Gorputza VS? Burua
Kirolaria gorputz hutsa balitz bezala behatzen dugu askotan. Kirolean aritzen denak gaitasun fisikoa trebatzen du hein handi batean eta hala, gorputzaren eta buruaren arteko dikotomia zahar(kitu) hortan, buruaren alorra esistitzen ez dela ematen du askotan. Kirolariari ‘pentsatzeko’ ahalmena errefusatzen diogu, gutxienik bere alorraren eremutik kanpora, eta munduan diren gauza anitzen inguruko sentsibilitate eza egozten diegu, bere jardunaren eszenatoki diren marrek gartzela ikusezina eratzen duten heinean.
Bada, topiko oro bezala, hauxe ere eztabaidagarria da. Eta are gehiago, topikoen hariari jarraituta, pertsona zenbat eta indartsuagoa izan, pentsatzeko aukera txikiagoa ematen dio gizarte ikuspegiak. Giharren eta buruaren tamainak proportzionalak balira bezala. Estereotipoak apurtzen abila izan da beti Iñaki Perurena harrijasotzaile leitzarra. Bere disziplinako kirol ikur nabarmenetarikoa izanik ere, kirola eta euskal tradizioaren arteko uztartzeak bilatu izan ditu hamarkadetan barrena. Zehazki harriaren eta bizitza moldeen arteko uztartzeak. Peru-Harri bere Leitzako etxe-museoa horren adibide. Azken garaietan beste hainbat urrats ere eman ditu, harriaren osagai filosofiko eta antropologikoetaz gainera, eremu artistikoetan ere inkurtsioa burutuz. Hala, Bilboko Alholdiga zentroan, Markus Wüste eskultore alemandiarrarekin batera performance artistikoan hartu zuen parte, harria erdigune zuen “Prototipoak” ekimenaren barnean. Hala, Perurenak gorputz indartsu hutsa baino gehiago badela adierazi zuen beste behin.
Salbuespena dela esan genezake, kirolaren barneko figura isolatua, jarduera bera hornitzen duen ekimen interesgarria mahai gainera ekartzen duen ausart bakarra. Ez da hala, jakina. Kirolari bakoitzaren gorputzaren gainean burua dagoela ahaztea ez da inola ere zuzena. Eta akaso puntu hontan Muhammad Ali zendu berri den boxealariaren legenda mahai gainera ekartzea ez dago sobera. Izarra izatearen ondorioz pertsona beltzek Estatu Batuetako gizartean zuten posizio iraingarria salatu zuen, hausnarketa mamitsuak burutuz eta eraldaketa soziala gauza zedin eraginez. Fisikoki primerako dohaiak izateak baliozko burua edukitzea ukatzen duen pentsamolde zaharkitua berriro ere aztertu beharko genuke, akaso.