Arantxa Iurre - Aktorea
Aktore izan nahi duenari bost axola dio tituluak
- Kazetaritzan lizentziaduna.
- ETB-n zuen lana utzi eta antzerkira dedikatzea erabaki zuen.
- Aktorea eta antzerki irakaslea da.
- Gaur egun, Getxoko Antzerki Eskolako zuzendaria da.
Kasualitatez iritsi zen antzerkiaren mundura, eta, gaur egun, Getxoko Antzerki Eskolako zuzendaria da Arantxa Iurre. Antzokietan ikusle kopuruak behera egin duen arren, getxoztar honek ez du itxaropena
Nola sartu zinen antzerkiaren munduan?
Zerbait inkonzientea izan zen. Institutuan nengoen garaian gertatu zen. Getxo I-en nengoen ikasten, eta egun batean antzerki talde bati buruzko informazioa eskaintzen zuen kartel bat ikusi nuen. Ez dakit zergatik, baina halako batean taldean izena ematera behartuta sentitu nintzen. Egia esateko, ordura arte inoiz ez zitzaidan bururatu antzerkia egin nezakeenik, are gutxiago aktore bihur nintekeenik. Baina horrela hasi nintzen. Argentinatik etorritako Claudio Navik emandako tailerrean parte hartzeko aukera eduki nuen, eta hainbeste engantxatu ninduen ezen hementxe jarraitzen dut, antzerkiarekin bueltaka.
Are gehiago, antzerkiaren bidea zuzen-zuzen jarraitu duzu harik eta Getxoko Antzerki Eskolako zuzendari bilakatu zaren arte.
Bueno, ez pentsa hain bide zuzena izan denik. Pixka bat egoerak eramanda bukatu dut postu honetan. Esan bezala, antzerkia egiten hasi nintzen, baina berehala ohartu nintzen ez nuela aktore izan nahi. Horregatik kazetaritza ikasten hasi nintzen, antzerki tailerrak utzi gabe. Halako batean Euskal Telebistan praktiketan hasteko aukera sortu zitzaidan, eta haiek amaituta kontratua eskaini zidaten. Lan ordutegia zela-eta ez nuen nahikoa denborarik gauza bietarako, eta orduan konturatu nintzen aukeratu beharra nuela: lanean jarraitu ala antzerkiari heldu. Hau da, telebistak ematen zidan erosotasun ekonomikoaren eta nire zorionaren artean hautatu behar nuen. Eta, jakina, zoriontsu eta pobre izatea erabaki nuen. Pixkanaka eskolan toki bat irabazten joan nintzen, eta ikasle izatetik irakasle izatera igaro nintzen. Soldata hari esker aurrera atera nintzen, eta gaur egun ez naiz batere gaizki bizi. ETB-n egonda ziurrenik hobeto biziko nintzateke, alde ekonomikotik batez ere, baina eskolan erabateko askatasuna dut. Neu naiz neure buruaren nagusi, eta neure izakerarekin bat datorren bizimodua daramat.
Zer moduz daramazu irakaskuntza?
Oso gustura nago. Egia esateko, lehen irakaskuntzak ez ninduen batere erakartzen, baina duela hogei urte hasi nintzen klaseak ematen eta denbora horretan asko ikasi dut. Konturatu naiz irakaskuntzak ez duela norabide bakarra, bikoitza baizik. Ikasleei zenbait diziplina irakasten ahalegintzen naiz, eta aldi berean haiek mundua beren ikuspegitik aztertzen laguntzen didate. Gainera, eskolan oso giro ona dago. Badira gauza gogorrak ere, baina gogorrena ez da sormena, erakundeekin dugun harreman burokratikoa baizik.
Zer moduzkoa da antzerkiaren egoera Euskal Herrian?
Antzerkia oraingoz ez da euskal kulturaren parte, eta neurri batean ulertzekoa da bere egoera, hemen antzerki tradizioak 30 urte besterik ez baitauzka. Dirua banatzeko orduan horrek zera esan nahi du: musika eta gainerako kultur esparruek lehentasuna dutela. Nola jendeari antzerkia ez zaion interesatzen, ez digute kasu handirik egiten erakunde publikoek. Jarduera masiboa balitz, egon zaitez ziur diru gehiago bideratuko luketela antzerkia sustatzera. Horren aurrean hainbat profesionalek kanpora alde egiten dute, baina nik Euskal Herrian egotea atsegin dut. Ez nintzateke beste inora joango hemen dena egiteko dagoelako. Gogorra da, noski, babes gutxi edukitzeaz gain ikusle askorik ez dugulako, baina zorionez geroz eta ume gehiago matrikulatzen dira geure eskolan. Hemendik urte batzuetara antzerkia geure kulturaren parte izango da, horrekin amesten dut behintzat.
Ilusioa ez zaizue falta, beraz.
Profesionaltasunarekin ez da nahikoa eskola bat mugitzeko. Egiten duzun horretan sinistu egin behar duzu, baita maitatu ere. Ikasturtean zehar hainbat irakasle etortzen zaizkigu kanpotik, ikastaroren bat edo beste ematera, eta harrituta geratzen dira. Esaten digutenez, alde handia dago gainerako antzerki eskolen eta geurearen artean. Hemen nabaritzen da irakasleak bizirik gaudela, inplikatu egiten garela. Klaseetara etortzen gara antzerkia interesatzen zaigulako, ez soldata kobratzeko bakarrik.
Dedikazio horrek emaitza ezin hobeak eman ditu. Horien artean dago eskolako konpainia iraunkorra, 96 unikornio izenekoa.
Bere garaian egindako apustua da konpainia, eta harro gaude oraindik ere martxan dagoelako. Klasikoak eguneratzea da taldearen erronka, eta, alde horretatik, ekarpen interesgarria egiten ari garela uste dut.
Oraindik, baina, antzerki ikasketek ez dute ofizialtasunik.
Aktore izan nahi duen ikasleari bost axola dio tituluak. Aktore izatera iristen denean, ez dute tituluagatik kontratatuko. Gurasoei bai, interesatzen zaie seme-alabek ikasketa “serioak” egitea, hau da, tituludunak. Baina Getxoko eskolak izen bat du, kanpoan ere geure berri dute, eta hori, nire ustez, nahikoa berme da.
Zeintzuk dira une honetan eskolako erronka nagusiak?
Epe luzera begira interpretazio eskola teknologia eskolarekin batu nahiko genuke. Teknikari eta argiztapen eskola indartsu bat dugu, baina orain arte antzezpen ikastaroetatik aparte koordinatu dugu. Horretaz gain, antzerki munduko gainerako esparruak jorratu nahiko genituzke, dela gidoigintza, soinua, jantziak… Ea pixkanaka-pixkanaka esparru guztietara iristea lortzen dugun.
Teknikariak aipatu dituzu, Euskal Herriko teknikariek ospe ona dute… atzerrian.
Tamalez, askok kanpora jotzen dute hemengo eskaintza faltagatik. Dena den, ikasleei esaten diet hementxe geratzeko, dena egiteko dagoelako. Madrilen zein Bartzelonan dauden teknikari edo aktore guztien artean beste bat baino ez dira izango. Hemen, aldiz, ez zaie horrelakorik gertatuko.