Virginia Berasategi - Triatleta

Kontaizu

berbi4_1.jpg

"Orain artekoa ez nuke ezergatik aldatuko"

  • Bilbo, 1975.
  • Hamabost urterekin hasi zen triatloian lehiatzen.
  • Familiatik datorkio kirol zaletasuna. Hain zuzen, aita estatuko lehen triatloi kirolaria izan zen.
  • Uda hasieran, Eivissan antolatu zuten proban, triatloiko distantzia luzeko proban munduko txapeldun bihurtu zen.

Goizean goizik bizikleta hartu eta entrenatzera abiatzen da. Goiz osoa igarotzen du horrela. Ondoren, bazkaldu, atseden pixka bat hartu, eta berriro entrenatzera. Agenda horrekin, ia ezinezkoa da berarekin berba egiteko tarte libre bat lortzea.

berbi4_2.jpg

 

Munduko Triatloi txapelduna izendatu ostean, zer moduz

Halako titulu bat jasotzeak on egiten dio edonori. Hasieran, arraro egiten zitzaidan neure burua “munduko txapelduntzat” jotzea. Egia da denon ametsa dela maila horretara iristea, baina behin unea helduta sinestezina iruditzen zaizu. Baina tira, pixkanaka-pixkanaka gertaturiko guztia onartzen zoaz, eta, bai, ondo eramaten da tituluaren kontua. Triatloiari hainbeste urte eskaini eta gero, pozik nago lortutakoarekin.

Halako garaipen batek zer suposatzen du? Aldaketarik sumatu duzu Eivissako probatik hona?

Eivissarantz abiatu aurretik brontzezko domina bi lortu nituen beste proba batean, eta jendeak lorpen horiengatik zoriondu ninduen arren, ez zen gauza bera izan. Lehen postura iritsi behar zara gizarteak zuk egindakoa benetan ontzat jo dezan. Eta, gainera, lehen postu horrek munduko kirolaririk onena izendatzen bazaitu, orduan bai, egiten duzunak meritua duela esango duela. Dena den, nahiz eta garaipen baten ostean jendeak zein komunikabideek arreta handiagoa eskaini arren, betiko bizimoduari eusten saiatzen zara.

Kasualitatez, Euskal Herriko kirolari bi zarete triatloiko munduko txapeldunak: Eneko Llanos eta zeu. Euskal Herrian maila ona dagoen seinale?

Aspalditik nuen horren ustea. Kirol esparru horretan fitxa federatu gehien dituen komunitate autonomoa gara, eta horrek nahikoa adierazten du. Bestetik, triatloia erresistentzia kirol bat da, indar mental handia eskatzen du, eta, nire ustez, euskal herritarren ezaugarrietako bat da hori. Hain zuzen, kontu hori dela medio gurean atletismoa zein txirrindularitza bezalako kirol gogorrek tradizio handia dute. Gainera, denbora asko daramagu lanean. Llanos anaiak ezagutzen ditut, baita triatloian aritzen diren beste hainbat kirolari ere, eta oso pertsonak konstanteak dira, izaeraz gogorrak, batzuetan lorpen handiak eskuratu ez arren lan ikaragarria egin dutenak. Alde horretatik bai, Euskal Herrian maila ona dagoela iruditzen zait. Eta ez dut nik bakarrik esaten. Kanpoan ere maiz entzun dut hori.

 

Kirolean lorturiko mailak ba ote du islarik erakundeetatik zein komunikabideetatik jasotzen dituzuen laguntzetan?

Ni neu ezin naiz kexatu, komunikabideek ondo tratatzen bainaute. Baina kontua da hamabi urte daramatzadala honetan, eta kasu egiten badidate denbora horretan zerbait erakutsi dudalako da. Hasieran, aita eta biok komunikabiderik komunikabide ibiltzen ginen irabazitako proba guztien berri ematen, eta horretan tematu ginelako lortu genuen hedabideek interesa agertzea. Horregatik eta emaitza onak eramaten nielako. Beraz, lan gogorra egin behar izan dut arreta maila horretara iristeko. Dena den, oraindik telebistaren arreta bereganatu ez duenez, ezin dugu esan triatloia masak erakartzen dituen kirola denik. Kirol olinpikoa denez, Espainiako selekzioak gainerako diziplinetan bezala emaitzen araberako bekak banatzen ditu, eta gainerako erakundeek ere antzera jokatzen dute. Baina argi dago ez dela gauza bera Munduko Motor txapelketa irabaztea edo triatloikoa. Lehenengoan, titulua jasotzen duzun unetik ziurtasun osoz dakizu datorren urterako babeslerik ez zaizula faltako. Aldiz, triatloian ez pentsatu gauzak askorik aldatzen direnik. Espero dut hurrengo denboraldirako arazorik ez edukitzea, baina munduko txapelduna izateagatik ez naiz eskaintza ekonomiko ikaragarriak jasotzen hasiko. Aitzitik, ate guztiak jotzen jarraitu beharko dut, tematiago beharbada, baina beti ere urteko ogia bermatzeko.

Bizirauteko adina ematen du kirol honek, beraz.

Bai, bai.

Sarritan galdetuko zizuten zergatik aukeratu zenuen triatloia hain kirol gogorra dela kontuan harturik.

Neurri batean, normala iruditzen zait askori arraroa iruditzea. Baina nire kasuan aukeraketa naturala izan da. Jaio nintzenetik, kirola izan dut inguruan. Aita igeriketa entrenatzailea zen eta ama, berriz, atleta. Ni neu ikastolan kirol jarduera guztietan izena emateko ohitura nuen. Udan ere zer edo zer praktikatzen saiatzen nintzen, berdin zitzaidan saskibaloia, tenisa ala igeriketa zen. Gero, kasualitatez, aitak Frantziako igeriketari buruzko aldizkari batean triatloiari buruzko erreportaje bat ikusi zuen, eta besterik gabe horretan hasi zen. Hain zuzen, bera izan zen estatuko lehen kirolaria triatloia praktikatzen. Beraz, egoera ez zitzaidan arrotza egiten. berbi4_3.jpg

 

Eta horrelaxe piztu zitzaizun zaletasuna.

Bai, azken batean, neure bizitzaren parte bihurtu zen. Aita probetara ikusten joaten hasi nintzen, giroa gustatzen zitzaidan (kiroletik gehien estimatzen dudana da). Gainera, gurasoen eraginez atletismoa eta igeriketa praktikatzen nituen. Orduan ez nuen pentsatzen triatloian amaituko nuenik, baina 15 urte nituela aitak proba batean parte hartzeko nahikoa maila nuela esan zidan. Txirrindularitzan trebatzea besterik ez zitzaidan falta. Eta gustura ekin nion horri ere, iraupen luzeko kirolak gogoko izan baititut beti. Jakina, kirol horretako bi diziplinetan ondo aritzeak ez zuen esan nahi puntako triatleta izango nintzenik. Hain zuzen, zure gorputzak onartu behar ditu kirol batetik bestera egiten diren aldaketak. Zorionez, horretan ez nuen arazorik eduki. Are gehiago, hasi eta berehala emaitza onak lortu nituen. Beraz, faktore asko zeuden erabaki horretara eraman nindutenak.

Hiru kirol biltzen dituen modalitatea izanik, diziplina handia beharko da triatloian, ezta?

Batez ere, denbora handia eskaini behar zaio. Hiru kirol batzen ditu, haietako bat txirrindularitza, eta horretan bakarrik goiz osoa betetzen duzu. Gero, arratsaldea igeriketaren eta atletismoaren artean banatzen duzu. Batzuetan, gimnasioan ere ordu batzuk igarotzen dituzu. Hau da, maila jakin batera ailegatu gura baduzu, argi eduki behar duzu eguna horretan joango zaizula. Zaila da bestelako jarduerekin tartekatzea. Gainera, elikadura eta atsedena zaindu behar dituzu, haiek ere entrenamenduaren parte direlako. Irteerei eta une jakin batean egin nahiko zenituzkeen hainbat gauzei ezetz esan behar diezu. Beraz, bai, diziplina handia behar da, baina gutxi gorabehera kirol guztietan diziplina beharrezkoa da.

Diozunagatik, gauza askori uko egin behar izan diezu triatloian aritzeagatik. Urte hauen guztien ostean, merezi izan du egindako sakrifizioak?

Dudarik gabe. Diziplinarena ez dut muga bezala bizi, txiki-txikitatik arras diziplinatua izan bainaiz. Dena den, ohiko galdera da hori. Batzuentzat, gaztaroa alferrik galtzen nabil. Ez naiz uste berekoa. Beste modu batera bizi dudala iruditzen zait. Halakoak egiteko epe jakin bat dagoela uste dut, eta, horren ostean, egongo da irteteko denbora. Izan ere, bizitza bera luzea da, baina, horren barruan, kirolari eskaini ahal zaion tartea txikia da. Gainera, orain arte egindakoa (kontinente guztietatik bidaiatzeko aukera eduki dut, hainbat kultura ezagutu ditut) ez nuke ezergatik aldatuko, pertsona moduan asko aberastu bainau. Kirol honetan sartu izan ez banintz, ziur aski ez nuen halako esperientziarik bizi izango. Horregatik, pribilegiatu bat naizela uste dut, gustukoa dudana egiteaz gain asko ikasi dudalako.

Eta nola eramaten duzu hainbeste ordu eta bakarrik entrenatzearen kontua?

Horixe da gogorrena. Batzuetan, eguraldi ezin okerragoa egiten duenean, etxean geratuta zeinen gustura egongo nintzatekeen pentsatzen dut. Baina helburu bat duzunean, ilusio bat, ahalegina ez da handia. Gainera, ahal dudan neurrian kirol horietan (igeriketa, atletismoa, txirrindularitza) dabiltzanekin entrenatzen saiatzen naiz. Orain bakarka ari naiz, neure erritmora joan nahi dudalako, baina, orokorrean, konpainia bilatzen saiatzen naiz. Batez ere, inguruan jarduera berean dabilen jendea ikusteak animatzen zaituelako. Baina bakarrik aritzea egokitzen zaizunean, ilusioak eta zeure burua gainditzeko gogoak aurrera egiten laguntzen dizu.

Duela urte batzuk, lesio batek lehiatik kanpo utzi zintuen. Psikologikoki asko markatu zintuen, baina, azkenean lortu zenuen tunel ilun hartatik ateratzea.

Lesio batekin hasi zen guztia, baina bestelako kontuak gaineratu zitzaizkion... Azken batean, lesio fisikoak azkar osatzen dira, baina arazo pertsonalak, psikologikoak, ez dira hain erraz gainditzen. Kirolarekin gozatzen dudalako nabil honetan, baina memento batean gozamen hori desagertu egin zen. Nolabait, behar bihurtu zen, eta neure buruarekin gustura ez nengoenez, emaitzetan ere behera egin nuen. Orduan konturatu nintzen neure buruarekin nituen arazoak konpondu behar nituela, garrantzitsuena Virginia pertsona baita, eta haren ostean dator Virginia kirolaria. Bolada txarra pasa nuen, bai, baina egia esateko halako esperientzietatik ikasten da gehien. Lagunekin bakarrik konta dezakedala konturatu naiz, zeren dena ondo doanean jende ugari edukiko duzu aldamenean, baina gauzak okertzen direnean... Orduan inor ez da zutaz gogoratzen. Erabat osatu nintzenean, gogorra egin zitzaidan berriro lehiara bueltatzea, batik bat garai batean lortu nuen mailarekin konparatuta oso atzean geratu nintzelako. Baina hasierarako filosofiara itzuli nintzen, ororen gainetik egiten nuenarekin gozatu behar nuela, eta pixkanaka joan nintzen erritmoa berreskuratzen. Hori bai, argi neukan ez nuela kanpotik zetorkidan presioa aintzat hartu behar. Batez ere, lehenago aipatu dudanagatik, memento goxoetan denak lagun dituzulako eta okerretan ahanzturaz inguratzen zarelako. Eta lesioaren kontuaren ostean, inork ez zuen nigatik xentimorik ematen. Askok nire karrera betiko amaitu zela uste zuten. Baina ez da horrela izan.

Munduko txapelketa irabazi ostean, zer du buruan Virginiak?

Une honetan, hurrengo urtean Atenasen antolatuko dituzten Olinpiar Jokoetan daukat gogoa. Gonbidapena jasotzeko zain nago, eta, horretarako gogor lan egin beharko dut. Orain arte distantzia luzeko kategorian lehiatzen ibili naiz, eta Jokoetan distantzia laburreko proba denez emaitza onak lortu beharko ditut Atenasera joateko txartela lortzeko. Maiatza arte, ez dugu jakingo nor joango den.

Baina itxaropentsu, ezta?

Erabat. Badakit Atenasera joatea zaila izango dela, aspaldi ez baitut distantzia laburrean lehiatu. Gainera, ibilbide luzeetan hobeto moldatzen naiz. Dena den, ahal dudan guztia egingo dut gonbidapena lortzeko. Kanpoan geratzen banaiz, ez da lan faltagatik izango. Baina ateratzen ez bada ere, data berean dagoen Iron man proba prestatuko dut. Mundua ez da Olinpiar Jokoetan amaitzen; hainbat proba daude hortik, eta bizitza aurrera doa. berbi4_4.jpg

Kontaizu

2004, Urtarrila 01
Arloa: Berba Bi