Glosadoreen udako eskola
Uztailaren 10etik 14ra bildu dira Girona barrualdeko Espolla herrian. 60 parte hartzailetik gora egon dira bertan esperientziak trukatu eta elkarrengandik ikasteko. Egitarau oparoa izan dute lau egunetan zehar. Goizez eta arratsaldez klaseak izan dituzte eta horretarako era askotako metodología erabili izan dute.
Goizean lehen orduan teoríazko kapsulen edo pilulen txanda izaten zen. Hiru egunez jarraian eman ziren eta glosaren jardunera hurbiltzeko baliagarriak izan ziren. Neurria, errima eta doinuak ziren hiru arloak. Bakoitza egunean ordu erdiz lantzen zen eta horrek azkartasuna eta freskura ematen zion.
Neurriari buruzko pilulan, hasieran silabak kontatzeko teknikak ezagutu ondoren, esaldiaren egokitasunari garrantzia ematera pasatu ziren. Hirugarren klasearen ondoren ikasleek argi zeukaten zer zen ideia bat neurrian sartzea eta ze teknika erabili.
Errimari buruzko pilulan errima zerrendak nola osatu azaldu zen. Aditzak erabilgarriak direla errimatzerako garaian eta bertsolarien antzeko ereduak azaldu ziren.
Doinuaren pilulak ostera garrantzia handia hartu zuen. Catalunyan errepertorioko edo kantu herrikoiak abesteko ohitura handia dute eta beraiek inprobisazioaren ateetan kokatzen dute buruz ikasitakoak jendaurrean abestea. Doinuz aberatsa da oso glosadoreen kantu inprobisatua baina batez ere lau lerroko bertsoetan oinarritzen da euren jarduna.
Hamaiketakoaren ondoren, kurtso edo ikastaroa egon zen. Lau zutabetan banatu zen. Alde batetik, “berria naiz” ikastaroa, “ahotsa eta melodia”,”errima eta neurria” eta “egitura eta ideia”. Egitura eta ideian adibidez, Josep Pedrals poeta eta sortzaile ezagunak, lau lerroko bertsoetan ideiak nola egituratu aztertu zen. Lerro bikoitiak ideien hasiera puntu izan daitezkeela landu zen, amaierako lerroak sorpresa izan beharko lukeela argi geratu zen.
Eta bazkalostean, ibilbidea izeneko atalaren ordua izaten zen. Bost talde osatzen ziren bost aukera desberdinetan parte hartzeko. Analisia edo glosaren azterketa, taularatzea, poetika, didaktika eta laguntza musikala. Didaktikako klaseetan Gemma Balague glosadore eta irakasleak klaseak nola prestatu eta ikasleekin glosa nola landu ahozkotasunaren bidez azaldu zuen. Idatzi gabeko klaseak atontzea eta gidatzea zen helburua.
Eta arratsaldeko azken ekintza, dantza herrikoiak, gai jartzailearen tailerra Ainhoa Aranburu gai jartzaile euskaldunaren eskutik eta ikasitako itsas abestien tailerra, berriak ezagutu eta zaharra abestekoa.
Honez gain, eguerdietan klaseak eta bazkariaren artean, Vermut Glosat izeneko tartea sortu zuten. Ikasle hasi berriek eta aritutakoek ordu erdi inguruz abesten zuten. Glosatzeko aukera asko egon ziren lau egun horietan: Gauero ekintza desberdinak programatu dituzte. Lehen gauean rap-a eta glosa elkartu zituzten taula gainean, bigarren gauean itsasoak batutako abestien gainean inprobisatu zuen mallorcako Maribel Servera glosadoreak. Hirugarren gaua dantza gaua izan zen, laugarrenean ardo dastaketa bat antolatu zen glosa eta ardoa elkartuz eta azken gauerako utzi zuten benetako txapelketa. Espollako kantarien txapelketa izena hartzen du eta zortzirehun bat lagun hurbildu ziren glosada hau ikustera. berrogei parte hartzailetik gora hasi ziren iluntzean abesten eta kanporaketak egin ondoren gaueko finala zortzi inprobisatzailek hasi zuten. Ariketa batzuen ondoren, lau geratu ziren, eta buruz burukora irletako ordezkariak pasatu ziren. Mateu Xuri eta Pau Riera. Azkenean, Pau Rierak eraman zuen 2018ko Espollako errege koroa bigarren urtez jarraian.