Asel Luzarraga - Idazlea
"Literatura giza harremanetan sakontzeko atea da"
- Bilbo, 1971.
- Enpresa ikasketetan diplomaduna eta Euskal Filologian lizentziaduna da.
- Lanbidez, irakaslea Santurtziko -Bihotz Gaztea- ikastolan
- Hamaika ispilu ganbil estreinako nobelaren ostean, Karonte lana dakar
Sei urte besterik ez zela hasi zen Asel Luzarraga idazten, eta handitzerakoan idazle izango zela esaten zien ingurukoei. Bere hitza bete du. Hamaika ispilu ganbil nobelaren ostean, Igartza bekari esker osatu duen Karonte aurkeztu berri du.
Zientzia fikzioa gutxitan jorratu da euskal literaturan. Zerk erakarri zintuen genero horretatik “Karonte” emaitzat izan duen abenturan murgiltzeko?
Egia da euskaraz oso gutxi jorratu dela eta neuk ere gutxi irakurri dut genero horretakoa; txikitan irakurtzen nituen Isaac Asimov-enak kenduta, Aldous Huxley-ren Bai mundu berria da irakurri dudan bakarretarikoa. Komikietatik edan dut gehiago zientzia-fikzioa literaturatik baino. Karontebera ere zintzia-fikziozko eleberria den zalantza egiten dut. Liburu hau idazteko ideia aldizkari bateko artikulu batek eman zidan; izan ere, liburuan azaltzen den teknologia benetako ikerketetan oinarritzen da. Baina alegiazko teknologiak berak baino, gizartea eta kontzientziak kontrolatzeko aukera da idaztera bultzatu ninduena. Ez dut gogoko beti begipean gaituen gizarte hau.
Zientzia fikzioa aipatu dugu, baina, egiazki, hainbat elementu nahastu dituzu zure bigarren lan honetan: zinema, komikia, maitasuna, sexua... Nola definituko zenuke Karonte?
Niretzat literatura batez ere giza harremanetan sakontzeko atea da, eta horren barruan maitasuna, sexua, erakarpena, zalantza, inkomunikazioa... elementu oso interesgarriak dira. Zinematik eta batez ere japoniar komikietatik estetika eta narrazioa dira erakartzen nauten elementuak. Baita japoniar komikietan askotan agertzen den kezka ere: gizarte teknologizatuaren deshumanizazioa. Beraz, Karontethriller neurri batean psikologikoaren itxura hartzen duen eleberria da, baina batez ere harremanei eta barneko egoera pertsonalei buruz hitz egiten duena. Uste dut protagonista biek dituzten zalantzak, isiltasunean garatzen diren sentimenduak, une batzuetako barneko iluntasuna..., edonori egin dakizkiokeela ezagun.
Igartza bekari esker kaleratu duzu nobela. Zenbateraino dira lagungarrihalako dirulaguntzak? Erraza da argitaratzea halako beka baten sostengua edukita?
Irabazi duenarentzat argi dago holako dirulaguntza guztiz erabakigarria izan daitekeela, hasteko, idazten ari zarena argitaratuko dela dakizulako, eta horrek bultzada itzela ematen dizu. Literaturan askotan eztabaidatzen da sariketen beharraz, eta nik uste dut aho biko ezpata dela: idazle batzuei bidea izugarri irekitzen dien bitartean, beste batzuk zapuztuta senti daitezke eta bide bazterrean geratu. Horregatik uste dut beti erlatibizatu behar direla emaitzak. Ez litzateke ona literaturarentzat dirulaguntzak eta sariak idazleak aurrera ateratzeko bide nagusia izatea. Saria batek edo besteak jasotzea une jakin batean pertsona jakin batzuek hartutako erabakia da, besterik ez, baina gero oihartzun mediatiko handia du, eta beste lan oso on batzuk oharkabean pasatzen dira. Euskal Herrian merkatu txikia dugu eta aldi berean irakurlearentzat zaila da egiten den guztia ondo ezagutzea, komunikabideetan agertzen diren izen nagusiekin baino geratzen ez direlako.
Zergatik erabaki zenuen idaztea? Zerk erakartzen zaitu letren mundutik?
Askotan txikitan agertzen ditugun zaletasunak urteekin lurruntzen joaten dira, baina nik 6 urterekin esan nuen idazlea izan gura nuela, eta antza ume horren ahotsak bizirik iraun du orain arte. Arrazoia ume batek izan dezakeena da: gelako neska batek askotan ipuinak idatzi eta andereñoari ematen zizkion honen onespena jasotzeko. Nik erabaki nuen neuk ere idatz nitzakeela, baina ez nizkion inoiz andereñoari erakusten, koaderno batean gordetzen nituen. Zorionez, etxeko guztiek txalotu eta zaletasun hori ikaragarri bultzatu zuten. Jolasa ere bazen, arrebak kazetariarena egin eta elkarrizketak egiten zizkidan, grabatu eta guzti, karkarkar. Letren munduaz batez ere galderak iradokitzeko duen gaitasunak erakartzen nau. Erantzunak norberak bilatu behar lituzke.
Zeintzuk idazle dituzu gogokoen?
Holako galderaren aurrean badakizu beti ahaztuko dituzula izugarri maite dituzun batzuk, baina oraintxe burura datozkidanak hauek dira: euskal idazleekin hasita, Saizarbitoria da nire idazle kutuna, eta azken urtean izugarri gozatu dut Julen Gabiria eta Hasier Etxeberriaren liburuekin, besteak beste; atzerrikoen artean... Boris Vian, Bulgakov, Amelie Nothomb, Agota Kristof, Reinaldo Arenas, Coetze...
Eta generoen artean, bat aukeratzekotan?
Eleberria, orokorrean, sentimenduak eta hausnarketarako bidea eskaintzen dituztenak. Ukitu surrealista badute, hobe, oso maite dudalako umore surrealista. Bestalde, barruko umeari oraindik gustatzen zaizkio Harry Potter, fantasia, beste munduetarako ateak...
Unai Elorriagak Sari Nazionala jaso zuen SP-rako tranbia-rekin, Kirmen Uribek Kritika saria Bitartean heldu eskutik-ekin, Fernando Morillok Euskadi saria jasotakoa da Haur eta Gazte literaturaren arloan... Indartsu zatozte idazle gazteak. Euskal literatura sasoi onean den seinale ote da?
Azken bolada belaunaldiaren kontua sarri aipatzen da. Ez dakit, nik uste dut bidean Atxaga, Saizarbitoria eta euren belaunaldiaren eta orain aipatzen dituzunon belaunaldiaren artean beste bat geratu dela harrapatuta, bidegabeki erdi ahaztua oraindik bizirik eta lanean egon arren. Nik uste dut XX. mendearen erdialdean kate bati eman zitzaiola hasiera, edo arnas berria, gura bada, eta ordutik eten barik ari garela begi kate berriak ipintzen, baina tartean egon direnetariko inor ahaztu barik. Sariek baino gehiago lanek eurek eman behar dute sasoi onaren berri. Niretzat euskaraz Han goitik itsasoa ikusten dabezalako lanak egotea da seinale ona, izen batzuk egotea baino.
Ba ote duzu beste proiekturik esku artean?
Buruan hiru proiektu ditut, euren artean batere zerikusirik ez duten hiru eleberri. Bat askoz errealistagoa, oso introspektiboa, eta beste biak surrealismorako joera handiagokoak. Orain hauetariko bat da bereziki lantzen ari naizena, baina ikusi beharko dugu ideia hauek zelan gauzatzen diren. Idazteak plazerra sortzen didan bitartean, idazteko denbora bilatuko dut atera daitekeen edozein lekutan.