Joxemari Carrere, kontalaria

Entretenimendurako kulturak balore indibidualistak sartzen ditu gure bizimoduan. Gogoeta sakona egin behar dugu. Zirelako gara, garelako izango dira, sorginen esaera zaharrak edukiz betetzen jakin behar dugu.

 

  • Joxemari Carrere Zabala
  • Pasai Donibane, 1963
  • Kontalaria, narratzailea, antzezlea

Joxemari Carrererekin izan gara, eta bere buruaren aurkezpen laburra egiteko eskatu diogunean, hauxe kontatu digu

Euskaldun hitza

         Gure aitonak zioen hitza eman aurretik ondo pentsatu behar zela, baina behin emanez gero hura mantendu behar zela, zerbait serioa zelako. Ipuinak kontatzerakoan berdin gertatzen da. Ipuinak barne bide bat egin behar du kontatu aurretik, norberak berea egin behar du, eta, ondoren, kontatutakoan, eutsi egin behar zaio, zerbait serioa baita.

         Baina ipuin kontaketa jardun artistikoa dugu ere. Ipuin kontalaria sortzailetzat hartzen dut. Bere irudimenak sortu eta garatutako ideiak, irudiak, istorioak, hitzen eta keinuen bitartez burutzen duen jardun artistikoa, horretarako behar diren baliabideak erabiliz, ikusleen aurrean erakusten du kontalariak. Eta horretan dihardut aspaldi honetan. Euskaldun hitzari eusteko ahaleginetan.

Bizitza osoan antzerkian eta kontalaritzan eman duzu. Nondik datorkizu ofizio/afizioa?

Kasualitatez dago osatuta gure bizitza, eta honetan ere hala suertatu. Institutuan nenbilela Patri Urkizu irakasleak galdetu zigun ea nork nahi zuen antzerkia egin Oiartzungo Intxixu taldearekin eta kuriositateak bultzatuta halaxe hasi nintzen. Kontalaritzan ere kuriositateak zer ikusi izan zuen, Koldo Ameztoy ezagutzen bainuen eta berak egiten zuena probatu nahi nuen. Bi kasuan zaletasuna ekinaren poderioz etorri zitzaidan, bi mundu horiek gero eta gehiago ezagutu gero eta zaletasun handiagoa.

Kontalaritzan diharduzu orain batez ere; zer garratzi du hizkuntzaren transmisioan euskarazko kontalaritzak kasu honetan?

Transmisioan ez ezik hizkuntzaren ezagutzan ere garrantzi itzela dauka. Ahozko jarduna denez hizkuntzaren erregistro ezberdinak ezagutu eta erabili behar dituzu; beraz, norberaren hizkuntzaren kalitatea eta aberastasuna handitzen doa. Eta, jakina, hori transmititu egingo duzu kontatzerakoan. Euskalkiak, errefrauak, sinonimoak, esateko molde ezberdinak, hizkuntzaren arintasuna,...hainbat baliabide erabiliz, entzuleak ere horiek jasoko ditu, euskararen aberastasuna nolabait erakutsiz. Oso garrantzitsua dela uste dut kalitatezko hizkuntza eskaintzea, erregistro ezberdinak erabiltzea, euskara modernoa erabili, baina ahozkotasunaren bustidura ezberdinekin, nolabait esatearren. Biltzaile ezberdinen euskal kontu zaharrak ezagutzean, beti saiatzen naiz orijinalera jotzen, ahozkotasuna oso present baitago bertan, horrela ipuina ezagutzeaz gain, nola esan ere ikasten baituzu, hamaika baliabide dituzu bertan.

Gazteei begira, zer egiten du erakargarri narratzaile izateak? Zertan lagun dezake pertsonalki eta zer ezaugarri behar ditu narratzaile batek?

Gazteak publikorik txarrena eta onena dira niretzat. Txarrenak dira kontaketa bost axola dielako, haurren kontua dela uste baitute. Eta hori erronka bat da. Nola heldu beraiengana? Nola euren arreta erakarri kontu zaharrekin? Zer interes dituzten? Eta lortzen duzunean kontatzen ari zarenarekin konektatzea, publikorik onena bihurtzen dira. Gazte/nerabeentzat kontatzeak ofizioaren gainean gogoeta egitera behartzen nau. Ipuina eta kontaketa bereiztea, alegia, ipuina kontaketaren barnean dago, baina kontaketa ipuinetik hara doa. Eta jolasa da, kontalaria eta entzulearen arteko jolasa. Publiko gaztea jolas horretan sartzeak esan nahi du zentzua duela zure jardunak. Gogoetarako eta jolaserako prestutasuna da kontalariak behar duena. Eta horrek aberasten gaitu elkar.

Zer ikusle/entzule mota izaten duzu, zer adinetakoak?

Helduak izan ohi dira, baina baita ere gazteak (ikastetxeetan) eta haurrak, baina ez oso txikiak. Denetarik. Dena dela azken aldi luzean helduentzako saioak ia anekdota bihurtu dira, arraroa da helduentzako kontaketa saio bat kultur programazioetan ikustea.

Gazteei begira, zer gai lantzen duzu? Eta nola aukeratzen eta lantzen dituzu gaiok?

Gazteekin aspaldi honetan gustukoa dut errealitatea eta fantasiaren mugak elkarren ondoan jartzea. Zer da egia, zer gezurra? Horretarako ondo etortzen dira leienda urbanoak edo istorio kaletarrak. Gure aurrekoek sorginen eta antzeko istorioak sinisten zituzten bezala, gaur egun, logika berdinari jarraituz, nork ez du sinistu noizbait oporretan giltzurruna lapurtu ziotenekoaren pasartea? Errealitatearen alde fantastikoa, egunerokotasunari aurre egiteko tresna dugu. Gazteekin hori da maite dudana lantzea. Eta horrekin batera euskara ez dela eskolako hizkuntza, eguneroko bizitzan erabilgarria den tresna dibertigarria… eta misteriotsua.

Kontatu beharrekoa zuk asmatzen duzu? Edo egokitzapenak badira, zeren arabera aukeratzen dituzu?

Ahoz kontatzea beti egokitzapen bat da. Kontu zaharrekin aritzea gustuko dut, baina ez antzineko idealizazioagatik, baizik egungo jendartean (esistitzen den bakarra), horiek ere gizakia gizaki denetik bere buruari egin dizkion galderen erantzunak bilatzeko oraindik ere baliagarriak direlako. Ni beti halako kezketatik abiatzen naiz, eta ondoren ipuinekin osatzen dut ikuskari bat. Eta belaunaldiz belaunaldi kultura batek sortu dituen halako altxorra tresna ezin hobea da. Uste dut euskaldunok ez diogula behar beste garrantzirik ematen gure kulturan ipuinek zer nolako zutabe sendoak izan diren gure kulturak iraun dezan. Sekulako altxorra dugu, eta liburuetan baino ahotan beharko genuke eduki, ez haurrekin bakarrik, guztiekin baizik.

Balio al du kontalaritzak, bai narraziogile bai narratzaile gisa, gatazka jakin batzuk bideratzeko?

Azkenaldian joera handia dago, kontalaritza hartuta, bere horretan duen balioa eman baino, beste zerbaiterako erabiltzea, dela irakurketa sutatzeko, dela haurrei zaborra nola bereizi behar den irakasteko. Gatazkarik konpontzeko balio duen edo ez, gatazka hori konpondu nahi duenaren arazoa da, ez kontalariarena. Sormen artistikoak, eta kontalaritza hori da, bere horretan du balioa, eta sortzaileak berak jakin behar du zer adierazi nahi duen bere lanaren bitartez. Hori beste ezertarako erabilgarria den, besteen kontua da.

Nola ikusten duzu euskal kultura gaur egun? Zertan dabil sendo eta zer du hobetzeko?

Gaur egun euskal kulturan baino, kulturan orokorrean ematen ari den eboluzioa merkantilizaziorako joera itzela ikusten dut. Turismoari zuzendutako kultura, sortzaile edo eragile herritarren eskutik kanpo, interes komertzial hutsak dituzten eragileetara pasatzen ari da. Honek sormena bera baldintzatzen du, zure lana ezagutarazi nahi baduzu merkatu horren legearen menpe jarri beharko duzu, edo bestela bazterreko bideetatik ibili. Eta hori ez da ona ez kulturarentzat ezta herri batentzat. Gogoeta sakonaren beharra ikusten dut jendartean bertan, kulturak gure ongizatean zein pertsonaren garapenean duen garrantziaren gainean. Entretenimendurako kulturak balore indibidualistak, kontsumozaleak, kritikarik gabekoak sartzen ditu oharkabean gure bizimoduan. Eta euskaldunok ere jasaten dugu. Uste dut gogoeta horri heldu beharko geniokeela. Dena dela, ez da dena hain ilun, uste dut Euskal Herriak inoiz eman ez den kultur sortzaile kantitate eta kalitate andana dugula, hortaz ohartzea eta balioan jartzea falta zaigu askotan. Zirelako gara, garelako izango dira, sorginen esaera zaharrak edukiz betetzen jakin behar dugu.

Imaginatzen dut beti adi dabilen horietakoa izango zarela, handik eta hemendik ideiak jasotzen. Pasadizoren bat edo beste izango duzu kontatzeko.

Aurrekoan Topon noala haur batek galdetu dio amari: “Ama, topo trena da?; eta amak: Bai, noski. Haurrak: Orduan zergatik ez du Tuuu, tuuu! egiten? (eskuaren keinu batekin laguntzen duela)”. Mundu bat dago galdera horietan.

letrArt

2018, Uztaila 01
Arloa: Berba Bi