Alain Goikoetxea - Skater
“Hemengoen maila ikusita, ez dugu kanpokoen inbiriarik izan beharrik”
- Bilbo, 1977.
- Txikitako zaletasuna du skate-an ibiltzea.
- Bost urte inguru daramatza kirol horretan profesional.
- Aurten, laugarren gelditu da munduko skaterrik onenak biltzen dituen txapelketan.
Zerekin amesten duen galdetu eta dagoeneko inoiz eduki duen amets goxoenean bizi dela erantzuten du Alain Goikoetxeak. Skate-a du pasio eta horretatik bizi da gaur egun getxoztarra. Ez da edonolako lorpena.
Nola iritsi zinen skate-aren mundura?
Ez dakit zergatik, baina txikia-txikia nintzela patineteak izugarri erakargarriak iruditzen zitzaizkidan. Patinetea non hara joaten nintzen ni, gertutik ikustera. Bederatzi urte nituela lehen patinetea erosi zidaten, garai hartan hain modan zeuden sanchesquihorietako bat.
Eta pixkanaka, zaletasun zena lanbide bihurtu zen.
Bai. Hasieran ilusio handia ematen zidan patinatzeak. Denborapasa gisa ulertzen nuen nik patinetearekin kalean gora eta behera ibiltzea. Urte haietan gutxi batzuk ibiltzen ginen patinete gainean. Baina behin, Arrigunaga hondartza ondoko pistan, txapelketa bat antolatu zuten. Bertan izena ematea erabaki nuen, eta orduz geroztik ez diot txapelketa ofizialetan lehiatzeari utzi.
Eliteko hainbat surflari, Acero anaiak esate baterako, skate-arekin hasi ziren baina denborarekin asfaltoa olatuengatik aldatu zuten.
Bai, baina alderantzizko kasuak ere egon badaude.
Zu, berriz, skate-ari leial izaten jarraitzen duzu.
Jakina, nahiz eta noizean behin surfa ere praktikatzen dudan, neguan snowboarda egiten dut. Surfa gogoko dut, baina gehiago gustatzen zait skate-arekin ibiltzea. Bueno, ez da egia kontu bat bestea baino gehiago gustatzen zaidanik; agian skate-arena barru-barruan daramadalako izango da, baina kontua da sarriago joaten naizela patinatzera surfa egitera baino.
Gutxiengo baten kirola izanik, meritua skate-aren profesionala izatera iritsi izana.
Kanpotik ikusita bai, arraroa eman dezake honetaz bizi daitekeela pentsatzea. Patinatzen hasi nintzenean ere ezin nuen imaginatu egunen batean skate-a lanbide izango nuenik, garai hartan Espainiako estatuan jende gutxi mugitzen baitzuen kirol honek. Agian guri egokitu zaigu bidea zabaltzea, eta, egiazki, askorentzat ezinezkoak ziren gauzak lortzen ari gara. Horrek biziki pozten nau, azken batean betidanik gustatu izan zaidanetik bizitzea lortu baitut.
Kirol honetan aurrera egitea, neurri batean, babesleen laguntzaren esku dago. Erraza da haien sostengua lortzea?
Erraz-erraza ez da, baina tira, benetan ona bazara haiek etorriko dira zuregana.
Bestelako diru laguntzarik jasotzen duzu?
Erakunde publikoei buruz ari bazara, ziur nago ez dakitela ezta existitzen naizenik ere. Marka pribatuekin hitzarturik ditudan kontratuak dira nire sostengu bakarra.
Skate-a oraindik kiroltzat jotzen ez den seinale izan daiteke hori.
Hala da. Ez dago legeztaturik, ez dago ordezkatzen gaituen federaziorik. Seriotasun instituzional hori falta zaio kirol honi.
Atzerritik asko mugitzen zara, munduko skater onenekin aritzen zara. Zer ikasu emango du horrek, ezta?
Egia da besteek egiten dutenari erreparatzen diozula, baina haiek ere beste horrenbeste egiten dute. Zeren hemengo maila ikusita, ez dugu kanpokoen inbiriarik izateko arrazoirik.
Nolakoa da egun arrunt bat zure bizitzan? Zer egiten duzu ohetik jeikitzen zarenetik berriro oheratzen zaren arte?
Goiz jeikitzen naiz, ondo gosaltzen dut, eguraldi ona egiten badu lagunekin patinatzera noa, bazkaldu egiten dut, eta arratsaldean berriro ateratzen naiz skate-arekin. Batzuetan gertatzen da eskua ala orkatila minberatuta dudala. Horrelakoetan ez dut hainbeste praktikatzen, molestia txiki bat dena lesio bihurtu ez dadin. Osasunez nola zabiltzan, horrek baldintzatzen du dena. Orain, adibidez, ezin hobeto nabil. Lagun batzuekin argazki batzuk ateratzeko geratu naiz, bideo bat ere grabatzeko asmoa dugu…
Beraz, lehian aritzeaz gain bestelako kontuetan ere ibiltzen zara.
Bai. Argazki sesioak ohikoak izaten dira; aldizkari espezializatuetan argitaratzeko egiten dizkidate. Eta bideoak egiten ari zarena kanpoan erakusteko modua dira. Halako kontuak ere kirol honen parte dira.
Txapeleta ofizialetatik kanpo, badago skate-an profesionalki aritzerik, erakusketak-eta eginez. Zu zeu horrelakoetan ere ibiltzen zara. Jarduera osagarriak direla esan daiteke?
Bueno, kontu ezberdinak dira. Ez dakit nola sailkatu bata eta bestea. Erakusketak ez daude gaizki; jendeari gustatzen zaio, azken finean ikuskizun bat da, eta, gainera, diru iturri osagarria izan daiteke. Dena den, erakusketa saio batzuetan ez dut parte hartzen, ez zaidalako gustatzen planteamendua. Ez dira serioak. Horrelakoetan kirolari bat baino gehiago barrakabat zarela ematen du. Erakusketa batean parte har dezadan, antolatzaileen aldetik profesionaltasuna ikusi behar dut.
Eta nola eramaten da kanpoan etxean baino ezagunago izatearen kontua?
Ez pentsa kanpoan hainbeste ezagutzen nautenik. Nire ustez, etxean ezagutzen naute hobekien. Amerikan badute nire berri, baina han dituzten erraldoiekin nahikoa daukate. Egia da Europara begira erreferentzia bat izan naitekeela, baina esandakoa, Amerikan duten mailarekin…