Josune Bereziartu - Eskalatzai

Kontaizu

ber16_1.jpg

"Gaur egun, bizimodua eskaladaren eta mendiaren inguruan antolaturik daukat"

  • Lazkao, 1972
  • Txikitan futbolean jokatzen zuen, baina berehala utzi zuen eskaladagatik
  • Gaur egun, munduko eskalatzaile onenetako bat da gipuzkoarra
  • Iragan udazkenean bere bigarren 9A lortu zuen Japonian

Munduko eskalatzaile onenetako bat dugu Josune Bereziartu. Iragan udazkenean, Japonian, bere bigarren 9A lortu zuen. Bere lorpenaren garrantziaz jabe gaitezen: munduan hamabost gizonek soilik lortu dute 9A mailako bideren bat egitea.

ber16_2.jpg

 

Zerk bultzatu zintuen eskalada praktikatzera?

Kirola egiteko bokazio handia izan dut beti, txiki-txikia nintzenetik. Nire izaera ernegatua zela-eta kirola praktikatzeko zaletasuna nuen, berdin zitzaidan zein: futbola, saskibaloia, eskubaloia… Oro har, taldean jokatzeko kirolak izaten ziren Aldi berean, naturak biziki erakartzen ninduen. Goierrin bizi izanda ez da batere zaila mendiarekin harreman estua mantentzea. Egun batean, telebistan, bi emakume eskalatzen ikusi nituen eta hura probatu beharra nuela esan nion neure buruari. Eta halaxe hasi nintzen eskalatzen.

Zer da zuretzat eskalada?

Nire bizitza bihurtu da. Gaur egun, bizimodua eskaladaren eta mendiaren inguruan antolaturik daukat. Pasio dut, zaletasun, motibazio iturri. Hau da, une hauetan zoriontsu egiten nauena da eskalada.

Zer sentitu zenuen zeure lehen 9A egiterakoan? Eta bigarrena lortu orduko?

Bain de Sang bidea, nire lehendabiziko 9A, ezusteko ederra izan zen. Horrelakoetan esan ohi denez, denboraldi handi baten puntu gorena izan zen lorpen hura. Baina zera gehitu beharko nuke: denboraldiari ekin nionean, nire helburua zen 9A-ra iristeko moduan egon behar nintzela. Gauzak ezin hobeto atera ziren, eta udazkena iritsi zenerako –orduantxe saiatu behar nintzen aipatu bidearekin- forma onean nengoen. Indartsu nengoen, bidea egiteko gai nintzela sumatzen nuen. Eta halaxe izan zen: 2002ko urriaren 28an Bain de Ssangneure egin nuen. Nire bigarren 9A bidea, Logical Progression delakoa, iragan udazkenean egin nuen Japonian. Bestelakoa izan ziren hura lortu osteko sentipenak; are zailagoa den bidea –Flat Mountain 9a/a+ delakoa- nuen buruan, eta prozesu horretan murgildurik egoteak pixka bat lausotu egin zuen Logical Progression-en igoera. Dena den, oroitzapen ezabaezina dut eskalada horrena.

 

Emakume izateak eraginik izan du eskalada praktikatzeko orduan?

Honelako kirol batean sartzen zarenean, eta gainerako kirolak praktikatzeko orduan ere, ez da batere egokia zeure buruari mugak jartzea. Baikorra izan behar duzu; ahalik eta gorenen igotzea izan behar da zeure helburua, emakumea ala gizona zaren pentsatu gabe… Energia handiz aurrera egin beharra dagoela uste dut, norbera bere buruari gailentzen saiatuz. Konparazioak besteek egin ditzatela, hori baldin bada beren asmoa. Neuk, behintzat, emakume izateagatik ez diot neure buruari inolako mugarik jarriko. Dena den, objektiboak izanda, emakume izateagatik ohi baino saio gehiago egin behar izan ditut mendiaren munduak nire balioa errekonozitu zezan.

Egin dituzun igoera guztietatik, zein gogoratzen duzu atsegin handiagoz?

Iragan udan, Alpeetan, Yeah Man izena duen 300 metroko bidea eskalatu genuen. Horma horrek 8b+ gradura iristen diren zailtasun puntuak ditu, eta gu izan ginen bide horretatik igotzen lehenak. Hilabete eta erdi igaro genuen bertan, gogorra izan zen, baina ahaleginak merezi izan zuen, lehen igoera ez baita egunero egiten.

Zein igoera egin zaizu bereziki zailen?

Lehenago esan bezala, udazkenean Japonian izan nintzen Flat Mountain igo nahi nuelako. Esperientzia gogorra izan zen. Berrogei egun igaro nituen bertan, eta argazkilari zein telebista kamera talde bat zegoen gurekin erreportaje batzuk egin nahi zituztelako. Presio handia izan zen niretzat, beren lana bete ahal izateko nire arrakasta behar zuten hainbat pertsona bainituen egunero inguruan. Alde horretatik gogorra izan zen; egoerak stress handia eragi zidan. Azkenean, ezin izan nuen 9A+-a lortu, baina nire bigarren 9A bidea egin nuen. Munduan eskalatzaile gutxik dituzte bi 9A.

Zure ustez, zer moduzkoa da Euskal Herriko eskalatzaileen maila?

Ez da analitikoegia izan behar ohartzeko eskaladan, mundu mailan, buruan gaudela esateko. Nekez aurkituko dugu herrialde bat non, hemen bezala, hainbeste eskalatzaile dauden eta hain maila onekoak. ber16_3.jpg

 

Gehien miresten duzun eskalatzailea?

Yuji Hirayama japoniarra.

Zaila da eskaladan maila profesionalera iristea, hau da, jarduera horretatik bizi ahal izatea?

Zaila da profesional izatera iristea. Maila handia edukitzearen erakusle izateaz gain, nire ustez profesional izateak babesleak aurkitzen lagundu beharko luke. Ez dakit erakunde publikoek kirolariei lagundu behar dieten ala ez, baina argi daukat enpresa pribatuek egin egin behar dutela, beti ere bi aldeak –kirolaria eta enpresa babeslea- akordio horretatik zer irabazirik edukiko dutela garbi ikusten badute. Gaur egun, mendia, orokorrean, nahiko ezaguna da gizarte mailan, beraz, denon aldetik irudimen handiagoa behar da babesle pribatuak erakarri ahal izateko.

Nola entrenatu ohi zara? Aldaketarik dago neguko entrenamendu saioen eta udakoen artean?

Buruan ditudan helburuen arabera planifikatu ohi dut denboraldia. Normalean, eskalatzeko gogokoen dudan urteko sasoiari lehentasuna ematen diot, udazkenari alegia. Garaiaren arabera entrenamenduak aldatu egiten dira; udaberri amaieran erritmoa dezente jeisten dut, eta udan gogor entrenatzen hasten naiz berriro, beti ere udazkenari begira. Udazkenean egoten naiz sasoirik onenean.

Zein da zure hurrengo helburua?

Udaberrian Bain de Sang, nire lehen 9A-ren ondoan dagoen bidea egiten saiatuko naiz. Bimbaluna du izena, 9a/a+ mailakoa da, eta Kirolgi 9A+ proiektuaren barruan dago hura lortzea. Munduan zailtasunik handien duten bideetako bat igotzea suposatzen du horrek; bidearen mailara egotea espero dut, eta lortzen ez badut, saiatzeagatik behintzat ez da izango.

Zeintzuk aholku emango zenizkioke eskaladan aritu nahi duen gazte bati?

Geroz eta neska gehiago ikusten ditut eskalatzen; rokodromoak neska eskalatzailez betetzen ari dira. Rokodromoak, hain zuzen, aurreritziak eta honen moduko kirol bat egiterakoan neska guztiok izan ohi ditugun beldurrak menperatzeko bitarteko ezin hobea dira. Egia esateko, eskaladak, kirol moduan, bertute ugari biltzen dituela iruditzen zait. Gauzak ondo egiten badira, presa alde batera uzten bada, barru-barrutik harrapatzen zaituen kirola da. Neska guztiak rokodromoetara joatera animatzen ditut, edo bestela eskaladaren nondik norakoak menperatzen dituen ezagunen batekin mendira joan daitezela, ziur bainago harrituta geratuko direla edonor eskalatzeko gai dela konprobatzen dutenean. Ez da hain zaila maila bakoitzari dagokion zailtasun neurria ondo aukeratzen jakinez gero. JOSUNE BEREZIARTUber16_4.jpg

Argazkiak: www.escalada.net

Kontaizu

2005, Martxoa 01
Arloa: Berba Bi