Badator Bizkaiko Taldekako Bertsolari Txapelketa
Badator Bizkaiko taldekako bertsolari txapelketa Bizkaia mailan egiten den taldekako txapelketaren hirugarren ediziorako izen-ematea zabalik dago.
Izenak dioen moduan, bertsolariak taldean lehiatuko dira jai giro informalean. Horren helburua bertso eskolen eta eskualdeen arteko elkargune bat sortzea da; 2017an egin zen lehen aldiz, eta 2019an egin zen bigarren edizioa. Bizkaiko Taldekako Bertsolari Txapelketan sei parte hartzailek, edo gehiagok, osatutako taldeak izango dira: hiru bertsolari, epaile bat, gai-jartzaile bat eta laguntzaile bat. Hiru talderen artean jokatuko dira saioak, eta batek egingo du aurrera, hurrengo fasea jokatzeko. Guztira 23 taldek hartuko dute parte txapelketan, 200 bat bertsolarik orotara. Eta horien artean profil ezberdinekoak izango dira: gazteak, beteranoak, aspaldi bertsotik aparte ibili direnak, hasiberriak, Bizkaiko txapeldunak, txapelketetan parte hartu dutenak eta baita sekula parte hartu ez dutenak ere.
Taldekakoaren bitartez oinarrian eragin gura da, hau da, bertso eskolak eta eskualdeak indartu nahi dira. Horretarako, gune ludiko bat eskaini gura du Elkarteak. Taldekakoa giro informalean eta jai-giroan gauzatzea da helburua. Helburua jai handi bat egitea da, eskolarteko finala lehenengo, eta hainbat saio labur ostean. Hirugarren edizio honetan kanporaketa fase bakarra egongo da, eta saioetako talde irabazleek finalaren egunean ikusiko dute elkar, maiatzaren 28an.
Finalaren egunean, beraz, 8 talde batuko dira, eta egunean bertan irabazi beharko dute hiru taldek azken finalean parte hartzeko txartela. Finalaren egunean hiru finalaurreko eta finala jokatuko dira. Finalaurreko bakoitzean hiru taldeek saio bakarra jokatu dute, eta irabazlea sailkatuko da finalera.
Honako hauek dira talde parte hartzaileak: Akerbeltzen Antxumak (Markina-Xemein), Azkena eta etxera (Busturialdea), Basordako Piratak (Uribe Kosta), Beethovenen Belarriak (Busturialdea), Estropezu (Arrigorriaga), Ez Dakit Ba! (Busturialdea), Far Westeko Bertsolariak (Enkarterri-Ezkerraldea), Gerri Maltxurrak (Uribe Kosta), Itallen (Larrabetzu), Kantakunek (Busturialdea), Koipelustriek (Durangaldea), Kristiñanak (Durangaldea), Laukijjek (Durangaldea), Leioatik Leioara (Leioa), Poto Baptist School (Lekeitio), Potojorri (Bilbo), Santutxuko Bertso Eskola (Santutxu), TAKE IT Easy! (Mungia), TAKETa Lez (Mungia), Topera (Arratia), Tosu Bizirik (Uribe Kosta), Urruxarrak (Iurreta) eta Zornotzako Bertso Oskola (Zornotza).
Lehen kanporaketa martxoaren 25ean jokatuko dute Itallen, Urruxarrak eta Far Westeko Bertsolariak taldeek, Barakaldon, eta ondoren beste zazpi saio jokatuko dira maiatzaren 15era bitartean. Finala, berriz, maiatzaren 28an jokatuko da, Bizkaiko eskolarteko finalarekin batera.
NEGUKO BERTSO BARNETEGIA
Larrabetzun martxoaren 18tik 20ra izango da aurtengo neguko bertso barnetegia Baratze baserri eskolan batuko dira aurten DBH1etik Batxilergoko bigarren mailara arteko Bizkaiko bertsolari gazteak. Helburu nagusiak bertsoarekin gozatzeko aukera izateaz gain, Bizkaiko bertso eskoletan dabiltzan gazteek elkar ezagutzea eta beraien arteko harreman sarea sendotzea izango dira aurten ere. Martxoaren 18tik 20ra bitartean izango da barnetegia, barikutik domekara. Barikuan 17:30ean hasiko da egonaldia, eta domekan, 12:00etan amaituko da. Aforoa mugatua izango da eta parte hartzaileen zerrenda osatzeko izen-ematearen ordena, eskualdeen arteko oreka eta generoa hartuko dira kontuan.
Barnetegira eraman beharrekoak: • Osakidetzaren txartela • Lo zakua • Oinetako erosoak mendirako • Kirolerako arropa • Etxeko zapatilak • Musukoak Covid protokoloa: Partaide kopurua murriztuko da eta talde burbuiletan antolatuko dira gazteak otorduetarako eta lotarako,. Gainontzeko ekintzak legeek zehazten dutenaren arabera egingo ditugu. Aterpetxe barruan, higienea eta aireztapena zainduko dira eta musukoaren erabilera derrigorrezkoa izango da.