“Umetan bertso berri bat sortzerakoan sentitzen nuen poz horrekin konektatu nahi nuen berriro”

Nerea Ibarzabal Salegi, Bizkaiko Bertsolari txapelduna da joan zen larunbataz geroztik. Moises Enbeita eta Joseba Etxebarriaren eskutik jantzi zuen txapela Miribillan eta online bada ere, izan dugu tarte bat Nerearekin hitz egiteko. Gazte eta ume garaiko oroitzapenez hitz egin digu eta baita etorkizunerako erronkak eta asmoak, bertsogintzarenak eta bereak.

Zerk eraman zintuen gazte edo ume garaian bertsotan hastera? Txikitatik gustatu izan zait hizkuntzarekin zerikusia duen guztia: ipuinak, hitz-jokoak, txisteak, bertsoak, poesia… Bertsotan ikasteko eskolak edo guneak bazirela jakin nuenean, segituan egin nion lekua nire agendan. Juanjo Respaldiza etortzen zen gure ikastolara, eta nire gelako hiruzpalau hasi ginen berarengana joaten.

Nola laburbiduko zenuke klasetik bertso txapelketa irabazterainoko bidea? Dibertigarria eta aberasgarria izan da. Bertsoak geroz eta leku gehiago hartu zuen nire bizitzan, beste bertso eskoletako ikasleak pixkanaka nire bizitzako lagunik onenak bilakatu ziren, eta hainbat esperientzia elkarbanatu ditugu, plazan eta plazaz kanpo. Bertsoari eskaini dizkiodan ordu guztiak neure izaeraren, neure bizitzaren garapenari eskainitako orduak izan dira azkenean, neuk jakin barik.

Eskolartekoa, eskualdekoa, Bizkaiko txapela irabazteko aurten al zen unea? Ez nuen sentitzen aurten bai ala bai irabazteko presiorik. Urte honen hasieran esan izan balidate, ez nukeen sinetsi ere egingo. Baina horrela suertatu da, eta bizipoz handia ematen dute halako aitortzek, are gehiago kultur emanaldientzako hain grisak diren urte hauetan.

Txapela lortu eta geroko elkarrizketetan esan duzu lanketa asko egin duzula. Ohoratu, ondoratu, oratu, loratu.. agurrean ere ikusi da zer nolako errima lotua... ezta? Lanketa, errimetan baino gehiago, nire ikuskeraren bilaketan egin dudala uste dut, edo motibazioan. Hor egoteko gogoa sentitu nahi nuen, ez apatia, ez nagia… pandemiaz geroztik apur bat horrela nenbilelako. Umetan bertso berri bat sortzerakoan sentitzen nuen poz horrekin konektatu nahi nuen berriro, eta horretarako pizten ninduten bertsokerak entzuten eta bilatzen ibili naiz. Baina faktore askok erabakitzen dute final bat, aurreko lan horrek guztiak beti ez dizu dena ziurtatzen, egunak berak eta gorputzaldiak ere lagundu behar dizute.

Hiztegi errimatuaren aurrean zer egiten du Nereak? Nola egiten da hitzen eta oinen aukeraketa? Saiatzen naiz nire gustuko errimak bilatzen, nire istorioei lagunduko dietenak. Horiek denak ondo apuntatzen eta zerrendatzen ditut, nahiz eta gero sarritan ez zaizkidan etortzen gehien behar ditudanean, edo etortzen direnean ez ditudan behar. Gustatzen zait intuizioari eta bat-bateko hoskidetasunari ere ate bat zabalik uztea, zerrendetan ez dauden errimak gutxien esperotakoan iristen direlako. Inspirazio momentu horiek ederrak izaten dira.

Zein da prozesua... esan nahi duzun horretarako hitzak aukeratzen joan ala hitzak aukeratu eta ahal dena esan? Elkar elikatzen duten bi bide dira. Egun oso argietan nik kontrolatzen dut bertsoa, eta tarte handiagoa daukat errimak hobeto aukeratzeko, zehatzagoa izateko. Egun ilunagoetan, errima horien atzean babestu beharra iristen da, eta haiek menderatzen zaituzte zu.

Sormena eta pandemia... erraza izan al da bi hitzak lotzea? Niretzat ez. Bertsolariok ahal zen moduan egokitu gara plazen bat-bateko eboluzio eta galerara. Entzuleak elkarrengandik bananduta, musukoekin… halako giro “hotzetan” lan bikoitza egin behar da emaitza bera lortzeko. Aldi berean, egitea lortu den saio bakoitza gogoangarriago bilakatu da. Baina bertsolaritzak galdu dituen espazio libre guztiak berreskuratzeko ahalegin handia egin beharko dela iruditzen zait: jai giroko otoduak, gaztetxeetakoak, elkarte txikiek antolatutakoak, poteoak… Bestela bertsolaritza instituzionalago eta itxiago bat geratuko zaigu.

Zelan aurreikusten duzu 2022 a? Desioren bat badaukazu? Ba, labur erantzuteko, osasuna eskatuko nuke. Bertsogintzarena, euskararena, jendartearena… Galdera handiei, erantzun handiak!

 

Iñaki Iturriotz

2021, Abendua 24
Arloa: Berba Bi