Victo de Diego - Musikaria
“Besteekin jotzeak norbera musikari bezala handitzeko aukera ematen du”
- Bilbo, 1964.
- Bilboko goi-mailako musika eskolan eta Bartzelonako Lizeoan egin zituen musika ikasketak.
- 1988. urtetik, Bartzelonan bizi da.
- Oraindik ametsetan izenburua du saxo jotzaile honen azken lanak.
Ibilbide oparoa egina du Victor de Diegok. Sariak, luxuzko kolaborazioak, diskoak… Hainbat taldetatik igaro ostean, gaur egun Victor de Diego Quarteteko burua da.
Nondik datorkizu musika zaletasuna? Munduan dauden musika tresna guztiekin, zergatik aukeratu zenuen saxoa?
Ume askok bezala, txikitan solfeoa egin nuen eta piano pixka bat ere ikasi nuen. Beraz, musikarekiko harremana txiki-txikitatik datorkit. Geroago, musika kontzertu batera eraman ninduten eta orduan ikusi nuen lehen aldiz saxo bat. Asko gustatu zitzaidan, forma aldetik batez ere, eta soinu aldetik ikaragarria iruditu zitzaidan. Tresnarekin maitemindu nintzen, eta horregatik erabaki nuen saxoa jotzen ikastea.
Jazz musikari handiak sortu dira Euskal Herrian, baina haietarik gehienak kanpoan bizi dira, Bartzelona inguruan batik bat. Zer du hiri horrek jazz musikariak hainbeste erakartzeko?
Neuk ere ez nuke jakingo azaltzen zer duen Bartzelona. Tradizio musikal handia badu; orain dela 30-40 urte jazz musikari handiak joan ziren hara, eta oraindik jarraitzen du jazz jotzaileen bilgune izaten. Hain zuzen, horregatik joan nintzen neu hara, musikari onak egoteak interesgarri bihurtzen dutelako. Hango musikariekin ikasi nahi nuen. Gero zenbait proiektutan lan egiteko eskaini zidaten eta bertan geratzeko aukera sortu zitzaidan. Bilbon ere jazz tradizioa egon badago, baina ez hainbeste. Musikari batek handitu nahi badu, erreferentziak dauden tokira jo behar du. Eta horixe egin nuen nik.
Jazz musikari handiak aipatu dituzula, zure ibilbidean zehar hainbat jazz jotzaile ospetsurekin kolaboratzeko aukera izan duzu, Tete Montoliu eta Jeff Ballardekin, adibidez. Zer suposatu dute halako kolaborazioek zuretzat?
Esan bezala, besteekin jotzeak norbera musikari bezala handitzeko aukera ematen du. Hobeto jotzen ikasten duzu. Beti musikari berberekin jotzen baduzu, oso zaila da hobetzea. Gainera, egoera politak sortzen dira besteekin arituta. Baina hori ez da bakarrik ospetsuak diren musikariekin gertatzen. Hain ezagunak ez direnekin ere ikas daiteke. Bartzelonan munduko hainbat tokitatik joandako musikariak daude, eta haiekin aritzea aberasgarria da oso.
Orain zeure taldea baduzu, baina lehenago hainbat taldetan aritu izan zara. Horixe da jazz musikarien patua, batetik bestera ibiltzea?
Baina guk bilatu dugu hori hala izatea. Jazz musikaria ez da ondo sentitzen toki bakar batean jotzen. Behar dugu besteekin elkartu eta jo. Horregatik saiatzen gara toki askotan jotzen, hobetzeko. Gainera, hainbat estilo sortu dira jazzaren barruan, eta aberasgarria da guztietatik pixka bat probatzea. Garrantzitsua da guretzat, musikari garen heinean.
1986an Donostiako Jazz Jaialdian bakarlari onenaren saria jaso zenuen. Poztasun handia emango zizun horrek, ezta?
Jakina. Garai hartan musikari gutxi batzuk geunden jazz munduan sartuta. Orain askoz gehiago gara, eta zailagoa da halako sari bat lortzea. Sasoi hartan musikari gazteenari eman ohi zioten saria, eta urte haietan neu nintzenez gazteena bada niri tokatu zitzaidan.
Zure azken lanari Oraindik ametsetan izenburua jarri diozu. Oraindik ametsetan jarraitzen duzun seinale?
Bai, halaxe da. Memento honetan, munduan, gaizki egoteko nahiko arrazoi daude. Gerra, injustiziak. Horri kontra egiteko modurik onena ametsetan jarraitzea da, ametsekin, musikarekin hobetu dezakegulako mundu hau. Diskoko lehen abestiak Ilusio izena darama, hain zuzen, ilusioarekin jarraitu behar dugulako mundu honetan.
Une honetan, zein da Victor de Diegoren helburu nagusia?
Osasuna edukitzea lan egiten jarraitzeko. Mementuz bitartekoak baditugu gauzak egiteko, eta helburua da diskoak kaleratzea eta jendeari gustatzea.
Zaila da jazzetik bizitzea?
Pixka bat bai. Nik hainbat urte daramatzat honetan eta egoera nahiko lasai batera iritsi naiz. Gauzak aterako diren ziurtasuna dut, espainiar estatuan izen bat lortu dut. Baina geroz eta jende gehiago gaude arlo honetan, eta, tamalez, jazza jotzeko tokiak ez dira proportzio berean handitu. Nik esan dezaket musikatik bizi naizela, baina badakit ez dela musikari guztien egoera.
Eta herriminik ez da pizten hainbeste urtez kanpoan bizi izanda?
Noski baietz, baina zorionez gaur egun distantzia txikia dago Bartzelonatik Bilbora. Hegazkin bat hartu eta berehala zaude han. Ni sarritan joaten naiz hara, ia hilabetero, familia eta lagunak bisitatzera. Edozein modutan, gustatuko litzaidake Bilbon bizitzea. Neure burua han ikusten dut urte batzuk barru.