Mariasun Landa - Idazlea

Estibalitz Ezkerra

a2elk1.jpg

“Gustatzen zaidana idazteko askatasuna besterik ez dut desio”

  • Errenteria, 1949.
  • 1973an Filosofian lizentziatu zen, Parisen.
  • 1982an argitaratu zuen bere lehen liburua, eta ordutik hona haur eta gazteei zuzenduriko 25 obra kaleratu ditu. Haietarik azkenak, Krokodiloa ohe azpian-ek, Espainiako Sari Nazionala jaso du aurten.
  • Gaur egun, EHUko Donostiako Irakasle Eskolan lan egiten du.

Sariarena jakin zenetik, telefonoak ez dio behin ere jotzeari utzi. Batzuetan, pixka bat larritu egiten dela esan digu Mariasunek, baina pazientzia handiz eramaten ari da kontu hau guztia. Ekaitza baretu arte itxarongo du, gogoko duen idazketari ekiteko.

a2elk2.jpg

 

Nolakoa zen Mariasun umetan?

Familiakoen esanetan, zazpi urte arte nahiko bihurria izan nintzen. Nik neuk oso pozik gogoratzen dut neure burua. Lagunkoia nintzen, baina, aldi berean, lotsatia. Oso lotsatia. Orduan Bergaran bizi ginen, eta zoriontsua nintzen. Benetako urrezko aroaorduantxe gertatu zela esan daiteke. Zortzi urte nituela, Pasai-Antxora joan ginen bizitzera. Lagunak, eskola… Dena zen berria niretzat. Moja eskola batera bidali ninduten, Batxilergoa arte hantxe egon nintzen, eta une horretatik aurrera haurtzaroa ilundu egin zitzaidan. Mojen diziplina izugarri gogorra zen, eta zigor asko jartzen zizkiguten. Gaur egun, gurekin erabili zuten metodologia gogoratzen dudan bakoitzean, ikaratuta geratzen naiz.

Aldaketa horiek guztiek eragin handia edukiko zuten zugan.

Bai. Tunel txiki ilun batean sartu nintzela esan daiteke, eta nahiko itxia bihurtu nintzen. Baina 12 urte bete nituenean, Batxilergoan sartu eta berriro lehengo poztasunera itzuli nintzen. Mojek basatiak izaten jarraitu zuten, jakina, baina ordurako lagunak eginak nituen, gure arteko giroa hobea zen… Ikasle moduan ona nintzen; ez nuen inolako arazorik ikasketekin. Frankismoaren memento ilunenetako batean geunden, dena zen errepresioa, baina sasoi hartako Mariasun indartsuago gogoratzen dut. Oro har, oroitzapen dibertigarriagoak ditut.

Beraz, haurtzaro zoriontsua eduki zenuela esango zenuke?

Ez, haurtzaro erraz eta zoriontsua izan nuela esatera ez nintzateke ausartuko. Nahiz eta familia normal batean jaio eta bizi nintzen, hau da, dramarik ez nuen ezagutu, garai batean dezente sufritu nuen. Sentimenduetatik aztertuta, ez zen sasoi perfektua izan. Dena den, haurtzaroa oso garai intensoa dela uste dut. Haurrek emozio bortitzak izaten dituzte, helduok ere ezagutzen ditugunak, hala nola maitasuna, gorrotoa, inbidia, frustrazioak… Gertatzen dena da haurtzaroan (eta horregatik zaindu behar dira umeak) gauzak hitzez adierazteko arazo handiak ditugula. Umeek helduek bezainbeste (agian gehiago) sentitzen dute, baina haiek adierazteko zein kontrolatzeko baliabiderik ez dute. Hizkuntza, azken finean, emozio horiek guztiak menperatzeko forma bat da.

Haurtzarotik zara irakur zale?

Nire ustez, lotura doaz biak. Niretzat liburuarena konpainia ederrenetakoa zen. Ez ahaztu garai haietan telebistarik ez zela existitzen. Nire inguruan, behintzat, ez. Hamasei urte nituela sartu zen telebista gure etxean. Beraz, haurtzaroan liburuek izugarrizko tokia bete zuten. Oso ondo bereizten genituen eskolan eskolan irakurri beharreko testuak, gustuko genituen liburuetatik. Berez, irakurtzea ez zen ondo ikusten, denbora galtzea zelako. Irakurketa ikasteko zen, bestela kanpora. Alde horretatik, irakur zaletasuna zerbait debekatuarekin lotzen genuen, eta horregatik zen hain interesgarria. Tom Sawyerren abenturak bi edo hiru aldiz irakurri nituen, eta Altxor uhartea, Emakumetxoak… Gogo izugarriarekin gainera! Gero beste liburu asko etorriko ziren, baina beti ere transgresio horri loturik. Nire inguruan, behintzat, hala zen. Agian beste familia batzuetan irakurketa erabat onarturik zegoen. Komikiekin, adibidez, droga balitz bezala ibiltzen ginen, ezkutuka. Orduan garrantzitsuena frantsesa zein matematikak ikastea zen. Eta inguru hartan, liburuan dena aurkitzen genuen: gure irudimenerako, gure fantasiarako bidea.

Eta idatzi egiten zenuen?

Irakur zaletasunarekin batera etorri zen. Neuk ere halako istorioak asmatu nahi nituen, eta horrela piztu zitzaidan idazteko gogoa. 12-13 urte nituenerako ipuin batzuk idatzita neuzkan, haiekin liburu moduko zerbait egin nuen haiekin (marrazkiak nik neuk egin nituen, azalak jarri nizkion), eta gordeta daukat oraindik. Nire bokazioa oso tipikoa izan dela esan daiteke; nahiz eta bizitzak batetik bestera eraman izan nauen, nerabezaroko ideala gorpuzten ahalegindu naiz.

 

Hain zuzen, institutua eta gero Parisera abiatu zinen Filosofia ikastera.

Lehenago gizarte laguntzaile izateko ikasketak egin nituen, eta ondoren Parisera abiatu nintzen. 19 urte nituen orduan, eta lau urteko lizentziatura egin eta gero hona itzuli nintzen, euskara ikasi nuen, ikastolan irakasle hasi nintzen… Filosofia hutsa ikasten hasi nintzenean, gutxien uste nuena zen Haur eta Gazte Literatura idazten amaituko nuenik. Idatzi idazten nituen gauzak, eta lehiaketa bat edo beste irabazi nuen. Eta hara non 1974an Zarautzen nengoen, oraindik ikastola handia egin gabe zegoenean. Haur multzo bat nuen inguruan, sei urtekoak denak, haiek niri begira eta ni Filosofia ikasketak amaitu berria, nondik hasi ez nekiela. Ez genuen bat ere materialik, irakasleok dena egin behar izaten genuen. Eta horrela hasi nintzen ikasleentzat euskaraz idazten, hasierako bokazioari bide eginez.

Lan handia egin beharko zenuen, beraz.

Bai, baina ez nik bakarrik. 75. urte inguruan, Zarauzko ikastola hartan Anjel Lertxundi, Juan Martin Elexpuru, Joxean Ormazabal, Imanol Urbieta, Txiliku eta beste hainbat bildu ginen. Denok ginen eskola hartako irakasle. Memento hartan ez zegoen ezer, baina gure artean aurrera ateratzeko gogo handia zegoenez, sormen handiko unea izan zen hura. Jakina, guk ez genekien denborarekin gauzak aldatuko zirenik, ezta Haur eta Gazte literaturako idazle bihurtuko ginenik ere.

Denbora luzez, Haur eta Gazte literatura topikoz inguraturik egon da. Nola haurrei zuzendurekin dagoen, arina eta sinplea izan behar zela uste izan dute askok. Alabaina, zuk etiketa horiekin guztiekin hautsi duzu, eta nolabait debekatuak ziren gaiak jorratu dituzu konplexu barik.

Haur eta Gazte literatura bigarren kategoriakoa dela uste izatea aspaldiko kontua da, literatura akademikoak berak ezarrita. Baina, gaur egun, bestelako ikuspegia nagusitzen ari da. Ekoizpena izugarri handia da, idazle asko dedikatzen dira horretara (Euskal Herrian, behintzat, helduen literatura idazten duten gehienek Haur eta Gazte literatura ere landu eta lantzen dute), eta horrek, nolabait, duintasun literario eta soziala eman dio.

Haur eta Gazte literatura hezkuntzan sartzeak ere edukiko zuen eraginik.

Dudarik gabe. Hain zuzen, azken 25 urte hauetan gertatu den aldaketarik handiena Haur eta Gazte literatura hezkuntzan sartzea izan da. Aipatu dizut nola gure belaunaldikook argi geneukan zeintzuk ziren eskolako liburuak eta zeintzuk geure gustuko liburuak. 80. urte inguruan konturatu ginen haur literatura eskolaratu behar zela. Hau da, gure ustez posible zen haurrak gustuko zituzten liburuekin heztea. Eta literatura eskolaratzea lortu zen garai hartako pedagogoek, maisu-maistra aurrerakoiek eta beste sektore askok borroka handia egin zutelako.

Ordutik hona, merkatua izugarri zabaldu egin da.

Haurrek zenbait ondorio ezkor ekarri ditu. Batetik, literatura hori gehiegi komertzializatu egin da, baina, bestetik, gaur egungo haur eta gaztetxoek guk izan ez genuena eskura daukate: beraientzat propio idatziriko liburuak. Baina bai, urte hauetan konturatu gara agian gazte literatura hori gehiegi eskolarizatu egin dela. Alegia, haurrek literatura eskola-institutuekin lotzen dute, eta eskola-institutua uzten dutenean liburuarekin ahaztu egiten dira. Hasieran aurrera pausutzat jo zena emaitza nahiko arriskutsuak eman ditu. Horregatik, orain planteatzen dugu nola atera ditzakegun liburuak esparru horretatik. Hau da, irakurketa eskolan mantendu, baina hortik kanpo ere haurrek irakurketara jotzea. Konturatu daitezela zerbait jostagarria izan daitekeela, exijentziarik gabea. Izan ere, askotan gaizki tratatu dugu literatura, haur eta gazteei liburuen gainean ariketaz proposatuz, eta gozamenerako dena lan bihurtuz. Zeren literaturak zerbait baldin badauka plazera sortzeko ahalmen hori da. Eta gazteengan plazer hori sustatu nahi badugu, eskolan literaturari tratamendu berezia eman beharko zaio. Bestela, akabo. Dena den, ezin da eskola arazo guztien erantzule bihurtu. Helduok dena eskatzen diogu eskolari: geure haurrak hezi ditzala, irakur zale bihurtu ditzala. Baina horren inguruan hipokresia izugarria dago. Helduok haurrari eskatzen diogu guk geuk egiten ez duguna, hau da, irakurtzea. Eskolan irakurketaren inguruan dituzten estrategiak berriro planteatu behar dira, bai, baina familia ohiturak ere aldatu behar dira.

Hitz egin dezagun gustuko dituzun irakurketez. Markatu zaituen liburuak aipatzeko esango banizu…

Bizitzako etapa bakoitzaren arabera aipatuko nizkizuke. Txikitan, adibidez, Tom Sawyerren abenturak, Altxorraren uhartea, komikiak oro har gustuko nituen. Nerabezaroan, helduen literaturan sartzen zara, eta hor gustuko liburu asko ezagutu nituen. Egile batzuekin leiala izan naiz; literatura frantsesa, adibidez, dezente irakurri dut, Sartre eta. Ipuingile bezala, Julio Cortazar izugarri gustatu zitzaidan. Gaur egun, Carver amerikarraren ipuin laburrak zein Carson McCullersen lanak izugarri atsegin ditut. Izenak eta izenak ematen jarrai nezake… a2elk3.jpg

 

Zer esan dezakezu zeure inspirazio iturriei buruz?

Inspirazioa hitz anbiguoa da. Nire ustez, istorio bat ez da memento batean edo bestean sortzen. Gehiago da gehitze bat. Hau da, lehenik eta behin pertzepzio batzuk dituzu, haien gainean hausnartu egiten duzu, gero pertzepzio horiek beste ideia batzuekin lotzen dituzu, eta, horrela, misteriotsuki, istorio bat sortzen zaizu buruan. Lehen fasean, horixe da garrantzitsuena: istorioa bera. Ea mantenduko den, ea norberaren autozentsura gainditzen duen. Istorio hori gauzatzen doala ikusten duzunean, orduan norengana zuzendurik dagoen pentsatzen hasten naiz. Bi fase horiek bereiztea oso garrantzitsua da niretzat. Lehenengo atala kenduko bazenit, literatura ez litzaidake hain interesgarria egingo. Izan ere, modu horretan idazteko plazera kenduko zenidake.

Hainbat sari jasotakoa zara, haietarik azkena Espainiako Sari Nazionala. Zer suposatu du horrek zuretzat?

Euskararen inguruan gabiltzanontzat albiste ona izan da, batez ere une honetan, berri pozgarri gutxi izan baititugu azkenaldian. Nik horrela jaso dut, eta heldu zaizkidan mezuek ere hala ulertu dute. Poztu dira euskaraz egindakoari egiten zaion errekonozimenduak, baina baita neuri egile moduan tokatzen zaidanagatik. Izan ere, nire kasua nahiko berezia da. Ingelesera, frantsesera, alemanerara, greziarrera… Nire liburuak hainbat hizkuntzatara itzulita daude, kanpoan nolabaiteko oihartzuna dudala esan daiteke, baina estatu espainolean ez zuen horrela ematen. Hain zuzen, gehienek, bai hemengo adiskideek bai kanpokoek, bi esaldi errepikatzen zituzten beren mezuetan: bazen garaia batetik, eta merezi duzu bestetik. Eta, dudarik gabe, liburua baloratu egin dela adierazten du sariak. Zeren oso polita da kontu hau guztia, baina liburua ez bada ona, ezin dute saria eman, ezta eman behar ere.

Hain zuzen, Krokodiloa ohe azpian liburua ezusteko ederra izan da irakurleontzat. Miresgarria da nola lortu duzun kontu sakon bat hain modu errazean kontatzea.

Haur eta Gazte literaturak duen erronka literariorik handiena da gauza sakon eta interesgarriei buruz hitz egitea ahalik eta modurik errazenean. Baina ez modu erraz-sinplistan, baizik eta era egokian, dinamikoan, erritmo handiz, umorea erabilita. Nire ustez, umorea oso garrantzitsua da bai bizitzan bai literaturan. Belztasunetik, tragediatik distantzia bat hartzeko eta zeure buruari barre egiteko modu bakarra da umorea. Krokodiloa ohe azpian-en kontatzen dudan istorioa nahiko terriblea da, baina umore erregistro batean kontaturik dago. Eta nahiz eta gaia oso latza den, bukaera itxaropentsua dauka. Azken finean, nik neuk bizitzarekiko dudan jarrera islatzen du. Depresioa hor dago, memento latzak bizi ditzakegu eta munstroak edonoiz ager daitezke. Baina haiekin bizi behar dugu, eta itxaropena ez da sekula galdu behar. Ilusioa eduki beharra dago, bestela akabo.

Idatzi gura zenuke liburua?

Ez daukat nahi berezirik. Memento honetan, idazteko denbora lortzea besterik ez dut nahi. Eta osasuna izan. Bi gauza horiekin eta buruan ditudan ideia zein sentimenduekin, zerbait egingo nuke. Baina une honetan beldur horrekin harrapatzen nauzu: lehendik ere denbora gutxi neukan, eta orain sariaren kontuarekin… Horregatik, denbora izatearekin konformatzen naiz. Eta gero zer idatzi? Gustatzen zaidana idazteko askatasuna besterik ez dut desio.a2elk4.jpg

Argazkiak: Jose Usoz

Estibalitz Ezkerra

2003, Azaroa 01
Arloa: Berba Bi