sei puntukoan; eta bakarka, puntu erantzunak eta gaia emanda.
Lan horien ondoren, buruz-buruko fasea etorri zen. Azken txanpan, Iparragirre abila dela doinuan egin dute ofiziotan eta kartzela ondoren. Horrela geratu zen azken sailkapena:

Peru Abarrategi Sarrionandia 608 puntu .
Manex Agirre Arriolabengoa, 602,5 puntu.
Oihane Perea Perez de Mendiola  413,5 puntu.
Iñaki Viñaspre Simon, 410,5 puntu.
Xabi Igoa Eriz, 402 puntu.
Paula Amilburu Izargarai: 384 puntu.

Txapeldun beriraren agurra
Eskakizun txikitxo bat
aterako dut plazara
Nahiz Aramaio ta Oion
ez den berdin beharbada
probiltzi txiki honek du
bere berea euskara
Batzuek ahaztu arren
gu ere euskaldun gara
beraz konplexu guztiak
doazela pikutara
ama berdinak erditu
baditu zazpi alaba
merezi duen moduan
zaindu zazue Araba

Askotariko Sariketak

Haira Aizpuruarentzat Berritxu saria

Haira Aizpurua Ibargarai Sarako bertsolariak irabazi zuen ostiralean Berritxu Saria. Zortzi bertsolari gaztek hartu zuten parte Berriatuko Bideo-gelan: Maddi Agirre, June Aiestaran, Haira Aizpurua Ibargarai, Beñat Astiz, Irune Basagoiti, Izaro Bilbao, June Diaz eta Araitz Katarain. Urteroko sariketa da eta saio bakarrera jokatzen da, Berriatuko Udalak antolatuta.

Janire Arrizabalagak Durangaldeko kopla Txapelketako irabazle

Janire Arrizabalagak irabazi zuen VII. Durangaldeko Kopla Txapelketa, gernikarra dugu beraz aurten txapalata jantzi duena. Abadiñoko Mendiola auzoan jokatu zen finala zapatuan, afalondoan. Kantuan aritu zirenak: Eneko Abasolo Abarkas, Ander Aldazabal, Iruri Altzerreka, Janire Arrizabalaga, Aitor Bizkarra, Ander Elorriaga, Erika Lagoma, Araitz Katarin, Peru Madalena eta Bittor Salterain.

Ane Zuazubiskar onena Argi Baltza sariketan

Ane Zuazubiskar Arrasateko bertsolariak irabazi zuen Jon Lopategiren omenezko II. Argi Baltza sariketa. Onintza Enbeitak jantzi zion irabazleari txapela. Zuazubiskar eta Euzkitzerekin batean, Ibai Amillategi, Sarai Robles, Aitor Etxebarriazarraga eta Mikel Retolaza aritu ziren kantuan, Urretxindorra eskolan.
 

 

Iñaki Iturriotz

2022, Ekaina 29
Arloa: Bertsoleku