Lehengoekin eta gaurkoengandik txapel hau gerokoentzat
Maialen Lujanbio irabazle,
Sailkapena: Aitor Mendiluze, Sustrai Colina, Amets Arzallus, Igor Elortza, Aitor Sarriegi, Beñat Gaztelumendi eta Unai Agirre.
14.600 lagun bildu dira finalean
BEC Euskal Herriaren plaza
Oso giro bertsozalea nagusitu zen egun osoan zehar. Goizeko saioan irregular aritu ziren bertsolariak. Erabat lehertu gabe, baina Maialen Lujanbiok hasierako ofiziotik erakutsi zuen txapelerako hautagai izango zela. Aitor Mendiluzek, Sustrai Colinak eta Aitor Sarriegik ere goitik beherako saioa egin zuten goiz osoan zehar eta arratsalderako aukerekin agertu ziren.
Gaia: Kirolari profesionalak zarete, eta publizitatea egiteko eskaintza asko jasotzen dituzue. Zu, Maialen, edozer iragartzeko prest zaude. Unai, ordea, ez.
M. Lujanbio:
Hemen dirua baita kontua
nola ez esan akabo
futbol zelaian egiten degu
izerdi eta ur trago
Real Sociedad S.A.ri ta
txinoei salduta nago
ta honezkero ze inporta zait
pixka bat salduxeago. (bis)
U. Agirre:
Real Sociedad S.A. jarri
degu zerura bidian
gauza hoiekin larritu xamar
dago Unai aspaldian
edozer gauza egin leikela ta
nago beldurrak aidian
diru beharrik izango banu
egingo nuke agian. (bis)
M. Lujanbio:
Bederatzia bizkarrean ta
orain oparo zabiltza
promesa eta errealitate
dena parra, dena bitsa
baina hautsiz gero belauna edo
zartatu izterreko mintza
Unai, esnatu, laburra da ta
futbolarion bizitza. (bis)
U. Agirre:
Barkatu baina hau izango da
segun nun jarri tamaina
ni familia xume batetik
etorri naiz alajaina
gure bizitza oso laburra
degu futbolean baina
urtebetean irabazi det
nornahik bizi osoan aina. (bis)
M. Lujanbio:
Nahikoa diru badezu behintzat
hortan ez zera labaintzen
nik hala ere segitu nahi det
banku kontua bikaintzen
ta hor azaltzen naiz kremekin edo
txanpuaz ilea zaintzen
futbolarioi ez digute ta
pentsatzearren ordaintzen. (bis)
U. Agirre:
Berak zipitzik ez du pentsatzen
gogorra izan da gero
nere burmuinak kontu honekin
orain daude bero-bero
baina sekula saldu ez naizenik
ere ez zazu espero
sagarduana igual eingo det
Unaik eskatu ezkero. (bis)
Aitor Mendiluze eta Maialen Lujanbio, buruz-burukoan
Arratsaldeko saioan hurrenkera berria egokitu zitzaien bertsolariei. Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Beñat Gaztelumendi, Aitor Sarriegi, Unai Agirre, Sustrai Colina, Igor Elortza eta Aitor Mendiluze izan dira kantuan. Arratsaldeko bakarkakoan Maialen Lujanbio izan zen lehena abesten eta lanik biribilena egin zuena ere.
Gaia: Ama izan zara. Denek diote pozik egon behar zenukeela, baina ez zara hala sentitzen.
Gizartearen joera batek
ote nindun hona bultza?
nere bizitzan egiteraino
horrenbesteko doikuntza
ama bakarra izan nahi nuen
eta jaso dut laguntza
tratamentutan nekea eta
osasuna ta dirutza
ta azkenean zabaldu da, ba
nire ametsaren kutxa
ume txiki bat bilakatu dut
nere bizitzaren funtsa
lehen ezaren hutsa nuen ta
gaur izan ondoko hutsa (bis)
Hain pozgarria behar zuena
izan zitekeenik hitsa
bera negarrez, bera oihuka
berak ezpainetan bitsa
eta nik nola ondo ez dakidan
nola den ama langintza
umearekin nabil nolabait
ezin aurkiturik giltza
nere lagunek ta medikuek
ai, ze aholkularitza!
Ia lau urte eta erditan
tratamentuan gabiltza
nik ez dakit ze puntutara arte
behartu behar den bizitza. (bis)
Ez dut esango ume txikiak
egiterik enbarazu
baina batzutan erotzen nau, bai
negar egiten du gartsu
nola liteke izan hain txiki
hain handi ta hain ahaltsu
egunen baten haziko zara
ta egingo didazu kasu
triste ta pozik, pozik ta triste
mila sentipen jo ta su
xiringa baten genea baina
nere aurpegia daukazu
ta luze gabe adiskide izan
beharko gara ni ta zu (bis)
Zortzi bertsolarietatik buruz burukora sailkatu dira Aitor Mendiluze eta Maialen Lujanbio. Aipagarria Maialen Lujanbiok kartzelako gaian sortu duen kontakizuna.
Gaia: Bada ordu-erdi auto bera atzetik duzula.
Esan ziguten hau zala
pagotxaren erresuma
baina gaueko lanean
hemen gabiltza ze suma
negu hotzean jantzi gutxiz
dijoa gure jarduna
lanerako da gaua ta
lanerako da eguna
nolabait salbatzen degu
gure presente zurruna
biharra etorkizuna
guretzat beti lurruna
gizon bat dijoa txofer
nigatik ordaindu duna
ez dakit bera ala ni
hemen nor den erruduna (bis)
Miribillako rotondan
errekarriz errekarri
bezalaxe egin ditut
mila buelta errukarri
geratzen dira kotxeak
ta guk begira elkarri
beraiek «etorri!» esan
ta guk: «dirua ekarri!»
Nahi bezalako bezero
atseginik ez da sarri
ta askotan gisan orain
autoan estu ta larri
ertzain auto bat atzetik
eta sirenak aldarri
baietz bera libre utzi
ta neri isuna jarri. (bis)
Nerbioi ertza, San Frantzisko
Mercedetik ta Somera
hor doa gure ihesa
ta ihesaren errobera
nere animoak dabiltz
orain gora, gero behera
nere ezkerreko jaunak
ez dirudi oso onbera
ta ertzainak harrapatzen
ez bagaitu ere zera:
pentsa zenbaterakoa
izango dudan plazera!
Horrelakotxea baita
gu prostituton papera
irabazten dugula ere
galtzen ateratzen gera. (bis)
Sebastian Lizasok jantzi dio txapela Lujanbiori, 2017ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko irabazleari. Hemen txapeldunaren agurra, datozen belaunaldi berriei eskainia.
Txapeldunaren agurra:
Herri hau herri egin al dugu?
Ze eman du bizikidetzak?
Zenbat eman du euskalduntzeak?
Ez behar beste guretzat
berrogei urte ta garaia da
egurasteko ametsak
akaso hortan bertsolaritza
ona da adibidetzat
beti ez du goitik behera egiten
transmisioaren trentzak
guk behetik gora ikasi dugu
ta zabaldu muga ertzak
lehengoekin ta gaurkoengandik
txapel hau gerokoentzat!