Eskean Kristo
Zer aurkitzen dugu disko berrian aurrekoan ez zegoena?
“Beste belaze batzuen gozoan” honetan gure soinua gaurkotu eta dotoretu dugu, rock&roll klasikoa oinarri harturik beti ere. Oraingoan beste ñabardura batzuk ageri dira aurkeztu ditugun 10 konposizioen zirrikituetan: zipriztin psikodelikoak, punk pultsioa, bluesaren kadentzia edota melodia poperoak, besteak beste. Ezezagun zitzaizkigun soinuekin jolastu nahi izan dugu, kolore paleta aberastu. Letretan, hain ohikoa dugun tonu ironikoa somatu daiteke, zirikatzaile eta burlati: gaua, sexua, droga, musika eszenaren deriba edota zenbait herri tradizioren burugabekeriari abestu diogu. Oso gure estilora. Errefuxiatuen aldeko aldarririk ere badago, serio. Eta ilusio berezia egin digun kolaborazio bat, Doctor Deseo taldeko Francis Diez, euskaraz gainera.
Aurrerapausu bat ere somatzen da.
Cesar Ibarretxe ekoizle eskarmentuduna izan dugu bidelagun eta hainbat estudio erabili ditugu grabazioak egiteko. Hala nola, bateria eta baxua Berrizko “Lorentzo Records”-en, gitarrak Mungiako“Gaua”-n eta ahotsak Bilboko “BSO”-n. Ekoizle entzutetsu batekin lan egiten dugun lehen aldia da. Apustu potentea egin dugu eta aparteko grina, gogoa eta indarra jarri ditugu disko honetan. Artistek beti esan izan ohi dute euren azken lana dela beti onena, baina guk, kasu honetan, bene-benetan diogu, guztiz konbentzituta. Bidezidorrik hartu gabe eta xehetasunak ondo zainduz, abestiak azken tantaraino zukutu ditugu eta kostatu zaigu amaitutzat ematea. Joan den azaroaren 9an Igorreko Kiñu gaztetxean, sorterrian, aurkeztu ondoren, oholtzaz ohotza gabiltza Euskal Herrian barrena. Gaurdainoko kontzertuak itzelak izan dira, jendetsuak. Ikusten ari gara abesti berriek oso ondo funtzionatzen dutela zuzenean, jotzen ditugunean gozatu egiten dugu, eta publikoak jaso egiten du energia hori.
Taldea sortu zenetik egundaino errepaso bat eginez gero ze eboluzio izan du taldeak?
Taldea hazi egin da, musikari hobeak gara eta taldearen soinua trinkotu egin da, noski. Denborak dakar hori. Ondo elkar ulertzen dugu, bai lokalean eta bai zuzenekoetan. Letrek ere, bestelako sakontasun bat hartu dutela esatea gustatu litzaidake, nahiz eta betiko ironia, zentzugabekeria, eta abstrakzio kutsu hori izaten jarraitu. Baina hori gauza naturala da, norbere adin edo heldutasun mailarekin bat datorrena, onerako edo txarrerako. Halere, musikari hobea izateak ez du esan nahi kantu hobeak egingo dituzunik, ez eta Euskaltzaindiako kide izateak letra hobeak egingo dituzunik. Esparru artistikoan asko jakitea txarrerako izan daiteke. Picassok ondo zioen: “Errenazimentuko margolariak bezala margotzen ikasteko urteak egin nituen, baina bizitza osoa kostatu zait umeak bezala margotzea”.
Euskal Herriko musika eskenan zein lekutan kokatzen da taldea?
Rock&roll klasikoa, euskaraz, ez da inoiz bogan egon. Baina gu oso gustora sentitzen gara gure aparteko planeta horretan, eta iraultza txiki rockero hori bizirik mantenduko dugu. Taldekide guztiok oso argi daukagu taldearen izaera zein den. Euskal Herrian, gaurko egunez, ez dago Eskean Kristörekin alderatu daitekeen talderik, edo ez behintzat guk ezagutzen dugunik. Hori positiboa izan daiteke, guk egiten duguna guk bakarrik egiten dugulako, baina bestalde, oso gatza egiten zaigu inguruko taldeekin kontzertuak antolatzea, kartel horrek estilistikoki zentzu edo eredu jakin bat izan behar badu, esan nahi dut. Batzuetan izaten da musika estiloagatik, beste batzuetan hizkuntzagatik, baina beti ibiltzen gara malabarismoak egiten. Gaztetxe, areto, festibal eta abarretan, kontzertu antolatzaile askori buruhausteak eragiten dizkie “auzi” horrek. Talde deserosoa gara.
Gaizki ez banabil zuen zigilua berrian plazaratu duzue diskoa. Zer nolatan erabaki hori?
Estreinakoz, gure gain hartu dugu hirugarren diskoa egiteko lan eta erantzukizun guztia, eta uste dut horrek balio erantsia ematen diola gure argitalpenari. Horretarako zigilu propioa sortu dugu: Trumonots Records. Ez gara autoekoizpenaren defendatzaile sutsuak, baina aurreko bi lanak “Baga-biga” disketxearen babespean egin ondoren, bide berri hori hartzea erabaki dugu oraingo honetan, erronka bezala. Beldur apur batekin hasi genuen abentura berria, han eta hemen arakatu behar izan dugu, dakienari galdetu, ikertu eta informatu. Ematen duena baino konplexuagoa da disko bat hasieratik amaierara fundamentuz ontzea. Asko ikasi dugu prozesu guzti horretan. Orain arte diskoetxeak kudeatzen zizkigun hainbat kontu, promozioari, eta alde legalari dagozkionak batik bat, eta egintzat ematen genituen, konturatu ere egin gabe. Kontzertuen management-a ere gure esku dago; kolpe batez pasatu gara zerotik ehunera. Berrikuntza guzti hauen islada da diskoaren tituloa: Autoekoizpena, soinu ezezagunak, ekoizlearen figura… “beste belaze batzuen gozoa” probatu dugu. Pozik gaude hartutako erabakiarekin. Beti egin daitezke gauzak hobeto, baina baita txarrago ere. Eta, esango nuke, orokorrean ondo moldatu garela, maila artistikoan eta bestelako kontuetan ere. Borroka zoragarri honetan jarraituko dugu aurrerantzean.
Zeintzuk dira zuen hurrengo helburuak?
Kontzertuak eman nahi ditugu, eta disko berria ahal den leku guztietan aurkeztu. Zuzenekoak dira Eskean Kristören zutabea, dudarik gabe, eta oraindik eszenatoki ugari ditugu ezagutzeko Euskal Herriaren luze zabalean. Ea diskoak zer nolako harrera daukan, horrek ere badauka bere eragina eta garrantzia. Orain arteko emanaldiek aho zapore ezinhobea utzi digute, eta espero dugu horrela jarraitzea.
Disko berria kaleratu orduko zortzi kontzertu lotuta izan ditugu. Guretzat oso bereziak diren zortzi lekutan. Planteamendu horren alde egin dugu diskoa aurkezteko, urtebete kontzerturik eman gabe egon ostean. Eta esango nuke “biratxo” hori muntatu izanak indarra eman digula.
Aurrera begira, gustatuko litzaiguke zerbait berezia egitea, Euskal Herritik kanpora bira bat, edo behintzat kontzertu batzuk. Esperientzia, abentura eta erronka berriek elikatzen dute Eskean Kristö. Dena den, ez gara musikari profesionalak, ez gara musikatik bizi, eta gauzak ondo neurtu behar ditugu.
Nola ikusten duzue egungo euskal musikaren eskena?
Euskal musika eskaintza, euskal musika eskaria baino askoz handiagoa da: disko mordoa, kontzertu mordoa… asko produzitzen da eta ez dago guzti hori eusten duen publikorik. Honetatik bizi direnak etengabeko borroka batean murgilduta daude. Gutxi batzuk baino ez dabiltza “aparretan”.