Eneritz Furyak
Bere estreineko lana plazaratu du aurten. Bere kantagintzan gazte belaunaldi berrien indarra eta sormenerako trebezia nabarmentzen dira.
Nola sortzen da zure musikarako afizioa?
Etxean txikitatik ikusi dut musikarako maitasun handia, batez ere folka eta musika tradizionalarekiko, eta Euskal Herriko beste haur asko bezala, trikitixa ikasten hasi nintzen zortzi urterekin edo. Baina, nerabezaroan punka ezagutu nuen, gitarra elektrikoa ikasten hasi eta ordura arte musikarekiko izan nuen jarrera goitik behera aldatu zitzaidan. Ohartu nintzen musika egin nezakeela, birtuosoa izan ez arren, eta talderen batean aritu ostean, beste aurkikuntza bat egin nuen: jo soilik ez eta txikitatik nire benetako zaletasun handiena izandakoa, idaztea, musikarekin uztartu nezakeela. Natural samarra izan zela esango nuke.
Ba ahal dituzu erreferentzia izan diren artistak Euskal Herriko musika eszenan?
Bai, eta, egia esan, gaur egun atzerriko musika hemengoa baina gehiago entzuten badut ere, esango nuke nire oinarria finkatu dutenak Euskal Herriko musikari eta taldeak direla. Zaila da bat esaten, baina euskal rock eszena, oro har, garrantzitsua izan da niretzat, Irundik atera diren taldeak (Fermin Muguruzaren ingurukoak, Bidehutsekin lotura dutenak...) ere bai, eta topikoa badirudi ere, Ez Dok Amairu aipatu behar. Gaur egun, nire Euskal Herriko erreferente handienak nahiko gertu ditudan musikari gazteak dira, agian hedabideetan oihartzun hain handia izan ez arren, lan benetan interesgarria egiten duen jende hori: Olatz Salvador, Pelax, Kaskezur, Physis Versus Nomos, gero eta handiagoa den elektronika eszena, Iparraldeko zenbait talde...
Zure konposatzeko moduan letrek/testuek narraziozko pisua hartzen dutela iruditzen zait. Hau da, musikaz aparte kontatzen duzunari garrantzia ematen diozula. Denborarekin ohartu naiz ez dela nahita bilatutako zerbait, gehiago dela halabeharra. Ez ditut hainbeste baliabide musikal, baina, aldiz, eroso samar aritzen naiz hitzak elkarri josten, beraz, oharkabean horiek garrantzi gehiago hartzen dute musikak baino. Gustuko dut letrak anbiguo samarrak izatea, norberak bere modura uler ditzan, eta batzuetan hori lortzeari eskaintzen diot denbora. Dena den, badaude kantu zoragarriak munduan deus ere kontatzen ez dutenak. Agian, hori hartu beharko nuke hurrengo kantua egiteko erronka gisa, batek daki.
Kantu perfektu batek nolakoa izan behar du zure iritziz?
Erantzun erraza dirudi, baina, inperfektua izan behar dela esango nuke. Ez dut uste kantu perfekturik dagoenik, bizitzako beste edozein gauzarekin bezala, kointzidentzia edo hautuek egiten dute zerbait "perfektu". Ze unetan entzuten duzun zerbait, non eta norekin, edo norekin ez. Dena den, kantu batek ez badizu gorputzeko bilo bat ere mugitzen... seinale txarra. Hori bai, baliteke zure ondoan dagoenari mugitzea.
“Atrezzo” deitzen da zure lan luzea. Autoekoitzia. Autogestioak ematen dituen aukera eta baliabideetan eroso sentitzen al zara?
Badakit hedabide batzuetan hala azaldu dela, baina izatez lanak ez du izenik (tira, diskoaren izena Eneritz Furyak da, burokraziak behartzen baitu diskoak izen bat izatera). Autogestioa ertz biko labana da. Askatasun handia ematen dizu, baina zure mugen barnean (denborazkoak, ekonomikoak, baliabidezkoak) moldatu behar zara, eta zure burua pertsona egokiekin inguratzen abila ez bazara, bide bakarti samarra ere izan daiteke. Niretzat, kasu honetan, esperimentu modukoa izan da. Beti autogestioaren munduan aritu banaiz ere, beti beste pertsona batek grabatu izan ditu nire lanak, talde baten babesa izan dut... Oraingoan, inguruko jendearen babesa (batez ere, emozionala) izan badut ere, ia dena nire eskuekin egina izan da: konposatzea, grabatzea, diseinu lanak, bideoklipa, komunikazioa, argazkiak... Eta berriro egingo nuke, baina erdibideko zerbait bilatzeari atea itxi gabe. Beste pertsonekin lan egiteak perspektiba ematen dizu, eta hori norbere buruan topatzea ez da beti erraza.
Estilo ezberdinetatitk edaten duzu, izan folka, rock gordina…punk jarrera bat ere somatzen dut. Zeintzuk dira zure erreferentzia artistikoak?
Musika, musika da niretzat gaur egun, estilo batzuk gehiago edo gutxiago gustatu arren. Esan nahi dut ez diodala ezeri muzin egiten etiketa batengatik. Baina, egia da, rockak eragin handia izan duela nigan, eta diozun bezala, punk estiloak baino gehiago, punkaren filosofiak: dauzkazun baliabideak apalak izan arren egin nahi duzun horri ekitea, egiten duzun hori une honetan modan egon ez arren edo komertziala izan ez arren, gustuko baduzu, egiten jarraitzea, egiten duzun horren arauak zure interesen arabera apurtzea... Nire erreferentziak askotarikoak dira, eta ez dira soilik musikalak. Zerbait esatearren, azken denboraldi honetan, slowcore, elektronika eta trip hop talde asko entzuten ditut eta, bestetik, duela urte askotatik lilura berezia eragin didate hogeigarren mendeko abangoardien mugimenduek, bai literatura aldetik, bai irudigintzan eta bestelakoetan. Gaur egun egiten diren gauza asko horri lotuta daudela esango nuke.
Urrian Donostian Lidia Damunt kantariarekin arituko zara. Zuen artean nolabaiteko “lotura musikalak” ere somatzen ditut.
Lidia Damuntekin joko nuela esan zidatenean barre algara handia atera zitzaidan. Jakina gustuko dudala, oso ausarta iruditzen zait! Baina, barre egin nuen, batez ere, aurten askotan konparatu nautelako berarekin (nahiz ez dudan uste hainbesteko antza duenik gure musikak) eta estetikoki nahiko antzekoak garelako. Biok dugu ile iluna, flekilo zuzena, alkandora androginoak janzten ditugu eta gitarra akustikoa izan ohi da gure emanaldietako arma. Noizbait esan didate ahizpak dirudigula, bera zaharragoa eta ni gazteagoa. Tira, hori dena anekdotikoa da, baina ilusioa egiten dit berarekin jotzeak, egia esan.
Do It Yourself, Riot Grrrl mugimendua, Beat Happening, Washinton hiriko eszena…etortzen zaizkit eta sugeritzen dizkit zure musikak.
Laudorio handia da niretzat hori esatea. Argi dago guztietarako gazteegia naizela eta ez ditudala mugimenduok gertatzen edo sortzen ari zirenean ezagutu, beranduago baizik. Baina oso garrantzitsuak izan dira niretzat. Do It Yourself eta beren baitan dakarren guztia zer esanik ez, baina baita Riot Grrrl mugimendua ere (ezagutu nuenean, gainera, punk talde batean hasiberria nintzen eta gizonak baizik ez nituen inguruan; lasaigarria izan zen hori topatzea), besteen soinua eta "edertasun akustikoa"rekin apurtzeko joera hori...
Zeintzuk dira epe laburrera dituzun proiektuak?
Urte amaierak gauza asko dakarzkit, baina garrantzitsuena zirkulua ixtea da: hiru kontzertu ditut aurreikusita, Lidia Damunt-ekin Dabadaban, Baionan Anje Duhalde, Niko Etxart, Ekiza eta beste askok joko duten euskal dantza eta kantagintzari buruzko jaialdi batean, eta azaroan Joan Colomo kataluiniarrarekin Bartzelonako Euskal Etxean. Eta proposatu didaten baina oraindik finkatu gabe dagoen proiektu berezi bat. Horren ondoren gelditzeko eta hurrengo diskoa grabatzen hasteko gogoa daukat . Badakit disko honen ibilbidea laburra izan dela, baina azken urteotako kantuen bilduma izaki, niretzat "zaharra" da disko hau eta zerbait berria eta borobilagoa egiteko asmoa dut (ez kantuen bilduma bat, baizik osoki zentzua daukan disko bat, nolabait esan), eta agian zuzeneko ezberdinak prestatzekoa. Ez dakit zehazki zer izango den, baina taula gainera berez naizenaren zati handiago bat eraman nahiko nuke hurrengo diskoan. Ez bainaiz musikaria sentitzen, edo ez behintzat hori bakarrik. Edozerekin esperimentatzea gustatzen zait, irudia, hitza, musika... Hortaz, horixe, zirkulu hau itxitakoan atzeko lanari ekingo diot, ikusten ez den lan guzti horri. Egia esan, ekonomikoki oreka mantentzeko zailtasunak ematen dituen arrazoi nagusia izanik ere, eskertzen dut lan hau ziklikoa izatea: denboraldi bat jendaurrean, denboraldi bat ezkutuan, eta orain ezkutura itzultzeko gogoa dut. Gogo hori seinale garbi bat baizik ez da: ziklo honen amaierara heltzen ari naizelako seinalea.
Eneritz Furyak abeslari/bakarlariaren webgune ofiziala: http://eneritzfuryak.com/