Onintza Enbeita Bizkaiko bertsolari txapeldun berria

Jon Enbeita osabak jantzi zion. Jasotako maitasun guztia plazaz plaza bueltatzen ahaleginduko dela agindu zuen.

«Balentin zu izan zinen 

gurean lehen txapelduna

gero etorri zan osaben 

ta lehegusuen eguna

orain etxeko txikia 

bihotza ostu eutsuna

makila eskuan dago, 

erdi negarrez tuntuna

hamasei urtetik plazan, 

gaur lora, bihar asuna

zuen altzoan egin naz

 ni neska bat ahalduna

 sentiduarazi nozue 

hain etxekoa kutuna

plazaz plaza bueltau nahi dot

 jaso dodan maitasuna».

Buruz burukora Etxahun Lekue eta Onintza Enbeita sailkatu ziren. Hirugarren Xabat Galletebeitia izan zen, puntuazioz buruz burukotik hurbil .Laugarren eta bosgarren lekuan berdinduta amaitu zuten Jone Uriak eta Nerea Ibarzabalek. Miren Amuriza sailkatu zen ondoren  eta zazpigarren postua eskuratu zuen Eneko Abasolo Abarkasek eta zortzigarrena Aitor Bizkarra bere lehenengo finalean.

Bertsolaritza etxetik dakar Onintza Enbeitak, belaunaldiz belaunaldi ibili dira eta dabiltza Enbeitatarrak plazan. Eta hori ederto erakutsi zuen Onintza Enbeita Maguregi Bizkaiko Txapeldun berriak. 

“Zorotzat hartu zaitue danek, baina bardin deutsu” bakarkako gaian horrela borobildu zuen bere hiru bertsoko xehetasunez beteriko kontakizuna 

Baina nik nori eskatu behar

deutsat ba orain baimena

Neure barrutik atera nahi dot

 behinola izan nintzena”. 

Zortziko txikian Etxhun Lekue eta Xabat Galletebeitia dotore aritu ziren eta hortxe hasi ze finala lehertzen. Gabonetako familia afari jendetsu batean, Xabat gustura eta Etxahun, alde egiteko keinuak eginez. Xabatek horrela bota zuen bere lehen bertsoa «...keinuka ari zara etengabe aizu/ eztarrian zeozer trabatu al zaizu». Eta, Etxahunen erantzuna, «bai zure familia da nik dodan traba/ txanpainik ez dau eta hartuko dot kaba/ kortxoa botako dut nire begitara/ ia eramaten nauzun urgentzietara».

Nerea Ibarzabalek hamarreko txikian josi zuen bere bertsoaldiarik osoena, hau ere Xabat Galletebeitiarekin. Arropa denda bat ireki behar zuten eta manikiei begira jarri ziren, egokiak ziren edo ez. «Merkatuak baditu bere atakeak/ ta estu-estu lotzen gaituzten kateak/ hain ugariak dira hemen pasarteak/ guri begira daude neskato gazteak/ ispilu bihurtzen dira eskaparateak», bota zuen markinarrak. 

 

Iñaki Iturriotz

2018, Abendua 27
Arloa: Bertsoleku