Oskar Castaño - Garbitxu - Antzerkilaria
“Talde perfektua osatzea lortu dugu”
- Bilbon jaio zen, 1970ean.
- Kukubiltxon eman zituen lehen urratsak, eta 1996an Deabru Beltzak kale antzerki taldea sortu zuen.
- Les tambeurs de feu ikuskizunarekin munduko jaialdi garrantzitsuenetatik igaro da taldea.
- Irailean obra berria estreinatuko dute.
Batetik bestera dabiltza azkenaldian Deabru Beltzak-eko kideak, atsedenik hartzeko astirik gabe. Garbitxu taldeko zuzendaria pozik dago, oztopoak oztopo euren lanak aurrera jarritzen duelako.
Europako eta munduko jaialdi esanguratsuenetako batzuk jadanik ezagunak zaizkio Deabru Beltzak taldeari. Badirudi halako tokietara joatea ezinbestekoa dela komunikabidetan oihartzuna eduki ahal izateko, eta ahaztu egiten da haietara iristeko talde batek egin behar izan duen lana eta ahalegina.
Bai, eta azken batean taldea mugitzen da komunikabideek egindako lanen zein bidaien berri eman dezaten, bestela ez litzateke inon aterako. Euskal Herrian kultura, eta, kasu honetan, antzerki taldeak oso baztertuta daude. Antolatu genuen azken prentsaurrekoan argi esan genuen zeinen garrantzitsua den komunikabideetan agertzea. Kazetari batentzat bi lerro idaztea ez da beste munduko ezer, baina gure curriculum-erako bi lerro horiek sekulako pisua dute. Nire irudipena da bigarren mailakotzat jotzen gaituztela antzerki taldeak, oro har. Dena den, Deabru Beltzak-eko kideak ezin gara kexatu. Ez dakit gure lanengatik edo azken urtean lortu dugun arrakastagatik izago ote den, baina kontua da komunikabideak oso ondo portatzen direla gurekin.
Antzerki munduan aurrera egitea zaila bada, kale antzerkia jorratuta are zailago izango da, ezta? Izan ere, batzuentzat bigarren mailako diziplinatzat dute.
Ez dakit zergatik den horrela, baina dirulaguntzei begira kale antzerkia animazioa da. Hau da, ez da antzerkia bezain garrantzitsua. Baina paradoxikoki, jaialdi batzuetara (haien artean kale antzerkietara) laguntza ekonomiko garrantzitsuak bideratzen dituzte. Eta jakina, taldeak atzerrian aritzea interesatzen zaio, Euskal Herriaren izena kanpoan ezagutzera emateko bidea delako. Arazoa da interes horiek ez datozela bat errealitatearekin. Batzuentzat kale antzerkia bigarren mailako zerbait dela esan duzu, baina nik esango nuke hirugarren maila batean gaudela. Dena den, esandakoa: gu ez gara kexatzen. Ez digute saririk eman, baina hainz uzen, saririk onena dugun egutegia da. Urte osoa antzezpenekin bete-beterik daukagu.
Ikuslearengana azken emaitza iristen da, hau da, obra bera. Baina horretara iristeko taldeak lan handia egin behar izan du. Alegia, antzezlan bakoitzaren atzean ordu askotako dedikazioa dago.
Horrela da. Antzezlan bakoitzak ordu asko eskatzen ditu, baina hori bezain garrantzitsua da egiten ari zaren horretan sinestea. Azken batean, zuk zeuk ez baduzu egiten duzun horretan sinisten, alferrik da aurrera jarraitzea. Sarritan esan dut Euskal Herriko taldea baino gehiago Murtziakoak garela ematen duela. Orain arte nekez lortzen genuen hemen antzezpenik egitea. Iaz, adibidez, antzezpenetatik % 95 atzerrian egin genituen. Aurten, zorionez, saio gehiago ditugu etxean. Atzerrian lan egitea polita da, baina nekagarria da. Denbora eskatzen du.
Orain dela zortzi urte abentura honetan sartzea erabaki zenutenean, imajinatzen zenuten hau guztia etorriko zela?
Ez, ezta inondik ere. Zesar eta biok antzerki mundutik gatoz, badakigu hau zer den, eta ametsetan bai, pentsatzen duzu noizbait iritsiko dela memento hori zeinetan batetik bestera ibiliko zaren antzezlanak aurkezten. Zorionez, munduan zehar ibiltzeko aukera sortu zaigu eta aprobetxatu egin dugu, baina ametsetan gaudela iruditzen zaigu. Askotan esaten dugu egiazki hau amets bat baldin bada, ea ez ote den inoiz amaitzen. Nazioarteko merkatuak ematen dizun esperientzia eta ezagutzen duzun jendea garrantzitsuak dira. Batzuek, nolabait, inbidia edukiko digute. Deabru Beltzak-ek Euskal Herrian zabaldu duen bidea orain arte ez du inork lortu.
Zein da Deabru Beltzak-ek duen arrakastaren gakoa?
Leku egokian une egokian egon izana. Eta jakina, produktu ona edukitzea. Talde perfektua osatzea lortu dugu; eskua emango genuke edozein talde kiderengatik. Guretzat Zumaian edo Edinburgon lan egitea gauza bera: ahalegin bera egiten dugu gauzak ondo atera daitezen. Talde batzuek bereizketa egiten dute jaialdien artean; batzuk lehen mailakoak kontsideratzen dituzte, eta beste batzuk bigarren mailakoak. Gure leloa zera da: larrua utzi behar dugula saio bakoitzean. Hemen ez dago ekitaldi bat besteak baino garrantzitsuagorik. Mentalitate hori funtsezkoa da.
Era berean, gidoiak, obra bakoitzerako behar dituzuen tresnak, jantziak eta gainerako elementuak zuek egiten dituzue. Horrek ere eragina izango du taldearen dinamikan.
Bai, azken batean geure helburua talde iraunkorra lortzea da, eta bakoitzak bere ardurak izatea. Talde barruan produktora bat daukagu, eta une honetan bideo produktora bat antolatzen ari gara, ez bakarrik guretzat lan egin dezan baizik eta dugun materialarekin beste talde batzuei geure zerbitzuak eskaintzeko aukera daukagu. Hainbat arlo jorratzen ditugu taldean, eta bakoitzak bere ardura dauka. Garrantzitsua da bakoitzak zer egin behar duen jakitea, batez ere gauza berriak egiteko askatasuna ematen duelako. Ardura guztiak zeure gain hartzen badituzu, ez duzu hurrengo obrak prestatzeko denborarik. Hain zuzen, irailean obra berria estreinatuko dugu, eta ea zer gertatzen den.