Berehalako mezularitza tresnen pribatutasuna

Sare sozialen eztanda eta gero, jende askok beren komunikazio pertsonalak eremu ustez pertsonalago batera eramateko joerak ez du etenik. Ustez diot, jakina baita publikoa ez bada ere hor dagoen informazioa mila bideetatik egin dezakeela salto hedapen zabalera. Berehalako mezularitza tresnez ari gara noski, Whatsapp eta Telegram bezalakoez, baina baita Snapchat modukoez ere.

 

Gure artean gehien erabiltzen dena Whatsapp da. Jakina da urte berriarekin batera tresna honek zenbait telefonotan funtzionatzeari utzi egingo diola: Android 2.1, Android 2.2, Windows Phone 7 eta iPhone 3GS edo iOS 6 duten sakelakoetan zehazki. Iraungitze programatuaren beste adibide bat baino ez da, ditugun gailuak berritzeko estrategia baten parte.

 

Whatsappek gora-behera handiak izan ditu, gehienak segurtasunari lotuak. Azken bertsiotan ataza hau hobetu badute ere, ez dago guztiz argi pribatutasunaren ikuspuntutik benetan zein ondorio dituen programa guztiz itxia baita. Aldi berean, gogoratu behar dugu Facebookek erosi zuela eta noizbait nolabait, etekin ekonomikoa ere bilatuko duela beraientzako beste kanal bat den tresna honetatik. Puntuz-puntuko zifratze sistemak gauzak hobetu bazituen pribatutasunaren esparruan, Facebook-en menpe egoteak eta orain arte izandako eskandaluek ez diote batere onik egiten, aplikazio erabiliena bada ere.

 

Telegram da beharbada Whatsappen antzekoak direnen aplikazioen artean ezagunena. Aipatutako Whatsappen arazoen ostean fama hartu zuen, zifratze sistema hobeagoak zituela eta. Parte bat behintzat software librea da eta gainera orain Librezale.eus-eko jendeari esker aplikazioa bera euskaraz ere badugu.

 

Whatsappen aurrean hobekuntza ugari dituen aplikazioa da. Besteak ohikoak dituen aukerez gain, bideoak partekatzeko aukera, automatizazio aukera handiak eskaintzen dituzten bot-ak, informazio kanalak sortzeko aukera edo izugarrizko arrakasta duten sticker (edo eranskailuek) eta gif animatuen erabilerak ezberdintzen du tresna.

 

Pribatutasunari bakarrik begiratuz gero, berez modu arruntean erabilita komunikazioak zifratuak daude algoritmo indartsu bat dirudienarekin. Hala ere, zifratze potentzia benetakoa erakusten duen momentua puntuz-puntuko txat pribatuetan da. Hor bai, beraien zerbitzarietan gorde gabeko konexioak egiteko aukera dago, zifratzea gailu bat eta bestearen artean zuzenean ematen baita. Hortaz harago, txat hauetan informazioaren iraungitzea ezartzeko aukera dago. Horrela noizbait sakelakoa galduz gero ere, iraungitako mezu horiek ezabatuak izango dira eta beraz irakurtezinak.

 

Snapchat egin zen iraungitzen ziren mezuengatik ezaguna lehenik. Gero eta jende gehiagok erabiltzen duen aplikazio honetan iraungitze epea zuten mezuak izan ziren denbora askoan zehar gauzarik deigarriena. Gehien erabiltzen dutenak gazteak badira ere, esparru gero eta gehiagotara iristen ari den tresna ere bada. Kuriositate moduan irudietan efektuak eta marrazkiak txertatzeko aukerak ere jende asko erakarri du azken aldian. Pribatutasunaren ikuspuntutik aldiz, ez da aplikazio seguruena. Mezuak ezabatzen direnaren segurtasun sentsazio faltsu bat eman dezake gainera, baina hainbat azterketek diote ez dela seguruena.

 

Signal, ezezagunagoa izanik ere, beharbada aplikazio seguruena da. Whatsappen oso antzekoa bada ere segurtasun eta pribatutasuna hasieratik kontutan hartu dituen aplikazioa da. Software librea izateaz gain, audio dei zifratuak ere egiteko aukera ematen duena. Edward Snowdenek bere komunikazioak egin ahal izateko erabili izan duen aplikazioa izatearen kalitate zigilua dauka gainera.

 

Zein erabili bakoitzak ikusiko du, baina pribatutasunari garrantzia ematen diozuenok behintzat, aipatutako informazioak kontutan hartu.

Gorka Julio

2016, Abendua 31
Arloa: Sarean