H5P eduki interaktiboa sortzeko tresna
Hezkuntza mailan, material interaktiboak sortzeko estandar moduko batean bihurtzen ari da H5P eduki interaktiboak sortzeko tresna. Plataforma doako eta ireki horri esker, eduki interaktiboak sortu, berrerabili eta hobetu daitezke.
EKS edo edukien kudeaketarako sistema ezagunenetan (Moodle, WordPress, Drupal...) gehigarri moduan integratu daiteke edukia txertatu, sortzeko, partekatzeko eta berrerabiltzeko aukerarekin. Edukientzat web editore bat dauka, eduki interaktiboak erraz sortzeko. Eduki hauek H5P.org webgunearen bidez sor daitezke, edota, aipatuta EKSetan editorea integratuta badago, bertatik ere editagarriak izan ohi dira.
Eskaintzen dituen berrogeitik gora tresnen artean azpimarratu daitezke aurkezpenak, galdetegiak, irudi-mapak, denbora-lerroak, hutsuneak betetzekoak, ahots grabagailua erabiltzen duten ariketak, karta jokoak, 360 graduko bistak, puntu beroak topatzeko ariketak, bideo interaktiboak... Hortaz gain, hauetako zenbait konbina daitezke zutabe edota liburu interaktibo moduan, aukerak biderkatuz. Lotura honetan aurkituko dituzue aukera guztiak.
Tresna asko dago eduki interaktiboa sortzeko, baina asko ordainpeko zerbitzuak dira eta normalean pribatiboak. Horrek, plataforma zehatz batera mugatzen ditu edo hauen berrerabilpena zailtzen dute. H5Pri esker aterabide bat ematen zaio horri.
Hala ere, H5Pren potentzia guztia ikustetik urrun gaude oraindik. Formatu honek bere aukera guztiak erakutsiko ditu benetan hezkuntza (formala eta ez-formala) komunitatean edukiak elkartrukatzeko aukerak errazten dituenean eta hori laster gerta daiteke H5P OER HUB-a martxan jartzen denean.
Tresna honek, eduki mota hauentzat biltegi global eta erraz bat jarri nahi du martxan. Ediziorako tresnan txertatuta edukia filtro ezberdinez bilatzeko aukera emanez. Adibidez, jendeak igotako edukia lizentzia, maila, diziplina, hizkuntza edota eduki mota bidez iragaziz. Edozeinek gehitu ahal izango du edukia era errazean, izenburu, deskribapen bat eta metadatu gutxi batzuk gehituz, hobetu aurkitzeko aukera izateko gero.
Proiektu gehiago ere baditu H5P komunitate honek eta beti dago gauza berrietara irekita. Garatzaileen laguntza beti da ongi etorria, baina irakasle edota hezkuntzari buruzko interesa duen edonork aurkituko du nolabait proiektuan parte hartzeko aukera; izan H5P erabiltzailea delako, H5P-n formazioa ematen duelako edota baita ikerketarako ere.
Etorkizunera begira darabilten lan lerro interesgarrienetako bat horixe da. Eduki interaktibo hauekin egiten diren elkarrekintzak aztertu eta ebidentzietan oinarritutako hezkuntza prozesuetan ikertu nahi dute. Beste eduki mota batzuekin oso zaila dena, H5P-k datuak jasotzeko eman dezakeen aukerarekin hori posible egiten du eta hezkuntza prozesuak hobetzeko baliagarri izan daitezke. Datuak gero eta garrantzitsuago bihurtzen ari dira eta ikusi dugu hezkuntza mailan datu harrapakari bihurtutako multinazionalen esku hartzea gero eta handiagoa dela. Bada, datu azterketa horiek, hezkuntza komunitatetik eta honen mesedean egitea garrantzitsu bihurtuko da.