Bertso Barnetegia: Jon Lopategik urratutako bidearen jarraipena
Bizkaiko Ikastolen Elkarteko elkarrizketa baterako galdera hau luzatu genion Jon Lopategi, duela aste gutxi zendu den bertsolariari. Kanpantxu orduan, Gorozika gaur. Bertsoak eta jaia beti batera joan diren galdetu genion. Honako hau izan zen bere erantzuna:
“Emaitzak eta fruitu onak emon dauazan esperientzia izan da barnetegiena. Irakasleakaz egon ostean monja batzuei lokala alokatu eta han egoten ginan. Hamalau urtetik gorakoak batzen ginan, hogeitik gora beti.Urtean lau bost bider batzen ginan: Gabonetan, Inauterietan, Aste Santuetan... Danak egoten ziran prest joateko, giro ederra egoten zan, ganera eskapadatxuak be egoten ziran Gernikara. Gazteak danak elkar ezagutzen eben eta lagun egin ziran eta giro horrek asko balio dau lagunarte bat sortzeko. Taldeka banatu eta goiz erdian hasten ginan bertsotan. Ekitaldi bi edo hiru egiten genduzan egunean, eta eguraldi onagaz frontoirako denpora atera be bai. Gaur egun be saiatzen naz bisita bat egiten Gorozikako barnetegian dagozanean eta giro ederra egoten da.”
Behin bidea urratuta, gaur egun ere bide beretik jarraitzen dute elkarlanean Bizkaiko Bertsozale Elkarteak eta Bizkaiko Ikastolen Elkarteak. Ikasturtean zehar, bertso eskola eta bat-bateko taldeetan kantuan aritzen diren gazteen bilgune da gaur egun ere bertso barnetegia. Urtean bi aldiz batzen dira, neguan eta udan. Neguan barnealdera jotzen da, aurten Lurraska baserri eskolara eta udan ostera, Ondarroan batzeko ohitura daukate azken urteetan, itsasoaren ertzean.
Hamabi begirale eta bidelagun moduan, Busturialdea Durangaldea, enkarterriak, ezkerraldea, Uribe Kosta, Uribe Butroe, Lea Artibai, Arratia Nerbioi eta Bilboaldeko hainbat gazte batu ziren ostiraletik Igandera bitartean. Bertan, lo gutxi egiteaz gain, kantu eta doinuz alaitu dituzte ordu luzeak. Otorduekin hasi eta goizalderarte, elkarrekin abesten aritu dira gazte bertsolariak. Lehen gauean esatera baterako, bertso bingoa jolasak arrakasta aparta izan zuen han bildu zirenen artean. Kantu bat zenbaki bat, azken urteetako kantu entzutetsuak jartzeaz aparte, betiko kantu tradizional eta herrikoiek ere izan zuten lekua.
Larunbat goizean, bertso eskolaren txanda izan zen. Sei edo zazpi lagunetako taldeetan gogotsu aritu ziren kopla eta bertso kantari. Ingurutik mendi buelta eman ondoren, Jon Lopategik elkarrizketan aipatutako Kanpantxu auzoko monjen lokalera hurbildu ginen. Gazteei bisitaren zergaitia azaldu ondoren, Erropa zaharren bederatzi puntuko txikia abestu genuen guztion artean omenaldi gisara. Arratsaldean ostera, zuzeneko ikuskizunen txanda iritsi zen. Kalean dantza plaza ikuskizunaz gozatu zuten gazteek. Fandango, arin-arin, biribilketa.. dantza eta dantza ibili ziren hankak arin eta burua arinago, kopla zahar ezagun batek dioen bezala. Kanpokaldean baina, sormenak lekukoa hartu zion dantzari. Kamiseta serigrafia tailerrean parte hartu zutenek etxera kamiseta dotore bat eraman zuten, “bertso eskolan nago eta harro” leloarekin. Iluntzean Onintza Enbeita Bizkaiko bertsolari txapelduna eta Txaber Altube abadiñar gaztea hurbildu ziren bertso saiora. Ikasleek prestaturiko gaiak, ikasleen lehiaketa proposamenak... izan zituzten kantatzeko lagungarri.
Udako barnetegia buruan, asteburu ederra pasatu dute gazteek eta Bizkaia osoan bertsolaritza eta bertso eskolen lanaren emaitzak indartsu daudela ikusi da beste behin ere.