Asier Zabaleta - Dantzaria

Kontaizu

ber5_1.jpg

“Gauza asko egin behar ditugu kalitatezko zerbait atera arte”

  • Ezkio (Gipuzkoa), 1972.
  • Arte Ederrak, musika zein dantza ikasi zituen Donostia, Bilbo eta Zurichen.
  • 1999. urteaz geroztik Genevako (Suitza) Alias konpainiako kide da.
  • Koreografo eta dantzari moduan EGO-tik lana estreinatu du.

Ahal duen guztietan, Euskal Herrira etortzen saiatzen da. Gustura dago Genevako konpainian, baina jaio zen baserri inguruko paisaia, Donostiako lagunartea faltan botatzen ditu. Oraingoz, baina, zaila da Euskal Herrian dantza garaikidetik bizitzea.

ber5_2.jpg

 

Nola definituko zenuke EGO-tik?

Orain dela bi urte aurkeztu nuen pieza baten jarraipena da. Orduan planteatu nuen gaian gehiago sakondu nahi nuen, eta horren emaitza da EGO-tik. Normalean, geure buruaz gustatzen ez zaizkigun hainbat gauza agerian utzi nahi izan ditut: denok daukagun egoismo puntu hori, egozentrismoa... Neure burua egoera ezerosoan jarri dut agertokian. Baina obrak badu halako ukitu umoretsua, azken batean ikuslea zirikatzea baita helburua.

Zentzu horretan, obrak badu zentzu kritiko eta autokritikoa. Azken hori, autokritika, ez da ohikoa izaten dantza ikuskizunetan.

Bai, hala da. Dantza munduan kontrakoa egiteko ohitura daukagu. Hau da, agertokira dotore ateratzen gara dantzariak, estetikoki ahalik eta lanik txukunena egiten ahalegintzen gara... Egoaren puztea gertatzen da. Dantzariok gorputzarekin lan egiten dugu; ordu asko igarotzen ditugu ispiluaren aurrean. Bai, egozentrismoa dezente bultzatzen da. Hain zuzen, nik horrekin apurtu nahi nuen. Dotorezia eta perfekzioa alboratu nahi nituen, eta neure kezka, beldurrak eta inperfekzioak agerian utzi.

 

Dantza ulertzeko modu horretan zerikusirik du Suitzan lan egiten egoteak?

Pixka bat bai. Suitzan, Genevako Alias konpainiarekin nabil, eta, dantza konpainia bezala ezaguna izan arren, lanak egiteko orduan antzerkitik abiatzen gara. Testu asko erabiltzen dugu. Normalean, bizitza islatzen saiatzen gara; kalean ikusten ditugun pertsonaiak modu naturalean eta emozioak adieraziz eramaten ditugu agertokira. Horregatik, maiz erridikuluarekin jolasten dugu, pertsona horiek dauzkaten ahultasunekin. Hortik abiatuta eta neure burua ikergaitzat harturik, ahultasunen inguruan gehiago sakontzen hasi nintzen. Jakin banekien neure ikuspuntua inoiz ez dela nahiko nukeen bezain objektiboa izango, beti egongo baita subjektibotasun puntu bat. Hala ere, EGO-tikegiterakoan neure burua ahalik eta urrutien kokatzen ahalegindu naiz, neure izatea albait objektiboen islatzeko asmoarekin.

Suitzan ari zara lanean, badira Europako beste zenbait herrialdetan bizi diren euskal dantzariak. Atzerria dantzatik bizi ahal izateko aukera bakarra ote da?

Azken urteetan Euskal Herrian Eusko Jaurlaritza zenbait proposamen egin ditu dantza bultzatzeko, hala nola koreografo berrien lanak ezagutzera emateko erakustaldiak antolatzea, dirulaguntza txiki batzuk banatzea. Hasten ari den jendeari bere lanak agertokira eramateko aukerak eman dizkiote. Dena den, arlo horretan oraindik nahiko “berde” gaude. Ondo daude laguntza horiek, abiapuntu moduan ez daude gaizki. Baina ahaleginak horretan geratzen dira, eta hortik aurrera zer? Ez daukagu azpiegitura sendorik, ez dugu dantza garaikidea programatzeko interesa duen antzoki sarerik, jendea bera ez dago dantza garaikidea ikustera ohituta. Nolabait, hasierako pausua eman bai, baina gero ez da benetako laguntasuna planteatzen. Beraz, oraingoz dantzari eta koreografo gehienak kanpora joatera beharturik gaude. Bestetik, Euskal Herrian esperientzia gutxi daukagu dantza garaikideak eman ditzakeen aukeren inguruan. Genevan lan aritzeak askorako balio izan dit horretaz jabetzeko. Beldur handia diogu ulertzen ez dugun horri, nahiz eta horretaz kontziente ez garen. Euskal Herrian gauza asko egin behar ditugu kalitatezko zerbait atera arte. ber5_4.jpg

 

Zu zeu dantzaria eta koreografoa zara. Bietatik zein duzu gustukoen?

Biak. 11 urte daramatzat interprete gisa, eta koreografo gisa unean uneko lan batzuk egin ditut. Egia esateko, geroz eta gehiago tentatzen nau neure lana egiteak, neure proiektuak aurrera ateratzeak beste norbaiten aginduetara aritzeak baino gehiago. Zenbat eta gehiago ezagutu mundu hau, orduan eta gogo handiagoa daukat nire kezkak azaltzeko. Ona besteen aginduetara lan egitea asko ikasten delako, eta koreografo edo proposamen interesgarriak etortzen bazaizkit ez diet trabarik jarriko. Baina ahal den neurrian neure lana egiten saiatuko naiz.ber5_3.jpg

Kontaizu

2004, Martxoa 01
Arloa: Berba Bi