Mocker's

Nola definituko zenukete zuen disko berrian aurkitzen dugun sonoritatea?

Abesti intentsu eta hunkigarriak gustatzen zaizkigu: dinamikekin jolastu, momentu lasaiak eta bapateko eztandak tartekatzen dituzten horietakoak, garapen instrumental handiekin. Aurreko diskoetan egin genuenarekin alderatuz, lan berrian abesti konplexu eta luzeagoak daude, rock psikodelikoan eta progresiboan zeharo murgiltzen direnak. Badaude ere zenbait estilo garaikideen zertzeladak, lehen agertzen ez zirenak, hala nola post-rocka edo rock alternatiboa.

Durangon bizi zarete, gaur egun zer nolako musika eszena dago bertan eta inguruan?

Beti izan dira talde oso potenteak Durangaldean. Azken urteotan, gainera, uste dugu jorratzen diren estiloak aniztu egin direla eta gaur egun eszena potentea dagoela uste dugu. Hardcore talde bikainak (Tres41, Worth It, Alerta…), rockandrolla bere esparru guztietan (Sermond’s, Nebrashka, The Van, Dube…) edo soinu moderno eta indiagoetan (Shinova,…) adibidez.

Energia eta zuzeneko indartsua azaltzen dituzue. Zer bilatzen duzue zuen kantuekin?

Abesti intentsu eta hunkigarriak gustatzen zaizkigu: dinamikekin jolastu, momentu lasaiak eta bapateko eztandak tartekatzen dituzten horietakoak, garapen instrumental handiekin. Gero doinu horiek zuzenekora modu gordin eta basati batean eramaten saiatzen gara, eta jotzerakoan sentitzen dugun zirrara transmititu.

Atzera begiratuta zer nolako bilakaera izan duzue talde moduan. Hasierak, lehenengo kantak, grabazioak…

2020an hamar urte beteko dira taldea sortu genuenetik, institutoan geundela. Ordutik momentu on asko pasa ditugu, dozenaka kontzertu Euskal Herrian eta bertatik kanpo ere. Hasieran 70. hamarkadan oinarria zuen hard-rock doinuak jorratzen zituen taldea ginen, baina pixkanaka-pixkanaka sonoritatea zabaltzen joan gara gure musika eta proposamena soinu desberdinekin elikatzeko. Kanta zuzenek momentu erreflexiboagoei utzi diote lekua nolabait azkenaldian, baina betiere intentsitatea mantenduz.

Zeintzuk dira zuen gustoko diren erreferenteak?

Asko ditugu, ezin guztiak aipatu. Musikan adibidez, azkenaldian asko entzuten gabiltzan taldeak Motorpsycho (Rock progresiboa, Norvegia) eta Tatran dira (Jazz-Rock, Israel). Testuei dagokionez, asko gustatzen zaigu Martxel Mariskalek Lisabön eta bertatik kanpo, poesian, egiten duen lana.

Capsula taldeko Martinekin grabatu zenute aurreko lana eta orain Cadizen Trafalgar Studiosen. 

Martinekin aurreko diskoa grabatu genuen, 2017koa, “Beats of Freedom”. Kantu zuzenak ziren orohar, eta Capsulak zuzenean duen energia bilatzen genuen diskoan, horregatik grabatu genuen berarekin, guztiz zuzenean. Orain aurkezten gabiltzan diskoa, “Oreka Ahula” (2019), Cadizeko Trafalgar Studiosetan grabatu dugu Curro Ureba ekoizlearekin (Viaje a 800, Atavismo, Bourbon…). Curro rock progresiboan eta psikodelikoan aditua da, eta horregatik joan gara berarengana oraingoan. Oso pozik gaude lortutako emaitzarekin, soinu garaikideagoa eta oso potentea da diskoan entzun daitekena.

Spinda records zigiluarekin plazaratu duzue lana. Nola izan da hau?

Spinda Recordsek Trafalgar Estudios-etan grabatutako talde askorekin egiten du lan, rock psikodelikoaren inguruan betiere. Bertan geundela sortu zen harremana. Diskoa entzun zuten eta elkarrekin lan egiteko prest agertu ziren biniloaren edizioa aurrera eramateko. Bestalde, estatuko komunikabideetan oihartzuna eman digu ere, eta oso eskertuta gaude horregatik.

Zeintzuk dira epe laburrerako dituzuen planak?

Diskoa atera genuenetik Euskal Herritik ibili gara diskoa aurkezten. 2020an data oso bereziak ditugu Euskal Herrian eta estatutik kontzertu batzuk emango ditugu ere. Ahalik eta gehien jotzea da gure helburua.

 

Gotzon Uribe

2019, Abendua 09
Arloa: Berba Bi