Irudi digital libreak

Irudi digitalak egunero ikusi eta erabiltzen ditugu, gure sakelakoarekin sortu ere sortzen ditugu etengabe. Irudi digitalak gure jendartea inguratzen du, baina formatu ezberdinak, erabilpen baldintzak, irudi biltegiak... ez ditugu gehiegi ezagutzen. Irudi digital libreen munduan murgilduko gara, lehenik erabiltzaile mailan eta gero sortzaile izateko moduan.

Irudi digital formatuak

Egunero erabili arren irudi digitalen formatu ezberdinak ezagutzea komenigarria da. Hauetako batzuen ezaugarriak ezagututa gauza batzuetarako, besteak baino hobeak baitira. Bi mota nagusi daude bit mapa bidezkoak eta bektorialak.

Bektorialak, elementu geometrikoen bitartez egindako kurbetan eta lerroetan oinarrituta daude. Horregatik handitzean ere, ez dute bereizmenik galtzen, irudiok elementu geometriko horiek handitu besterik ez dute egin behar eta. Horrelakoa da adibidez SVG formatua.

Bit mapa bidezkoek aldiz, kolorezko puntuz osatutako mosaiko bat osatzen duten eta bereizmen finkoa dute. Hau da, irudia handitu nahiko bagenu, pixelatua ikusiko genuke irudia, programak ez zeuden puntuak “asmatu” behar baititu. Horrelakoa da adibidez TIFF edo PNG formatuak.

Bestetik, irudiak hartzen duen tamaina txikitu ahal izateko, zenbait trinkotze mekanismo ere erabili ohi dira batzuetan informazioa galtzen delarik eta beraz kalitatea. JPG ezaguna da horietako bat, gizakiaren begiak detektatu ezin dituen aldaketen bidez saiatzen da fitxategia trinkotzen. GIF-ak ere koloreen indexazioari esker beste era batera baina fitxategia trinkotzea lortzen du. Horrez gain, gardentasunak onartzen ditu eta formatua famatu egin duten animazioak egiteko aukera ematen du.

Lizentzia libreak

Sarean topatzen ditugun irudi askok copyright-a izan dezakete. Hala ere, gero eta aukera gehiago dago libreak diren irudiak ere topatzeko. Horretarako lehenik lizentzia libreak zer diren eta zertarako baliatu ditzakegun ulertzea da egokiena. Ez bakarrik irudiak erabili ahal izateko, baizik eta nahi izango bagenu besteek ere erabiltzeko moduan jarri ahal izateko guk geuk egiten ditugunak.

Ezagunenak, Creative Commons lizentziak dira. Gure lan bati mota horretako lizentzia bat jartzen badiogu, "Eskubide batzuk erreserbatuta" esaten egongo gara, "Eskubide guztiak erreserbatuta" adierazi beharrean.

Erreserbatzen diren eskubide horiek, noski, sortzaileok ezartzen ditugu. Edozein kasutan, geu izango gara beti egileak; hori ezingo du inongo lizentziak aldatu. Egileak zenbait murriztapen ezarri ditzake, orohar lau elementuen konbinazioak dira:

  • Atribuzioa: Egiletza aitortu behar diozu jatorrizko sortzaileari.

  • Ez-komertziala: Ezin duzu lan hori komertzialki erabili.

  • Berdin partekatu: Lan horren aldaerarik edo lan eratorririk eginez gero, hura saldu edo banatzekotan, erabili duzun lizentziaren baldintza beretan egin beharko duzu.

  • Lan eratorririk ez: Kopiatzeko, hedatzeko, erakusteko eta erabiltzeko eskubidea ematen diezu besteei, baina lanean moldaketarik egin gabe. Ezin dira, beraz, lan horretan oinarritutako beste lan batzuk sortu.

Irudi libreak eskuratu ego gureak libre jarri nahiko bagenitu, gero gomendagarrienak aitortu edo aitortu eta berdin partekatu murriztapenak ezartzen dituztenak dira gomendagarrienak. Bada beste, bat, Creative Commons Zero (CC0) delako. Lana murriztapen gutxiagorekin oraindik domeinu publikoan uztea du helburu eta lizentzia baino, hori lortu ahal izateko aitorpen bat da. Ondo baino hobeto deskribatzen ditu, Marko Txopiteak Creative Commons-eko semaforoa artikuluan.

Irudi libreak eskuratzeko bilatzaileak

Gehien erabiltzen den bilatzailean, lizentzia libredun irudiak topatzea erraza da. Google-eko portadara joan, bilaketa bat egin eta irudien atalera joan lehenik. Ondoren, menuan agertzen den tresnak atalean sakatu eta irudiak egile eskubideen arabera filtratzeko aukera ematen du. Aukeratu zure lizentzia gogokoena, aurretik aipatu ditugun aukeren artean. Bertan, agertzen diren irudiak erabili ahal izango dituzu, baina ez ahaztu lizentzia eta egilea aipatzea erabiltzen dituzunean.

Creative Commons https://search.creativecommons.org/ berak ere bilatzailea dauka. Bertan, irudiez gain, beste hainbat baliabide bilatzeko aukera dago. Bilaketa kutxan bilatu nahi duzun hori sartu eta aukeratu zein lekuetan egin nahi duzun bilaketa. Sistemak horren araberako bilaketa bat egin eta emaitzak emango dizkizu segituan.

Irudi libreak igotzeko biltegiak

Bilatzaileen bidez irudiak topatu ditzakegu, gehienetan irudi horien biltegi digital batzuetan aurkitzen dira; horiek ezagutzea ere interesgarria da, bereziki irudiak ikusi edo erabiltzeaz gain gureak igo nahi baditugu.

Flickr.com

Oraindik ere, irudiak igotzeko Web2.0 atari garrantzitsuena izan zenak badu bere publikoa. Irudiak topatzeko bere filtroak aplikatuz edo irudiak igotzen dituzun kasuan, lizentzia libre bat zehaztuz erabili dezakezu.

Pixabay.com

Webgune honetan aurkituko dituzun irudi guztiak Creative Commons aitormena dute CC0 zehazki. Argazki eta irudiak igo ditzakezu bertara jakinik lizentzia hori erabiliko dela bertan. Irudiak erabili eta igotzeko ekimen interesgarrienetakoa gaur egun, sakelakoetarako aplikazioa ere baduena.

Europeana.eu

Europan zehar digitalizatu diren milioika liburu, margolan, film, museo objektu eta artxibategietako grabaketa biltzen dituen biltegi digitala da. Europa zabaleko 2.000 erakundetik goiti egin dizkioten beren ekarpenak Europeanari. Europako ondasuna kulturala eta zientifikoa arakatu dezakete, hasi historia aurreko garaietatik gaur egun bitarte. Hainbat hizkuntzatan dago plataforma, horien artean, euskara. Irudiak lizentziaren arabera filtratzeko aukera ematen du.

Argazki.irekia.euskadi.net

Eusko Jaurlaritzaren argazkien artxiboa askatzeko eta herritarren eskuetan jartzeko xedez sortu da Argazki. Beste euskal proiektu batzuen antzera, adibidez guregipuzkoa.eus, lizentzia libredun argazkiak bertan jarri eta sailkatzen ditu. 10.000 argazkitik gora topa ditzakezue bertan.

Archive.org

Internet Archive (Interneteko Artxiboa) irabazteko asmorik gabeko erakunde batek kudeatutako liburutegi digital bat da artxiboen zaintzarako eta Web-eko webgune publikoen, multimediaren eta softwarearen biltegiratzeko. Hainbat motatako fitxategiak (audioak, bideoak eta testuak) onartzen ditu gehienak jabetza publikoan, Creative Commons motako lizentziekin edo haien doako banaketa baimentzen duten beste lizentziekin. Fitxategiak ikusi edo erabiltzeaz gain, bertara elementu berriak igotzeko aukera ere ematen du. Horretaz gain, proiektua ezaguna da webgune askoren bertsio zaharren kopiak gordetzeagatik.

Irudiak igotzen Wikimedia Commons-era

Besteen artean nabarmentzen den ataririk bada halere, Wikimedia Commons da. Wikipedia proiektu ezagunaren oinarrian dagoen proiektua da hau. Bere helburua, Wikipedia eta fundazioaren beste proiektuetan erabiltzen diren multimedia baliabideak gorde, sailkatu eta berrerabiltzeko moduan eskaintzea da. Horregatik, bertan dauden baliabide guztiek lizentzia libreak edota onartutako erabilpen bat eskaintzen duten eran gordetzen dira.

Ordenagailutik

Irudiak topatzeko baino kasu honetan, bertara irudiak nola igo daitezkeen ikusiko dugu. Horretarako, lehenik eta behin kontu bat ireki beharko dugu webgunean. Ondoren, fitxategiak igotzeko loturan sakatuz, irudiak igotzeko aukera ematen digun formularioa agertuko zaigu. Irudi baten bidez, ondo azaltzen zaigu, zein diren bertara igo daitezkeen edukiak eta zein ez; zein kasutan bai eta zeinetan ez.

Hori kontutan hartuta, irudia igotzea erraza da. Formularioan agertzen zaizkigun aukerak, izenburua, deskribapena bete, aukeratu dugun lizentzia zehaztu eta datu gehigarriak gehituz berehala lortuko dugu. Garrantzitsua da ahalik eta deskribapen zuzenena ematea gero jendeak aurkitu eta berrerabili ahal izateko Wikimedia proiektuetan edo horietatik kanpo ere.

Sakelakotik

Sakelakoa da irudiak ateratzeko erabiltzen dugun gailurik garrantzitsuena gehienok. Hori kontutan hartuta proiektuak Commons aplikazioa jarri du martxan. Android gailuetan instalatu daitekeen aplikazioa da hau eta Google Play edo F-droid biltegietan topa dezakezue.

Hori erabiliz irudiak igotzea ere antzeko prozesu baten bidez egiten da, webgunean honela zehazten dute:

  1. Interesgarria den zerbaiten irudia atera.

  2. Zure kamera aplikazioan egin berri duzun irudia bilatu.

  3. Partekatzeko aukera sakatu.

  4. Commons aukera esleitu.

  5. Lehen aldian, kontuan sartzeko eskatuko dizu (konturik ez baduzu, kontu bat sortzeko aukera izango duzu).

  6. Irudiaren izena eta deskribapena sartu.

  7. Kategorien artean, aukeratu irudiari lotutako esanguratsuenak.

  8. Gorde sakatu.

Prozesu sinple honen ostean, zure ekarpena egina egongo da eta ekarpen bat egina izango duzu, Wikimedia Commons proiektu global garrantzitsu honetan. Osa dezagun denon artean, gure irudiekin ere, biltegi komun libre handi hau.

Gorka Julio

2017, Ekaina 27
Arloa: Sarean