Kirmen Uribe - Idazlea

Kontaizu

ber14_1.jpg

Garmendia sortzerakoan oso presente izan dut irakurlea

  • Euskal Filologia eta Literatura Konparatuko ikasketak egin ditu.
  • 2001ean Bitartean heldu eskutik poemategia argitaratu zuen, eta handik urte betera Kritika saria jaso zuen.
  • Duela urte bi Zaharregia, txikiegia agian disko-liburua aurkeztu zuen, eta, gaur egun, izen bereko ikuskariarekin batetik bestera dabil.
  • Garmendia eta zaldun beltza-ren ondotik, Garmendia errege liburua aurkeztu berri du Mikel Valverderekin batera.

Durangoko azokan izan ziren Kirmen Uribe eta Mikel Valverde Garmendiaren azken ibilerak aurkezten. Ume ugari gerturatu ziren haiek zeuden erakusmahaira, hainbeste maite duten pertsonaiaren sortzaileak gertutik ezagutzeko.

ber14_2.jpg

 

Garmendia eta zaldun beltza-ren bitartez jakin genuen Garmendia Ameriketara, Mendebaldera zehazki joandako euskaldun bat izan zela, eta hamaika abentura bizi izan zituela han. Ildo horretan, Garmendia errege Garmendiaren abenturen bigarren emaitza genuke.

Lehen liburua pertsonaia eta bere inguruko mundua, bazterreko jendearen zein galtzaileen mundu hori aurkezteko baliatu nuen. Hala ere, Garmendiarekin nahi nuen geure buruei buruz gogoeta egin, eta barre egin baita. Euskaldun bat Ameriketan bakarrik, han dituen lagunak, han dituen ibilerak, errespetu guztiarekin kontatzea zen helburua. Azken finean, geure buruei zuzenduriko begirada bat besterik ez da, hemendik atera eta kanpoan jarritako pertsonaia baten bidez. Gainera, nahi nuen etorkinaren kontrako bidea egin. Orain guregana etortzen dira, baina gu ere askotan joan izan gara. Bigarren liburu honetan pertsonaiaren izaeran gehiago sakondu dut. Hasierako liburuan gauza gehiago gertatzen dira; honetan, berriz, ez dago hainbeste ekintzarik. Akaso geldoagoa da, baina pertsonaia bera landuago dago. Argi ikusten da Garmendia bihotz onekoa dela, baina baita pixka bat berekoia ere bada, zenbaitetan praktikoa, bakarrik dagoenean lagunekin gogoratzen da. Alderdi asko dituen pertsonaia da; pertsona normal baten modukoa da. Ez da pertsonaia laua, ez da heroi bat, baizik eta baditu bere alderdi onak baina baita ilunak ere. Gustatzen zaidana zera da: Garmendia oso instintiboa dela. Intuizioari jarraitzen dio beti, ume handi baten modukoa da. Oso inpultsiboa da, onerako zein txarrerako.

 

Garai batean, haur eta gazte literaturan pertsonaia on-onak eta gaizto-gaiztoak besterik ez ziren agertzen. Gaur egun, baina, liburuetako pertsonaiak errealitateko ereduetatik gertuago daude.

Haur literaturan ume bat protagonista izatea errekurtso erraza dela iruditzen zait. Haurren ahotsa erabilita haurrentzat disko bat egitea bezalakoa da hori. Garmendia sortu aurretik, gogoeta asko egin nituen generoari berari buruz, gazte literaturari buruz, irakurlearengan pentsatu nuen, adin horretan niri zer gustatzen zitzaidan irakurtzea pentsatu nuen... Batzuetan zurrunegiak garela iruditzen zait, eta ez genuke horrela jokatu behar. Nik zera pentsatu nuen: “zer nahi du ume batek?”. Bada, ondo pasa nahi du liburu bat irakurtzen, baloiarekin ari denean bezala. Eta horixe lortu nahi nuen, ondo pasatzeko liburu bat. Hain zuzen, liburuak abenturak ditu, umorea dauka, baina ez da garai bateko piraten zein Amerikako Mendebaldeko istorien modukoa baizik gaur egunetik dago begiratuta dago kontaturik istorioa. Ironia handiarekin idatzitako liburua da, eta kritika soziala egin egiten da. Bai, ondo pasatzeko liburua da, baina haurrak istorioarekin gozatzen du bere inguruan gertatzen diren gauzak bertan islaturik ikusten dituelako nahiz eta kontatzen dena duela ehun urteko kokalekuetan giroturik egon. Badago gogoeta teoriko bat dago azpian. Bizia izatea liburua, genero ezberdinak sartzea, tradizio ezberdinei toki egitea, ipuin laburak zein poemak tartekatzea. Horiek ez dira debalde sarturiko gauzak, baina berariaz egindakoak. Oso presente izan dut irakurlea. Nire ustez, literaturan, normalean, ez da irakurlearengan pentsatzen eta ez luke horrela izan behar. Haur bat etortzen zaizunean Garmendiaren bigarren liburua erosi nahi duelako, baina amak ez dirurik eduki ez eta negarrez joaten denean... Oso polita da. Horrek esan nahi du gustatu egin zaiola benetan liburua, eta ez duela irakurri gurasoek aginduta. Irakurlearen iritzia dago hor, ez gurasoena. Horixe gustatzen zait. Irakurleak erabakitzen du zer nahi duen irakurri. Haurrak badaki zer gustatzen zaion, eta nik oso presente eduki dut hori.

Apustu ausarta da giroa bera, istorioa Mendebaldeko Ameriketan kokatzea alegia. Garai bateko gazte literaturak dezente profitatu zen halako kokalekuez, baina azken urteetan baztertu egin dira horrelako girotzeak.

Baina haurrei fantasia gustatzen zaie. Urbanizatzea istorioak, gaur egungo arazoei buruz gordinki hitz egitea... Hor akats bat dago. Eta umea aspertzen bada irakurtzen? Literatura da itsasorantz doan ura, eta urak beti bere bidea aurkitzen du. Eta ikusten badu bihurgune batean geldirik dagoela, agian literatura gehiegi egin dela kokapen geografiko horiekin, idazleak beti jotzen du beste aldera. Nire ustez, idazleak beti ibili behar da bila; gaizki ikusita dauden generoak berregin eta gaurkotu ditzake. Badakizu zer den politena? Salbuespena. Lege jakin batzuk omen daudenean edo ezartzen direnean, lege horien konta jotzen duen idazlea zein liburua da gustatzen zaidana.

 

Gaurkotasuna aipatu duzula, Garmendia errege-n azkenaldian bolo-bolo dabilen gaia agertzen duzu, ikuskizunaren fenomenoa.

Bai, kritika handia dago liburuan. Istorioa castingbatekin hasten da, eta bertara aurkezten dira Garmendia eta Amalio, eta hura irabazten dute txarrenek. Gauza horiek, gaur egun, askotan gertatzen dira. Bai, nahi nuen ikuskizunaren kritika egitea, oraingo gizartea halako irudi faltsu bat sortzen ari delako. Ematen du bizitza honetan zerbait izan behar duzula derrigorrez. Gainera, gizarte honek eragiten du ase ezintasuna. Inoiz ez zaude asetuta. Lortzen duzu zerbait eta, hala ere, ez zaude pozik. Hor badago arazo handi bat. Nora daude bideratuta gure desirak: gauzak edukitzera, sozialki ongi ikusiak izatera ala barruko lasaitasuna lortzera? Galdera horiek egiten dira liburuan.

Garmendiak argi ikusten du adiskidetasuna dela duen altxorrik handiena.

Bai, azkenean horretaz konturatzen da. Baina lagunek ere lan egiten dute horretaz konturatu dadin. Bi planotan idatzita dago ipuina: lehendabizikoan, Garmendiari gertatzen zaiona kontatzen da, baina amaiera arte ez da azaltzen lagunek egiten dituzten mugimendu guztiak Garmendia bere okerraz ohar dadin. Eta azkenean bai, Garmendia jabetzen da egunero ondoan ditugun pertsonak direla garrantzitsuena. Eta konturatzen da ere askotan gehiegi eskatzen diegula lagunei. Barkatzen ere jakin behar da, eta halaxe barkatzen diote lagunek Garmendiari egindako traizioa.

Garmendiak jarraituko du abenturak izaten?

Nik uste dut baietz. Esan beharra dago Garmendiak bi guraso dituela, Mikel Valverde marrazkilaria eta biok. Idazten hasi aurretik Mikeli nuen asmoa kontatu nion, eta eskertu behar diot emandako laguntza, hasieratik sinestu baitzuen proiektuan. Gu oso pozik gaude Garmendiarekin, ondo pasatzen dugu. Nik zera pentsatzen dut: idazten ondo pasatzen badut, irakurleak ere ondo pasako duela nik idatzitakoa irakurtzen. Beraz, ondo pasatzen dugun bitartean, jarraituko dugu.ber14_3.jpg

Kontaizu

2005, Urtarrila 01
Arloa: Berba Bi