Komunikazioa komunitarioa

Pertsonen arteko komunikaziotan elkarreragiteko behar handiak dauden taldeetan murgiltzen gara maiz. Talde horiei, komunitate horiei, parte hartze komunitate dei dakieke. Oso arrunta da komunitate horietan kanpo zein barne komunikazioa eta teknologiaren papera zein izan behar duen definitzeko garaian duda asko sortzea. Artikuluan ideia batzuk ordenatzen sahiatuko gara.

Edozein proiektutan konpromiso maila ezberdina adierazten duten pertsonak daude. Konpromiso hau lana, ardura, denbora... hots, era ezberdinetakoa izan daiteke, baina denetan, baita erakunde eta jendartea barne biltzen dituzten prozesuetan ere, agertzen den kontzeptua da.

Konpromiso hori adierazteko Charlene Li-ren engagement pyramid edota David de Ugartek ere landutako kontzeptu beraren orokortzea oso baliagarriak dira. Arlo teknologikoan ez ezik, orokorrean, proiektu baten inguruko konpromiso mailak definitzeko baliagarria da.

  • Azpiko mailak ezagutza adierazten du, egiten ari garen hori ezagutzen dutenen maila da. Arlo teknologikoak erabiliz, webgune informatiboak bete dezakeen papera litzateke, adibidez.

  • Hurrengo maila atxikimendua da. Atxikimendua hobekien adierazten duen adibide bat Facebook izan daiteke, atsegin duzula adierazteko botoi famatuarekin.

  • Parte hartzea da hurrena, egiten ari garen horretan parte hartzea, komentarioak uztea, aipamenak egitea... Foro batean ematen diren hartu-emanek ezaugarri hau izaten dute adibidez.

  • Elkarrekintza, maila berean besteekin batera zerbait sortzeari deitzen diogu. Hau da, partaideek ia maila berean elkarreragiten dute emaitza bat lortzeko orduan. Wiki batean ematen diren interakzioek, adibidez, aukera ematen dute hainbaten artean zerbait sortzeko; Wikipedia horren adibide garbia da.

  • Azkena, zaintza deitu dezakeguna. Ekimenean elkarrekintza maila baino altuagoan lan egiten dutenak dira. Ez hori bakarrik, sormen prozesuan aktibo izateaz gain, partaideen eta proiektuaren zaintzan parte hartzen dute. Maila honetan, horretarako propioki sortutako barne tresnak edo kolaborazio aplikazioak erabiltzen dituzte. Intranetak eta dokumentuak, agendak, kontaktuak... elkartrukatzeko eta elkarrekin lan egiteko aukera ematen duten tresnak adibide onak izan daitezke.

 

Partaidetza komunitate batean konpromiso maila ezberdinak egongo direla kontuan hartuta, nola landu behar ditugu horiek? Nola eta zein komunikazio tresna erabili behar ditugu horiekin erlazionatzeko? Zein dira lehentasunez landu beharrekoak? 

Partaidetza prozesu askotan, desegokia den konpromiso maila bat eskatzea arazo bihur daiteke. Hala ere, arazo ohikoagoa da konpromiso mailari egokia ez den komunikazio estrategia bat aurrera eramatea. Aldi berean, garrantzitsua da ulertzea komunikazio mota ezberdinak daudela, gehiago oraindik teknologien alorrean izandako aldaketa azkarren ondorioz.

  • Hedapenezko komunikazioa aldiz, ohikoena da. Mezuak bidali eta jaso beharko dutenengana iristeko hedapena bilatzen duen komunikazio mota da. Azken urteetan hedapen hau, baina, objektu sozialen bidez egin izan da. Objektu sozialak bere inguruan eztabaida edo elkarrekintza bat sortzeko pentsatutako eduki unitateak (beste leku batzuetara eramateko aukera ematen dutenak askortan) dira. YouTubeko bideoak eta hauetan komentarioak egiteko aukera, esaterako, mota honetako komunikazioa lantzeko oso baliagarriak dira.

  • Jario bidezko komunikazioa, azken urteetan gehien garatu den komunikazio mota da. Igorle eta hartzaileen arteko harremana lausoa da, inpaktu asko jasotzen ditu hartzaileak eta informazioaren balioa, askotan, oso efimeroa da. Aldiz, inpaktu horiek eragina daukate komunikazioan, eta harreman berriak sortzeko aukera ere ematen dute. Twitterren erabilera ohikoenak, adibidez, komunikazio honen adibide garbienetako bat dira.

  • Komunikazio konbertsazionalean, aldiz, mezua edo informazioa igortzeaz gain, ekarpenak jasotzeko bideak jartzen ditu igorleak. Blog batek adibidez horrelako aukerak eskaintzen ditu, iruzkinen bidez.

  • Komunikazio zuzenean, mezuak igorri eta erantzun bat espero da, baina erantzunak ez du zertan une berean izan behar. Posta elektronikoak, edota posta zerrendek adibidez, komunikazio mota hau lantzeko aukera ematen dute.

  • Komunikazio interaktiboan aldi berean ematen da hartu-emana. Horrelakoak dira, adibidez, Whatsapp, Telegram edota bideokonferentzia bidezko komunikazioak, baita plano fisikoan ematen diren asko ere, noski.

Aipatu berri ditugun komunikazio motak, gertuago egongo dira konpromiso maila batzuetatik, beste batzuetatik baino. Horrela ohikoagoa izango da komunikazio interaktiboa, zaintza edo elkarrekintza mailetan eta aldiz, jario bidezko komunikazioa, atxikimendu mailarekin izango du zerikusi gehien.

Orain arteko kontzeptuak batuz gero, partaidetza komunitate batek duen konpromiso mailari lotutako, komunikazio marko orokor bat defini genezake; komunikazio mota eta tresnak erabakitzeko baliagarri izan daitekeena. Komunikazio sano bat bilatzen ari bagara, konpromiso maila, komunikazio motak eta erabiliko diren tresnak, lerratuta egotea garrantzitsua da horretarako. Balio dezala honek, darabiltzagun tresna ezberdinak apur bat ordenatzeko gure taldeetan.

Gorka Julio

2018, Abendua 17
Arloa: Sarean