artikulua

Antoni Olivek idatzitako Qui vol el panglós? (Zeinek behar du panglos-a?) idatzi zuen. 1992an eleberri txiki kategorian, zientzia fikzio UPC saria irabazi zuen eta bilduma batean publikatu zuten. 2015. urtean eleberri aparteko bezala publikatu zen berriz. Urteak pasa arren, bertan planteatzen dituen erronkek egunerokotasun handia dute, eta gertuago senti ditzakegu orain.

Eleberrian, panglos izeneko itzulpen automatikorako gailu bat aurkezten du. Gailu horrek, hitz egindako hizkuntza hartu eta automatikoki eta berehalakoan itzultzen du ahots tonu propioa erabiliz. Emititzen den ahots originala ezkutatzen du, bi ahots ez emititzeko. Hartzaileak nahi duen hizkuntzan jaso dezake. Itzulpena kalitate onekoa da ñabardurekin, baina munduko 42 hizkuntzetan bakarrik da posible oraindik. Azken finean horiek dira, itzulpen automatiko sistemak garatu dituztenak eleberria igarotzen den garairako.

Aitzakia hori baliatuz, oso egunerokoak senti ditzakegun eztabaidak eta dudak plazaratzen dira: teknologiaren aldaketa batek zein aldaketa ekar ditzazke hizkuntzen alorrean eta jendartean oro har? Hizkuntza frankoek zentzua lukete? Zein eragin du kultur komunitate edo herrien izaeran? Eta beste komunitateek erabiliko balute? Zein eragin luke hizkuntza gutxitu baten hizkuntza politikan? Eta normalizazioan? Erabili, ez erabili? Hizkuntza teknologiak asko aurreratu dira azken urteetan itzulpen, ulermen, ahots prozesamendu eta baita sintesian ere.

Oraindik erabilpen orokorretik urrun badaude ere, badira bide honetan laguntzen duten zenbait gailu jada. Kalitate oneko itzulpen entzungailuek honako ezaugarri hauek izan beharko lituzkete:

  • Zarata ondo iragazi behar dute.
  • Giza ahotsa detektatzeko gaitasun berezia izan behar dute.
  • Hizkuntza ezberdinak erazagutzeko aukera.
  • Hizkuntzaren prozesamendu txukuna egitea.
  • Berehalako itzulpenak egiteko gaitasuna.
Tresna guztiek ez dituzte denak beteko eta beste parametro batzuk ere kontutan hartu behar dira, entzungailuen kalitatea, erabilitako protokoloak, aplikazioak, bateriaren iraupena... Hiru tresna bakarrik aipatuko ditugu hemen, baina hurrengo urteetan gehiago agertuko dira eta hobeak:
 
WT2 Plus AI Real-time
Abiadua eta kalitate altuko itzulpena eskaintzen duten entzungailuak dira. Denbora errealeko itzulpena eskaintzen dute, elkarrizketa jario ona lortzeko. Ez duzu botoirik sakatu behar erabiltzeko, automatikoki jartzen da martxan; bereziki interesgarria itzulpenik beharko duzun ez dakizunean. Internetera konektatu gabe ere funtzionatzen dute eta beste askok baino bateria iraupen luzeagoa daukate. Txikiak dira eta kaxa batean edonora eraman ditzakezu.
 
Google Pixel Buds
Izerdia eta uraren erresistenteak dira. Googleren itzultzailearen gainean lan egiten du eta plataforma gero eta hobeagoa denez, hau ere etengabe hobetzen doa. Bost ordu inguruko bateria iraupena dute. Nahikoa da hatz batekin atxikita duten botoia sakatzea itzulpenarekin hasteko. Ez dira oso garestiak, baina azkar agortu ohi dira eta itxaron behar izaten da askotan.
 
Pilot Smart Ear Buds
Entzungailu hauek daukaten aplikazioari esker sakeleko pantailan itzulpena erakusten dute. 15 hizkuntza eta 42 dialekto kudeatzeko gai da eta izandako elkarrizketen transkripzioa ere gordetzen du ondoren kontsultatu ahal izateko. Demanda asko daukatenez, hauek ere zailak dira erosten.
 
Hiru hauek adibide batzuk besterik ez dira; hizkuntza teknologiek irekitzen dituzten aukeren erakusle denak. Orain, hauek edo beste batzuk euskaraz egitea falta da. Euskarari lotutako hizkuntza teknologiak asko garatu dira gurean, itzulpena (Itzuli, Itzultzailea.eus) , ahots sintesia (aholab), hizketa-ezagutzea (aditu.eus)... Gailu hauetan integratzea lortuko dugu?

Gorka Julio

2020, Abendua 31
Arloa: Sarean