Axular Arizmendi - DJ-a
“DJarentzat ez dago erreferentzia bakarra; erreferentziak globalak dira”
- Perkusioaren munduan eman zituen lehen urratsak, trioATD taldean.
- Elektronikak erakarrita, mundu horretan sakontzen hasi eta estudio propioa izatera iritsi da.
- Dj gisa iaz kaleratu estreinako diskoa.
- Anitza izenburua du bere azkeneko lanak.
Azkenaldian, lanez gainezka dabil Axular. Hala ere, tartetxo bat egin digu Anitza (Oihuka) bere azken lanari buruz hitz egiteko. Urtarrilean Durangoko Kafe antzokian izango da hura aurkezten.
Anitza izenburua du zure azken lanak. Dudarik gabe, izen aproposa aukeratu duzu diskoak biltzen duena adieratzeko, zerbaitengatik adierazgarria bada lan hau horregatik baita, erakusten duen aniztasunagatik
. Aurreko lanean arlo teknikoan, prozesuan batik bat, pare bat ildo markatu nituen, baina oraingoan estilo musikalean gehiago sakondu nahi nuen. Hasieratik argi neukan disko irekia egin nahi nuela, plurala nolabait esateko, bai musika tresnen aldetik, bai kolaborazioen aldetik zein jakina, musika aldetik. Horregatik da Anitza. Izenburua perfektua dela iruditzen zait.
Doinu elektronikoak nagusi dira disko honetan, baina ez dira musika tresna tradizionalak falta
. Hala da. Zenbait kantutan txalaparta sartu dut, beste batzuetan didjeridoo-a. Kolaborazioetan ere halako sintoniak bilatzen saitu naiz, eta horietatik indartsuena, edo deigarriena behintzat, Mikel Laboaren parte-hartzea izan da. Bestetik, trompeta jotzaile batzuen laguntza izan dut, bi kubatarrek abesti bati ahotsa jarri diote, arrebak ere -Garoa Arizmendi- bere hondar aletxoa jarri du... Jende dezentek parte hartu du diskoan.
Nolabait, esan daiteke diskoa lagunartean osatu duzula
. Bueno, musikari ezagunengana jo dut, bakoitza bere mailan ari zedin. Haietako batzuk ezagutzen nituen, beste batzuk ez hainbeste. Bainatira, lagunak direla esan daiteke.
Nolatan animatu zen Laboa diskoan parte hartzera?
Orain dela zortzi hilabete gertuko lagun bat auto istripuz hil zen, eta, haren omenez, kantu bat egitea pentsatu nuen. Baina kantuari halako sakontasun bat eman nahi nion, eta, hori egiteko, nor Mikel Laboa baino hobeto? Gainera, Laboarekin aspalditik dut harremana nire neskalagunaren familiaren gertukoa baita. Nire ideia komentatu nion, animatu egin zen, eta denok pozik.
DJ-a zaitugu, baina mundu horretara iritsi baino lehen perkusio talde batean aritu zinen. Nolatan egin zenuen arlo batetik besterako jauzia?
Musikaren mundua oso handia da, eta, orokorrean, guztia gustatzen zait. Baina tira, eletronika oso gogoko dut, eta duela urte batzuetatik hona ordenagailuen munduari etekina ateratzen nabil. Probatze kontua izan zen dena; neure ekipoa erosi nuen gauzak egiteko eta gaur arte. Nagoen tokira iritsi baino lehen, hainbat proiektutatik igaro nintzen. Ezingo nuke haietatik bat aukeratu bakoitza bere neurrian aberasgarria izan baita, neure kultura musikala sakontzeko balio izan zaizkit. Dena den, DJ-en munduan sartuta egon arren ez dut perkusioa baztertu. Hain zuzen, PIM PAM PUM taldean perkusioak jotzen ditut. Txikitatik datorkidan zaletasuna da, beti ondean eduki dudan musika tresna.
Oran arte, zeintzuk izn dira zure erreferentzia nagusiak?
Denetarik entzuten dut, musika idazteko zen gaurkotzeko –horixe baita DJaren funtzioa- ezinbestekoa baita egiten den guztiaren berri izatea. Ez dago erreferentzia bakarra; erreferentziak globalak dira.
Nola ikusten duzu DJ-en mundua gurean?
Nahiko ondo dabilela iruditzen zait. Azken hamar urteetan dezente sartu da DJ-en musika, eta, horen aurrean, jendeak ondo erantzun du. Bai, DJ asko daude, eta geroz eta gehiago ari dira ateratzen, baina kasik ez dago musika konposatzen duten DJ-rik, hau da, DJ musikariak ni neu naizen bezala. Zeren DJ-aren helburua musika nahastea da, ez hura konposatzea. Nire ustez, DJ batek konposaketa aldetik ideiaren bat izatea arma garrantzitsua da, ildo musikala aberasten laguntzen baitu.
Aurreko diskoarekin biniloa atera zenuen. Oraingoan ere hori egiteko asmorik duzu?
Bai. Beste formato izango litzateke, diskotekei eta batez ere gainerako DJ-ei begira egindako formatoa. CD-a gehiago da tabernetarako eta.
Biniloaren kutsu atesanoa gustuko duzu, nonbait
. Bai, izugarri gainera. Badira CD-ak jartzeko makinak, baina ez da gauza bera. DJ-oi biniloarekin lan egitea gustatzen zaigu.
Arazoa zera da: batzuek aspaldi aldarrikatu zutela biniloaren heriotza
. Biniloa, berez, desagertu egin da. Ez du etorkizunik CD-aren merkatuan. Dena den, txikia bada ere biniloak badu bere merkatua –diskotetak eta- eta funtzionatu egiten du gainera. Jakina, CD-aren publikoarekin konparatzen baduzu, konturatzen zara saltzen diren mila CD-etatik ehun binilo besterik ez direla saltzen. Baina merezi du biniloaren aldeko apustua egitea.