Beñat Gaztelumendik irabazi du Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa

6.000 lagun inguru elkartu ziren Ilunben. Ofiziokako lanak eginda, lehen zatia bakarkako lanekin itxi zuten: adierazgarria izan zen Alaia Martinen saioa. Iritzi emaile baten rolean jarri zuten: idatzi duenarekin ados ez, eta pintaketak egin dizkiote. 

“Beldurra daukat, baina amorrua askoz handiagoa da” amaitu zuen lehen bertsoa eta bigarrenean orain arteko bideari jarraipena emateko asmoa erakutsi zuen:  

Eta barkatu jendarte maite 

 ez baldin bazaude ados

 nire iritzia emango baitut 

 gero eta indar handiagoz. 

Zozketak horrela erabakita, saioa zortzigarren eserlekuan hasi zuenak lehen bukatu zuen. Buruz burukoan Agin Laburu izan zuen kantulagun eta bertan bi gai landu behar izan zituzten; estralurtarren papera hartu dute lehenik, eta Real-Barça partida ikustera joan baina nahastuta Illunben sartu diren diren katalanena ondoren.

Azken ariketa kartzelakoa izan zen. «Esan eta esan aritu arren ez entzunarena egiten dizute» izan zen gaia. Laburu autismoari buruz aritu zen: 

Nere semeak autismoa du 

denek jakin dezatela 

gaixotasun bat izan daiteke 

baina ez da hain ergela 

laguntza behar du Jonek eta

 laguntza hori dena dela 

bereizi ezkero bi gela 

seguru lortzen ez dela 

nik hezkuntzari eskatu diot

 laguntza eman dezatela 

 beti baietz esanagatik 

entzun ez balu bezela.

Bigarren bertsoaren amaiera oso borobila izan zen:

Ingurunera egokitzeko

 lan egiten du buruak 

baina umera egokitzeko 

zer egiten du inguruak?»

Gaztelumendik, berriz, gizarteak ezartzen dituen bizitzan eman beharreko pausuak aipatu zituen: 

32 urte beteta 

bizi honetan zetalai 

16 urte beteta hasi 

ginen parrandetan alai 

ta izan ginen gure karrera 

ahal bezela lortzeko gai 

asko lanean hasi ginen ta 

asko oraindik darrai 

 nik bikoterik ez det ordea 

nere etxean zai 

 aurretiazko eskemak izan 

dira beti nire etsai 

koadrilekoei esaten diet 

eta ez dira entzuten ai 

 nik ez dudala beraiek

 bezala bizi nahi. 

 

Askotan hala esaten dute

 ea noiz zentratzen haizen

ta gauza gutxik naute zentratu

 hitzak adina gogaitzen

zentratzea da bukatu nahia 

alokairu bat ordaintzen

galdera asko egin gabe ta 

hiru ume txiki zaintzen

 larunbat gauez tabernek naute 

goxatzen eta alaitzen

 gaztetan bizi nintzen bezela

 horrelaxe det jarraitzen

enintzen molde horretan sartu 

neretzat estua baitzen

ta ezin duzue imajinatu

 ze zoriontsua naizen.

Agin Laburu, beraz, izan zen bigarren eta bere atzetik gelditu ziren Alaia Martin, Nerea Elustondo, Oihana Iguaran, Ane Labaka, Beñat Lizaso eta Jon Maia.

Beñat Gaztelumendiri Xabier aitak jarri zion txapela. Urte luzez bertsolaritzaren alde egindako lana eskertu nahi izan dio keinu horrekin Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak. Agurrean, aita bai, baina bereziki ama izan zuen gogoan txapeldunak:

Bertso eskolak bukatzean
nor egoten zen gure zain
gaixo geundenean nor zen
min denak sendatzeko gai
guk festa egin genezan
nork ez zuen egiten jai
eta nork eraman gintuen
sabel barruan bi anai.
Nahiz eta igual ez zenuen
gaur protagonismorik nahi
ama, hau zuri eskaini gabe
ez nengoke lasai;
Xabierren semea naiz,
ta Pilirena ere bai.

Iñaki Iturriotz

2019, Abendua 31
Arloa: Bertsoleku