Jon Gerediaga - Idazlea
"Bizitzaren mamia ateratzen du idazketak"
- Bilbo, 1975
- 1999tik Antzerkiola Imaginarioan dabil, gidoigile
- Fitola balba karpuki tui du estreinako poesia liburua
- Gaur egun, Antzerkiolako lana Lauro ikastolan ematen dituen Filosofia klaseekin tartekatzen du.
Antropologia ikasi zuen, baina ez da antropologo sentitzen. Irakaskuntzan egiten du lan, baina ez luke bere burua irakasle moduan ikusten. Idatzi, dezente idazten du, poesia zein antzerkia, baina idazle etiketak gutxi adierazten duela dio. Hauxe dugu Jon
Nahiz eta poesia aspalditik idazten duzun, kostatu egin zaizu lehen poema liburua argitaratzea. Zer dela-eta atzerapen hori?
Egia esateko ez zait hainbeste kostatu. Orain arte idatzi dudan poesia libretan uzten nuen. Nire buruarentzat idazten nuen gehienbat, nahiz eta lagunei ere idatzitakoa erakusten nien. Txilen egon nintzenean hasi nintzen liburu bat osatzearen kontua aztertzen, 2000. urtean izandako esperientzien ostean zer kontatu baineukan. Zorte handia eduki dut, nire liburua argitaratzeko prest zegoen jendea aurkitu baitut. Alde horretatik, Jose Angel Irigaray eta Pamielakoei eskerrak eman nahi dizkiet. Kontua da lehen ez nuela argitaratzeko idazten, baina orain, liburuak kaleratzeak ematen duen ilusioagatik agian, hasi naiz beste modu batera pentsatzen.
Zergatik idazten duzu poesia?
Lehen esaten nuen idaztea zela bizitzaren deribazio bat. Inportanteena bizitza da, eta idazketa bizitza oharkabean ez pasatzeko modua zen niretzat. Baina aurrekoan, Donostian arkitektura bulego bat duten lagun batzuekin egon nintzen. Taberna batean geundela, haietako batek, Karlosek –margotu egiten du, eta oso ona da gainera- zera esan zidan: idazketa ez da deribazio bat, destilazio prozesua baizik. Hau da, bizitzaren mamia ateratzen du idazketak. Harrituta utzi ninduen. Ordutik kontuari buelta asko eman dizkiot, eta orain arte erabili dudan diskurtsoa aztertzen ari naiz.
Fitola balba karpuki tui-ko poemei ekin zenienean, 2000. urteko gertakizunak izan zenituen abiapuntu. Zer gertatu zen urte hartan zu hainbesteraino markatzeko?
2000. urtea heriotza sinbolikoa izan zen niretzat. Urte horretan ez nuen ezer egin, ez neukan sentimendurik –Ander Lipusek Teologia del infierno-n idatzi zuen bezala, sentimendu zero zen nirea-. Egoera haren ondorioz liburu bat idazten amaitu dudanez, une produktiboa izan ote zen galdetu zidaten behin. Bada, ez zen batere produktiboa izan. Urte hartan, zehazki, ez nuen ezer idatzi. Ohean sartuta igarotzen nuen denbora. Baina egoera hartatik atera eta Holandara joan nintzen. Gero ikasketak zirela-eta Txilera abiatu nintzen, eta han nengoela zera pentsatu nuen: urte bete oharkabean pasa zait, beraz, orain dudan ikuspegiarekin saiatuko naiz orduko gogoetak berreskuratzen, eta iraganeko bizitza zati horren destilazioa egiten. Abiapuntua horixe izan zen. Txilen bertan hasi nintzen idazten, eta poema gehienak nahiko ilunak ziren. Baina Euskal Herrira bueltan, pixkanaka idatzitakoak bestelako itxura hartzen joan zen. Ez nuke esango bigarren horiek poema alaiak direnik, baina haietan bizitzak xarma berreskuratu du. Haietan ez duzu tragikotasunik antzematen.
Zentzu horretan, idazketa izan daiteke terapia egiteko modua? Nola ikusten duzu zeuk?
Ez dut uste terapia denik. Agian lagungarria da memento batean entretenitzeko, hau da, zeure izate guztia ekintza zehatz batean kontzentratzeko. Bizitzaren une batean zama handia badaramazu gainean, baliteke idazketa karga arintzeko modua izatea. Ni neu orain dela bi hilabete pintatzen hasi nintzen, eta horretan, azken emaitza baino gehiago prozesua bera interesatzen zait. Are gehiago, idazketa baino gogokoagoa dut. Zeren idazketa hotza da; libretan idatz dezakezu ala ordenagailuan, baina ez da hain artesanala. Dena den, nik ez dut sufritzen idazterakoan.
Poesia ez ezik, antzerkia ere idazten duzu. Literaturaren hainbat esparru jorratzen dituzten egileek ondo bereizten dute egiteko bakoitza. Zuretzat poesia eta antzerkia…
Oso prozesu ezberdinak dira. Antzerkian, Yuri Samizan ezik, gainerako antzezlan guztiak lagunekin idatzi ditut. Antzerkia taldean lantzea gustatzen zait, baina nirekin batera ari dena laguna izan behar dut, egindakoak ezertarako balio ez duenean elkarri hori esateko nahikoa konfiantza egon behar baitu. Poesia, berriz, bakardadean idazten dut. Antzerkia idazten dudanean, lehenik eta behin, “norabide orri” bat diseinatzen dut. Hau da, esan nahi dudana adierazten dut saio txiki batean, bi orritan edo. Poesian ere gauzak esatea gustatzen zait. Baina, nire ustez, antzerkian fikziorako aukera handiago dago. Pertsonaia bat osatzeko, taldeko kide bakoitzak bere ustez zeintzuk ezaugarri bete behar dituen esaten doa, eta ondoren zuk taldean eraikitako fikzio hori erabili behar duzu gauzak esateko. Poesian, aldiz, fikzioa da aukeratzen dituzun irudiak edo esaldiak. Hautaketa arbitrarioa izan daiteke, baina zuzenagoa da. Zuk zeuk esaten duzu dena; ez dago zugatik hitz egingo duen pertsonaiarik.
Taldean lan egitera ohiturik egonda, ondo eramaten da poesiaren bakardade hori?
Bai. Pessoak esaten zuen poesia dela bakarrik egoteko modu bat. Ikastola garaian jada idazten nuen. Anjel Zelaietak beti agintzen zigun idazteko zerbait, eta Juliak eta Mara literatura irakasleek ere. Baina libreta bat erosi eta makuto eramaten hasi nintzenean, poesia idaztea gustuko nuela deskubritu nuenean… 18 urte nituen orduan, eta gogoratzen naiz, bai, Lekeition egin nuela deskubrimendu hura. Ordura arte, normalean, plana zen ostiralero eta zapaturo lagunekin tabernetara joatea. Baina deskubritu nuenean bakarrik egoteko modu hura atsegin nuela, sei urte egon nintzen tabernetara joan gabe, batez ere udan. Egia da bakardadea suntsitzailea izan daitekeela, baina ondo eramaten jakinez gero gozagarria izan daiteke. Niri bakardade uneak lagun giroarekin tartekatzea gustatzen zait. Beste kontu bat litzateke derrigorturiko bakardadean bizi behar izatea, baina aukeraturiko bakardadea nire ustez pribilegio bat da.
Eta poesia-antzerkia binomio horretan, zer toki betetzen du irakaskuntzak?
Irakaskuntzak rol bitala betetzen du nire bizitzan, ez lanbide garrantzitsua delako baizik eta bizigarria delako egunero hamasei urteko gazteekin kontaktuan egotea. Hamasei urte zentzuaren egoitzan izeneko poema bat idatzi dut, pentsatzen baitut gazteek bizitasun handia dutelako. Ez daukate bihotz bat, lehergailu bat baizik. Haiekin kontaktuan egotea bizi-poz handia ekartzen dit. Solasaldia amaitutzat jo dugunean, makutoan eskua sartu, agenda atera eta handik harturiko orri bat eman digu Jonek. Poema bat idatzita dago bertan. Hauxe dugu Jonek egin digun oparia. Jaioberria du izenburua: lehenbiziko aldiz ama hitza ezagutu eta orduan atera nintzen amaren sabeletik harrezkeroztik nire begiak eta nire bihotza eta ni naizen mundu hau eta ni naizen bizitza hau aingeru izugarriek lurrera erortzean egiten dituzten zulo eta mendiskak direla esan nezake baina ez dut idazle izan nahi. Hau nire bihotza da Hauek nire begiak Hau mundua da Eta Hau Bizitza beste ofiziorik ez daukat.