Unai Elorriaga - Idazlea
"Orain arte bezala literaturarekin gozatzea da nire helburua"
- Bilbo, 1973.
- Bere estreinako nobelarekin, SPrako tranbia, Espainiako Sari Nazionala jaso zuen.
- 2002an Igartza beka lortu eta haren bitartez idatzi zuen Van’t Hoffen ilea bigarren nobela.
- Idazketa itzulpengintzarekin eta zenbait komunikabidetan egiten dituen kolaborazioekin tartekatzen du.
Goizak idazteko erabiltzen ditu Unai Elorriagak. Gaurko saioa ere ohi bezala hasi eta bukatu du. Bazkaldu aurretik egiten duen atsedenaldian harrapatu dugu, eta beti bezain atsegin eta apal erantzun ditu geure galderak.
Esan iezadazu idazteko arrazoi bat.
Barre egitea.
Eta irakurtzeko?
Bat bakarrik? Arrazoi asko dago. Burua aldatzeko izan daiteke.
Bereziki markatu zaituen egilea?
Juan Rulfo, bat esatearren.
Inoiz pentsatu zenuen Espaniako Sari Nazionala irabaztera iritsiko zinenik?
Ez. Nobela bai, baina Espainiako sari Nazionala ez [kar, kar].
Zenbateraino aldatu dizu bizitza sariak?
Bizitza bera baino gehiago lan egiteko moduan nabaritu dut aldaketa. Ez da gauza bera zortzi orduz lanean egon behar izatea, edo literaturari dedikatzea.
Zeure buruarekiko exijentzia maila aldatu da?
Ez, horretan ez da aldaketarik gertatu. Lehen ere nahiko altua neukan, ez dakit hori ona ala txarra den, baina ezin da saihestu. Publikatzen ez nuenean ere exijentzia maila bera neukan.
Bai SPrako tranbia-n bai Van’t Hoffen ilea-n agertzen diren pertsonaiak nahiko bitxiak dira. Errealitatean txertaturik dituzte oinak, baina beren buruan errealitate paralelo bat bizi dute.
Neurri handi batean hori da nire liburuetako ideia nagusietako bat, mundua ikusi, sentitu eta bizitzeko hamaika modu daudela erakustea. Modu horietako bat izan daiteke Lucasena, beste bat Matias Malandarena. Nik haien planteamenduak proposatu besterik ez dut egiten.
Jendeak egunerokotasunari aurre egiteko fantasia gehiagorik ez erabiltzea faltan sumatzen duzula esan daiteke?
Egon badago, baina beharbada ez da nagusi izango. Gehiengoak kontrakoa egiten du, bizitza pentsatu gabe pasatzen utzi eta, gainera, mikazturik bizi.
Zure hurrengo lanari buruz zerbait aurreratzerik bai?
Lau istorio dira, eta pertsonaia nagusia ume bat da, 8-10 urtekoa. Umeek mundua ikusteko modu propioa dute. Beharbada batzuetan helduek baino argiago ohartzen dira gauzetaz.
Umetan, idazle izatearekin amesten zenuen?
Egia esateko ez nuen horrelakoetan gehiegi pentsatzen. Ziur aski uste nuen umea izaten jarraituko nuela, eta agian horregatik naiz oraindik ere apur bat ume. Egia da ume gehienek nagusitzerakoan izango direnarekin amesten dutela, baina ez da nire kasua izan. Futbolean edo lagunekin plaza batean eserita ikusten nuen neure burua, eta ez lanean.
Futbola eta lagunak aipatu dituzu, baina bertsolaritza ez. Eta umetan bertsolaritzak garrantzi handia eduki zuen zeuretzat, ezta?
Bai, eta oraindik badauka. Ez diot arreta handirik eskaintzen, denbora faltagatik eta, baina egia esan bertsolaritzak laguntza handia ematen du hizkuntza ulertzeko.
Horrek esan nahi du noizbait plazetara itzuliko zarela?
[Kar, kar] Tira, ezin da inoiz esan zerbait ez duzula sekula egingo, baina Durangoko azken azokan esan nion Egañari egunen batean gustatuko litzaidakeela berarekin bertsotan egitea, behintzat, ilobei esan ahal izateko behin berarekin aritu nintzela plaza gainean. Baina, denetarako bezala, bertsotan aritzeko entrenamendua behar da. Inoiz eskaintzen badidate plazara itzultzeko eta Egaña, Igor Elortza eta gainerakoekin kantatzeko hiru hilabete beharko nituzke topera entrenatzeko saioan barregarri ez geratzeko.
Gaur egun bizitzari zer eskatzen dio Unai Elorriagak?
Galdera handia da. Orain arte bezala literaturarekin gozatzen jarraitzea. Asko disfrutatzen dut bai idazten bai irakurtzen, ez daukat lan gogorrik. Nagoen moduan egonda, osasunez eta lan aldetik arazorik gabe, sinatuko nituzke beste berrogeita hamar urte.