Basilio Astulez -

Kontaizu

ber20_1.jpg

“Haurrak eta gazteak zaintzea ezinbestekoa da abesbatzek jarraipena izan dezaten”

  • Gasteiztarra jaiotzez, Bizkaian bizi da.
  • Gasteizko Vocalia taldea zein Leioako San Juan Bautista abesbatzen zuzendaria da.
  • Biekin sari garrantzitsuak lortu ditu.
  • Gaur egun, Leioako Udal Musika Eskolan lan egiten du.

Ikasturtea amaitu berri da, eta, hala ere, lanean harrapatu dugu Basilio Astulez. Abesbatza bat –bi bere kasuan, aurki hiru- zuzentzeak horixe dakar: uda du denboraldi nagusia.

ber20_2.jpg

 

Nola sartu zinen abesbatzen munduan? Zerk erakarri zintuen musika arlo horretatik?

Egia esan, ez nintzen zuzenean sartu abesbatzen munduan, zeharka baizik. Ikasle nintzen garaian solfeoa egin nuen, piano jolea ere banintzen, baina ez nuen koruekin inolako harremanik. Hori bai, kantatzea oso gustukoa nuen. Udalekuetan eta beti egoten nintzen abesten. Orduan, gazte izanda, pixkanaka-pixkanaka abesbatzen mundura gerturatzen hasi nintzen. Ikastolako haur koruarekin kolaborazio batzuk egioten nituen; batzuetan musika tresnak ere jotzen nituen haiei laguntzearren. Gerora gazte abesbatz batean kantatzeko aukera sortu zitzaidan, eta handik gutxira herriko abesbatzarekin lanean hasteko aukera eskaini zidaten. Nire zuzendari izandakoak bultzatuta edo, zuzendari ikastaro batera joan nintzen, nahiko urduri joan ere, eta horrela ni neu zuzendari bihurtu nintzen. Eta gaur arte zeregin horretan jarraitu dut.

ZAure kasua ez da batere arrunta. Topikoari kasu egiten bazaio, gazteek rock taldeak eratzea izaten dituzte buruan, eta ez abesbatza bateko kide bihurtzea.

Bai, hala izaten da. Normalean, txikitan abesbatzetan ibilitako gazteek, behin hamazazpi-hamazortzi urte beteta, korua utzi eta bestelako bideak aukeratu ohi dituzte. Nire kasuan justu kontrakoa gertatu zen: txikitan kantatu ez, baina gero, gaztetan, koru batean sartzeko gogoa piztu zitzaidan. Zentzu horretan, berezia da nire kasua, bai.

 

Dena den, gurean ez da hain bitxia abesbatza batean kantatzea. Zaletasuna egon badago, horren adibide dira Euskal Herrian dauden maila handiko koralak.

Bai. Esan genezake geure kulturaren edo egunerokotasunaren bornean daudela abesbatzak; ez dira zerbait berezia, arraroa. Hala ere, nire ustez gehiegi puzten gara abesbatzen kontuarekin. Beren izen onagatik, beren kalitateagatik aipatzen ditugu abesbatzak, baina nire ustez egunero landu beharreko kontua da hori. Ezin gara gazteleraz esan ohi den bezala “errentetatik bizi”. Neuk ere pentsatzen dut hemen maila handia dugula, baina ez da ahaztu behar oinarrizko lan baten emaitza dela hori guztia, haur eta gazteekin egiten den lanaren emaitza hain zuzen.

Hain zuzen, abesbatzez hitz egiten denean, goi mailakoak aipatzeko joera dugu beti: Donostiako orfeoia, Bilboko Koral elkartea. Ahaztu egiten dugu hainbat eta hainbat abesbatz daudela Euskal Herrian, aipatutakoez gain. Batzuk profesionalak dira, baina gehienak ez.

Hala da, eta profesionalak ez direnen artean herriko koruak daude, haurrenak, gazteenak… Nik argi daukat azken horiek direla etorkizuna. Harrobia egin nahi badugu, haur eta gazteetatik hasi behar dugu. Helduek zeinen ondo kantatzen duten esateak ez du garantzi handirik. Ondo dago euren merituak onartzea, baina ez da ahaztu behar beheko mailetan jende asko dagoela lan ikaragarria egiten, eta ahalegin horretatik aterako dira etorkizuneko kantariak. Haurrak eta gazteak zaintzea ezinbestekoa da abesbatzen munduak jarraipena izan dezan.

Zuk zeuk kantatu ez ezik zuzendu ere egiten duzu. Bi esparruetatik zein egiten zaizu gogorren?

. Dudarik gabe, zuzentzea. Kantatzea plazer bat da, gustura egiten dut hori. Aldiz, beste norbait zuzendu behar izatea ardura handia da. Kantaria baino ez zarenean, prestaturiko errepertorioa interpretatzera mugatzen zara. Jakina, ahalegin bat eskatzen du interpretazio onak, baina zeure burua baino ez baituzu kontrolatu behar. Baina zuzendaria zarenean talde oso bat duzu zeure ardurapean. Akats txiki bat egin eta pikutara bidal dezakezu saioa. ber20_3.jpg

 

Zentzu horretan, gazteak zuzendu behar izatea ez da erronka makala izango.

Ez pentsa, nik oso gogoko dut haur eta gazteekin lan egitea. Aitortu behar dut zorte handia dudala; musika estola batean lan egiten dut eta nire ardurapean ditudan gazteak nahi dutelako etortzen dira klaseetara, ez ditu inork behartzen. Horregatik sintonia ona dago geure artean, denok musika gogoko dugulako. Baina horrela izango ez balitz ere, nire ustez gazte talde bat zuzentzeko ez da aparteko jakintzarik eduki behar. Hori baino gehiago, beraiekin konektatzeko trebetasuna izan behar du batek. Haiek nola engantxatu, nola erakarri da gakoa. Abesbatza zerbait erakargarria egin behar zaie. Horretan datza beraiekin arrakasta izatea.

Uda gainean dugu, zeintzuk plan dituzu?

Artero bezala uda ikastaroez eta emanaldiez beterik daukat, baina horixe da gure bizimodua. Egia esateko, azkenaldian poz-pozik nabil, egitasmo berri bat dugulako esku artean: Leioan neska talde bat sortu nahi dugu. Zerbait berezia izango da, ohiko abesbatzetatik pixka bat haruntzago joango dena. Kontu horrek ilusio handia ematen dit, eta horretan gabiltza, taldea aurrera atera nahian. Ea dena ondo ateratzen den.ber20_4.jpg

Kontaizu

2005, Uztaila 01
Arloa: Berba Bi