Leun

Belako edo Dekot moduko taldeen ondoan, Leun hirukote, horren adibiderik argiena da. Rocka hizpide hartuta abesti sendoak osatzen dituzte.

Zer bultzatuta sortzen da Leun taldea. Nola egiten duzue bat?

Leun taldea Jonek -25 urte-, Anttonek -25 urte- eta Markelek -20 urte- osatzen dugu. Markel ezagutu baino lehen, Jone eta biok elkarrekin jotzen genuen. Orain dela urte bat gutxi gora behera, baterijotzaile bat nahi genuela konturatu ginen eta Markelekin batera osatu genuen hirukotea. Markel izan ezik, aurretik beste talde batzuetan egon gara, hala ere, berak Leioako orkestan jotzen du. Jonek (Chalwa band) taldean abesten zuen eta Anttonek (Lukiek) taldean ere jotzen du. Hirurok musika ikasi dugu.

Taldea sortzen duzuenean zeintzuk dira zuen erreferentzia artistikoak?

Musika estilo ezberdin asko entzuten dugu. Baina Rock musikari dagokienoez Toe, Tricot, WarPaint, edo Tortoise moduko taldea oso gustoko ditugu.

Badirudi badagoela Mungia inguruan belaunaldi berri bat musikaren inguruan. Leun, Belako, Dekot, Itziarren Semeak, Ero…. Eszena bati buruz hitz egin dezakegu?

Asko pozten gara! Izan ere aipatutako talde guzti hoien artean lagun minak ditugu eta kasu batzuetan baita senideak ere! Askotan elkarrekin batzen gara, musikaz aritu eta gure lanei buruz hitz egiten dugu. Eta guzti horrek azkenean elkar laguntzeko balio digu.

Zuen ustez zer eduki behar du abesti on batek?

Abesti on bat sortzeko egin behar den gauza bakarra zintzoa izatea dela uste dugu. Musikari batek benetan maite duena egiten baldin badu abesti onak egingo ditu ziur, ez dago beste biderik. Gainera oso erreza da abesti bat zintzotazunez eginda dagoen ala ez nabaritzea.

Belako moduko talde bat mugarria izan al da Euskal Herriko musikan belaunaldi berrientzako?

Noski! Belakok lortu duena izugarria da! Izan ere, esaten duzuna nabaritzen hasi da dagoeneko. Beraien antza daukaten talde asko ateratzen ari dira orain.

Zer adierazi nahi duzue zuen letrekin?

Jonek idazten ditu letra guztiak. Kasu batzuetan esperientzi pertsonaletan oinarritutako abestiak dira eta beste batzuetan bere aitak idatzitako “La parabola del hombre bala“ liburuan agertzen diren istorio laburretan oinarrituak daude. Liburu honetan agertzen dien istorioak zuzenak eta kritikoak dira baina beti ironia puntu batekin.

Zein da zuen hurrengo plana?

Gure lehenengo disko laburra grabatzeko irrikan gaude! Abuztuan hasiko gara eta ahalik eta lasterren ateratzea espero dugu.

Jarraitzen al duzue Euskal Herriko eszena?

Entzuten dugun musika gehiena atzerritik datorrela aitortu behar dugu, baina hemengo taldeak ere jarraitzen ditugu. Egia esan azken belaunaldi honetan izugarrizko kalitatea duten taldeak agertzen ari dira. Asko dira gustoko ditugunak, kasuan Joseba Irazoki, Jaun Done, Free The Wheel, Choice…

 

Gotzon Uribe

2016, Uztaila 16
Arloa: Berba Bi