Telegram erabiltzen hasi

Telegram, ezagunagoa den Whatsapp-en aldean interesgarriagoa da bereziki talde edo lan komunikaziorako. Hori esatea asko da, baina baditu besteak ez dituen hainbat berezitasun. Biak konparatu baino, Telegramek dituen berezitasun horiei erreparatuko diegu gaurkoan.

Norbanako bezala Telegramek eskaintzen duen gauza interesgarrienetako bat ezizenen erabilera da. Telegram barruan ezizen bat aukeratu eta hori izan daiteke sarean zehar erabiliko den izena, telefonoa izena emateko garaian eman behar bada ere ezkutuan mantendu daitekeelarik.

Norberak bere buruari mezuak bidaltzeko aukera ere oso funtzio erabilia da. Oharrak hartu edo gorde nahi diren informazioak eskura edukitzeko aukera ematen du. Azken bertsiotan, menuan gordetako mezuetara sarbide zuzena dago.

Txat mota ezberdinak ere eskaintzen ditu, segurtasun mailaren arabera. Txat arruntek segurtasun maila altua eskaintzen badute ere, txat pribatuentzako aukera dago. Txat mota hori erabiliz, bi pertsonen arteko komunikazioa puntutik-puntura zifraturik joango da. Hau da, hartzaileak soilik irakurri ahalko luke mezua.

Txat pribatu horietan konfigura daitekeen beste gauzatako bat, mezuen iraupena da. Mezua irakurri eta denbora batera mezu horiek desagertzeko konfigura daiteke adibidez. Horrela, mezuak irakurri ondoren txatetik desagertuko dira.

Segurtasun aldetik, beste aukera interesgarri bat aplikazioarentzako gako bat ezartzeko aukera da. Sakelakoaren segurtasun fisikoa oso garrantzitsua da, askotan mugikorra ondoan piztuta dagoela aplikaziora sartu eta mezuak ikusteko aukera ekiditeko balio du honek. Horrela aplikazioa irekitzen den bakoitzean gako bat eskatuko dio erabiltzaileari.

Beste hainbat partekatzeko aukera berezi ere eskatzen ditu tresnak, horien artean zuzeneko geokokapena. Honi esker, nahi dugun kasuetan soilik gure kontaktuei une oro non gauden esan ahalko diogu. Lasai, konfiguratu dituzun minutuen ondoren, aukera desgaitu egiten da eta.

Bereziki interesgarriak dira, eranskailuak (sticker ingelesez). Eranskailuak ohiko emotikonoen espresioak adierazteko irudi bilduma dira. Emotikonoek emozioak adierazteko balio badute, eranskailuek emozio horiek pertsonalizatzeko balio dute. Bilduma asko dago, gai ezberdinekin, bildumak gehitzeko nahikoa da irudietako batean klik egin osorik bilduma deskargatzeko. Horiekin batera @gif jarriz eta atzetik nahi duzun hitza, horri lotutako irudiak ere erabili daitezke mezuetan.

Orain arte norbanako bezala interesgarriak izan daitezkeen ezaugarriak ikusi ditugu, baina talde lanerako ere interesgarriak direnak ere badira. Horien artean bi kanalak eta taldeak.

Kanalek, izaera publiko edo pribatua izan dezakete eta noranzko bakarreko talde komunikazioa da. Hau da, mezua bidali eta askok jasoko dute, baina hauek ez dute erantzunik emateko aukera izango (baldin eta esplizituki ematen ez bazaie). Aldi berean, kanalak URL helbide propio bat izango du t.me/kanalizena formatuan. Helbide hori zabaldu eta jendea kanalera harpidetzeko erabil daiteke.

Taldeek ere izaera publiko edo pribatua izan dezakete eta normalean bi noranzko komunikazioa da. Hau da, mezuak bidali bai, baina jendeak mezuei erantzun diezaioke, elkarrizketak sortuz. Kanaletan bezala, kanalak publiko diren kasuetan t.me/taldeizena formatuko URL bat izango du. Hala ere, normalean ohikoagoa da taldeak pribatuak izatea. Kudeatzaile bat (edo batzuk) izan ditzakete taldeek eta baimenak ere nahi eran kudeatu ditzakete, erabiltzaileei hainbat funtzioa egiteko baimena jarri edo kenduz. Administratzaileak nahi badu, mezu zehatz bat goran jar dezake itsaskor, taldera sartu ala ikusteko denek.

Barne mezularitzan beste hainbat tresna daude, Telegram berak bere berehalako mezularitzaren aplikazioaren beste bertsio bat du Telegram X. Horretaz gain, Signal eta Matrix beste software libreko bi alternatiba dira.

Telegramen munduan eta bereziki euskarazko munduan sakondu nahi izanez gero Telegram.eus-en aurkituko dituzu euskarazko baliabide eta erreferentziak. Disfrutatu!

Gorka Julio

2018, Ekaina 29
Arloa: Sarean