Bizkaiko Eskolarteko sariketa udazkenean loratu da
Irune Basagoiti eta Leire Vargas izango dira Bizkaiko ordezkari Euskal Herriko Eskolarteko Finalean. Irune Basagoiti eta Leire Vargas, durangaldeko bertsolariek jokatu zuten buruz buruko saioa Arriagorriagako Lonbo Aretoan jokatu zen finalean. Zortzi bertsolari aritu ziren kantari eta guztiek utzi zuten gogoratzeko bertsoren bat. Musukoak ipinita eta segurtasunezko distantzia mantenduz jarri ziren entzuleak Arrigorriagako Lonbo aretoan eta baita zortzi bertsolariak ere. Igor Meñika gai jartzailearen agindutara jardun zuten eta gazteak gogotsu aritu ziren hasieratik.
Finaletan ohikoak izaten diren nerbio eta esku-hanka dantzak musukoaren azpian ezkutatu eta lehiarako prest agertu ziren zortzi finalistak: Irune Basagoiti, Maider Altuna, Izaro Bilbao, Leire Vargas, Amaiur Atxa, June Diaz, Sara Asenjo eta Jokin Ansotegi. Ofizioka egin zuten lehen lana bertsolariek. Zortziko handian bina bertso osatu zituzten eta ondoren etorri ziren zortziko txikiko bertsoak. Honen ondoren, bakarka gehienez hamarreko handian erantzun zioten gaiari eta puntuazio altuena lortu zuten bi bertsolariak pasatu ziren buruz buruko fasera. Kartzelako lana zuten zai, puntu bati erantzun zortziko txikian eta bakarka gai bati bertso bat abestea.
Buruz burukoa jokatu ostean, Irune Basagoitik batu ditu puntu gehien, eta beraz, 2020ko Bizkaiko eskolarteko txapela lortu du. Txapela Karlos Molinuevok, Arrigorriagako bertso eskolako sortzaileak, ipini dio txapeldunari. Finalera iristeko bidea Bertsozale Elkarteak eta Ikastolen Elkarteak elkarlanean antolatutako ekimena da eskolartekoa.
Aurten 27 parte hartzaile egon dira bat-bateko txapelketan eta hiru kanporaketa jokatu dira. Lehenengo kanporaketa Gernika-Lumon, eta hamar gaztetxok hartu zuten parte bertan. Janire Arrizabalaga, Jokin Ansotegi, Aitzol Unzueta,Malen Aretxaga, Jare Torralba, June Díaz, Oier Errementeria, Urko Iurrebaso, Izaro Mazo eta Irune Basagoiti. Puntu gehien batu zituena Irune Basagoiti izan zen. Bigarren kanporaketa Durangoko Kurutziaga ikastolan jokatu zen. Hamar gaztek egin zuten bertsotan:Iker Portillo, Leire Vargas, Araitz Katarain, Ixone Asategi, Sara Asenjo, Maider Altuna, Oihan Diaz, Mikel Arrate, Izaro Gaskon eta Peio Lago. Maider Altuna izan zen puntu gehien batu zituena. Hirugarren eta azken kanporaketa izan zen Bilbon.
Ondorengo zazpi gazteak izan ziren kantuan: Izaro Bilbao, Olaia Cancelo, Gari Morgado, Koldo Villanueva, Amaiur Atxa, Oier Mendiolagoitia eta Unai Intxausti. Saio honetan puntu gehien batu zituen bertsolaria Izaro Bilbao izan zen. Idatzizko sariketa Aurten aurrez aurre ezin, eta idatzizko txapelketa online egin dute Bizkaiko gazteek. Guztira 97 parte hartzaile egon dira eta hurrengoak izan dira bertsolari saridunak: 2009an jaiotakoak 1. Saria: Ainize Zubia 2. Saria: Iraia Mendez 3. Saria: Julene Arnaiz 2008an jaiotakoak: 1. Saria: Imanol Kanaletxebarria 2. Saria: Marie Ozerin 3. Saria: Maialen Zautua 2007an jaiotakoak: 1. Saria: Nile Torrealdai 2. Saria: Itziar Agirrezabalaga 3. Saria: Enara Gallastegi 2006an jaiotakoak: 1. Saria: Joan Irastorza 2. Saria: Anitz Arronategi 3. Saria: Ariane Sololuze 2005-2002 urte bitartean jaiotakoak: 1. Saria: Peio Lago 2. Saria: Oier Errementeria 3. Saria: Aner Zuluaga Kopla barik bertsotan egiteko ordua Gazteak gogotsu aritu badira, kopla barik dator udazken honetan Bizkaiko bertsogintza.
Bizkaiko Txapelketak husten duen hutsunea betetzera datoren ekimena jarri du abian Bizkaiko Bertsozale Elkarteak datozen egun eta hilabeteerako. Lehen saioa urriaren 24an egin zen Mungiako Olalde aretoan. Kantuan, Aitor Bizkarra, Arrate Illaro, Ibon Ajuriagojeaskoa, Etxahun Lekue, Malen Amenabar eta Nerea Ibarzabal ariko dira. Saioa musikatua izan zen. Bertso trama formatua edukiko du bigarren saioak.
Azaroaren 14an jokatuko da, Igorreko Lasarte aretoan,. Bertan izango dira kantuan Eneko Abasolo 'Abarkas', Jone Uria, Julen Arzanegi, Miren Amuriza, Txaber Altube eta Unai Mendiburu. Azaroaren 28an sariketa formatua hartuko du saioak. Durangoko Plateruena antzokian, Ander Elortegi, Imanol Uria, Irune Basagoiti, Oihana Bartra, Onintza Enbeita eta Xabat Galletebeitia ariko dira. Abendurako utzi dute antolatzaileek saio berezi eta dotorea. Izan ere, abenduaren 20an, Getxoko Muxikebarri antzokian Bizkaiko zortzi txapeldun batuko dira oholtza berean. Arkaitz Estiballes, Etxahun Lekue, Fredi Paia, Igor Elortza, Jon Enbeita, Onintza Enbeita, Unai Iturriaga eta Xabi Paya ariko dira kantuan.