Janire Arrizabalaga, Bizkaiko eskoarteko txapelduna
Beste bertsolariengandik norbere gogoetetatik baino gehiago ikasi daiteke sarri
Janire Arrizabalaga Munduate Bizkaiko eskolarteko irabazlearekin hitz egiteko aukera izan dugu. Txapela jantzi berritan pozik dago Janire, amaierako oroitzapen on bat lortzea zuelako helburu eskolarteko bere azken sariketan. Pandemia garaia eta aurrerantzean ikasketetan hartuko duen bidea izan dugu hizpide, baita uda zein uda ostean jokatuko den Euskal Herriko eskolarteko finalerako dituen asmoak ere.
1- Eskolarteko sariketa irabazi dozu eta pandemia garaian. Zelan bizi izan dozu aurtengo txapelketa? Beste edozein emanalditan bezala, Covid-19aren aurkako neurriek giroa dezente hoztu dutela nabaritu dut duela bi urte abestu nuen Abadiñoko finalarekin alderatuz. Hala ere, eskertzekoa izan da arlo horretan Bertsozale elkartearen lana, errazena bertan behera uztea izango bazen ere, gazteontzako horren garrantzitsua den plaza bat aurrera atera baitu. Azken finean, Bizkaiko gazteok dauzkagun plaza bakarrenetakoak dira BBK zein eskolartekoa bera eta hauek gabe ezingo baikinen plazaratu. Bestalde, pandemiaz gain ere, nire eskolarteko azken urtea izateak, txapelketa beste era batera bizitzera eraman nau; irabaztearen ordez, amaierako oroitzapen on bat sortzea lehenetsiz. Horregatik, txapela eraman ez banu ere, izugarrizko balorea emango niokeen azken final honi.
2- Zelan prestatzen da txapelketa pandemia baten erdian? Aurreko urteko txapelketa prestatzeko internet bidezko bertso eskolara jo bagenuen ere, aurten zorionez, saio guztiak aurrez-aurre egiteko aukera izan dut, nire adin inguruko gazte gutxi batzuk Gernikako kultur etxean batzen ginelarik. Izan ere, bideo deien bidez oso zaila egiten zitzaidan bertsotan egitea, arrazoiren batengatik, kontzentratzeko ahalegin bikoitza egin behar bainuen eta horregatik, izugarri eskertzen ditut, kultur etxean edo finalaren aurretiko egunetan Astran egindako saioak, beraiei esker eman ahal izan bainuen maila finalean. Noski, txapelketak etxean gogoeta egitea zein doinuak prestatzea ere eskatzen du, baina hala eta guztiz ere, esan bezala gehien lagundu didana beste batzuekin elkartu eta bertsotan egitea izan da, beste bertsolariengandik norbere gogoetetatik baino gehiago ikasi baitaiteke sarri.
3- Askoren ahotan entzun dogu zure izena txapela janzteko. Zelan eroan dozu presino hori? Aurten sentitu dudan presio bakarra nik nire buruari finalean sartzeko jarri diodana da eta behin bertara sartuta, nire lana burutu nuela iruditu zitzaidanez, gozatzera besterik ez nintzen joan Igorrera. Hala ere, onartu beharra daukat lasaitasun honek zerikusia izan duela aurreko urtean eskolartean izan nuen erorikoarekin, batzuek nik irabaztea espero zuten ustean, nire burua larregi estutu eta ez bainintzen kanporaketako bigarren fasera ere igaro. Baina tira, esaldiak dion legez, eroriz ikasten da oinez eta nik, eroriko handi bat hartu behar izan nuen, hankak lurrean jarri eta nire eskolarteko azken urteaz inoiz ez bezala gozatzeko. Benetan, izugarri eskertzen dut, aurreko urtekoa aurten ez igarotzea, sarritan, etapa bat ongi amaitzeak beste bat ongi hasten laguntzen baitu.
4- Komunikazioagaz lotutako ikasketak egiteko asmoa daukazu. Bertsoak zenbat du komunikaziotik? Galdera bertsoak zenbat daukan komunikaziotik izan beharrean, zer ez daukan izan beharko zen, azken finean bertsoa hori baita; komunikatzea. Oholtzan dagoenean ikusleari mezu zein sentipenak trasmititzea da bertsolariaren lana; berdin bere hitz, keinu zein kantatzeko erarekin. Horregatik, komunikazioa ikasterako orduan bertsoak erakutsi didana baliatuko dudan bezala, ongi dakit unibertsitateak irakatsiko didatenak bertsotarako balioko didala eta biak uztar ditzakedala pentsatzen dudan bakoitzean argi geratzen zait, karrera ongi hautatu dudala.
5- Euskal Herriko finala dator uda ostean. Zer eratako lanketa egingo dozu? Lanketaren parte ere bada atseden hartzea eta Bizkaiko eskolartekorako horrenbeste ordu sartu ostean, udan atseden hartzeko esperantza daukat. Noski ez diodala bertsotan egiteari utziko, baina lasaiago hartuko dut. Gainera, bertso barnetegietara joateko esperantza daukat eta bertan ere beste era batera izanagatik, urrian baliagarriak gertatuko zaizkidan gauzak ikasiko ditudala iruditzen zait. Hori bai, data hurbiltzen doan heinean, nire burua ongi ezagututa badakit buru belarri hasiko naizela lanketan, baina saioko presioa nabaritu arte behintzat oporraldi on batetaz gozatu nahiko nuke, selektibitatearen ostean, merezi dudala uste dut eta.
6- Ze eratako saioak antolatuko dira uda honetan? Ez dago jakiterik, baina gutxienez espero dut aurreko udan baino gehiago izatea, bertsoaz gozatzeko aukera gutxi izan baikenituen. Badakit bertso bazkari, poteo eta era horretako ekitaldiak ez direla horren errez itzuliko, baina jaietan beti egin izan diren bertso saioak itzuliz gero konformatuko nintzateke. Busturialdean esaterako, Lilibertsokook baditugu Argi Baltza sariketako finala eta beste horrenbeste ekimen prestatzeko esperantza eta beraz, saioren batez gozatu nahiko lukeen edonori, gure sareak bisitatzeko gomendatuko nioke.
7- Lilibertso taldeko kidea zara. Zer da lilibertso? (azaldu apur bat) Errazena bertso eskola bat dela esatea izango litzatekeen arren, Lilibertso horretaz harago dagoela esango nuke, nahiz eta sartu den kiderik berrienetako bat izan, hasieratik sentitu izan baitut guztien artean dagoen laguntasun zein talde sentipena. Horrez gain, onartu beharra dago Busturialdean bertsoa sustatzeko egiten duten lana, beraiengatik izan ez balitz ni bezalako gazteok ez baikenuke bertsotan egingo eta hori benetan miresgarria da, futbola edo antzeko ohitura globalizatuez harago ezer ikusten ez duen gizarte batean, bertsoa bezalako gauza txiki bati lekua egiteko gai izan baitira.
8- Etorkizunean bertsoari lotuta egongo zara? Zaila izaten da etorkizunean zer izango garen asmatzen, baina une honetan behintzat, izugarri gustatuko litzaidake aurrerago ere bertsoaren orbitan jarraitzea, azaldu ezin dezakedan modu batean bertsoa nire bizitzaren atal garrantzitsua bilakatu baita. Ez zait axola bertsolari handi horietako bat bilakatzen ez banaiz ere, azken finean, ongi baino hobeto baitakit gutxi batzuek soilik dutela horretarako zortea (zorte esan badiezaiokegu). Hala ere, nik nahikoa daukat bertsozale etiketarekin eta noizean behin plazaren baterako deitzen banaute are hobeto. Izan ere, seigarren mailan hasi nintzenetik eskaini zidan bertsoak behar nuen guztia: gure hizkuntzaz gozatzeko eta harro sentitzeko aukera. Horregatik, sekula bertsolari handi bihurtzen ez banaiz ere, ez zitzaidan irudituko kale egin dudanik, esan bezala, bertso bat entzun edo abesten dudan bakoitzean, nire helburua bete dela sentitzen baitut.