Ander Vilarino - Gidaria

Jon Ordoñez

ber25_1.jpg

"Moto batekin lehiatzeak beldurra emango lidake"

  • Donostia, 1979.
  • Europako Mendi Txapelketa irabazi du 2005ean.
  • Administrazio eta Enpresa zuzendaritzan lizentziaduna.
  • Lau urterekin hasi zen automobilismoan, kart batean.

 

Txikitatik aritu da Ander Vilariño karreratan, zirkuituetako probetan zein errepideetakoetan. Kritiken kontra, automobilismoa defendatzen du. "Nire kirola da".

ber25_2.jpg

 

Zerk bultzatu zintuen auto batera igo eta abiaduran lehiatzera?

Nire aita gidaria zen, eta ni berarekin joaten nintzen karrerak ikustera. Uste dut jada nire ama haurdun zegoenean ere motor hotsa entzuten nuela. 3 urte eta erdirekin kart bat gidatu nuen lehen aldiz. 4 urterekin jada nire aitak kart bat oparitu eta lehiatzen hasi nintzen.

Zirkuituetan eta errepidean aritu zara. Zer nahiago duzu?

Batean edo bestean aritzea baino gehiago, denetan karrerak irabaztea da niretzat garrantzitsuena. Gidari osoa naizela uste dut. Zirkuituetan, rallyetan, izotzean, mendi txapelketatan... Gustura nago egindakoarekin. Rallyak oso luzeak dira, egun guztia pasatzen duzu autoan eta hori oso gogorra da, batez ere psikikoki.

Mendiko karreretan jarraituko duzu datorren urtean?

Beste txapelketaren batean eskaintza oso profesionala iristen ez bazait, bai. Eta eskaintza hori edukita ere, ez nuke Europako Mendi Txapelketa erabat utzi nahi. Oso polita da. Ikusle asko ditu, giro polita da eta Nazioarteko Automobilismo Federazioak antolatzen du.

Zer ekarri dizu Europako Mendi Txapelketa irabazteak?

Asko. Nire aitak ere irabazi zuen, eta berezia da niretzat. Oso ondo tratatu naute.

Zein da Euskal Herrian automobilismoaren egoera?

Zaletasun handia dago. Aho bete hortz geratzen naiz norbaitek esaten duenean hemen zaletasunik ez dagoela. Europako Mendi Txapelketan, Espainiako eta Frantziako probetan, ikurrina asko ikusi nituen.

 

Tituluak ez du oihartzun handirik izan, ordea.

Munduko txapeldun diren kirolari asko dago gurean ere, eta ez dute Realak duen oihartzuna. Kirol guztiak berdinak ez direla ulertu behar da. Futbolean jende askok jokatzen du, eta beste kirol batzuetan jende gutxiagok.

Zure ibilbideko lorpenik handiena izan al da titulu hori?

Lorpen bakoitzak du bere xarma. Formula Super Toyotako Espaniako Txapelketa irabaztea ere handia izan zen; formula auto batekin irabazi nuen lehenengoa izan zen. Baita Munduko Serieetan 1 Formulan aritutakoak ziren gidarien aurretik egotea. Hori zen Munduko Serieek lehen zutena; orain galdu egin dute.

Bilboko Munduko Serieetako karrera ez da berriro jokatuko. Batzuei gogaikarria iruditzen zaie automobilismoa: burrunba, kea...

Beno, niretzat beste kirol batzuk ere gogaikarriak izan daitezke. Badu automobilismoak alde kutsagarria, baina geroz eta txikiagoa da.

Zergatik duzu zuk gustuko automobilismoa?

Nire kirola da. Zaila da batzuetan gauzei zentzua aurkitzea. Zer zentzu du bada futbolak edo tenisak? Zerbaitetan onena izatea da lehia.

Motordun kirolak ez direla kirol esaten duenik ere bada.

Egunen batean nirekin etorri eta kart batean ordu batez aritzera gonbidatuko nituzte, eta ea berdin pentsatzen duten. Sasoi onenean dauden kirolariak ere asko nekatzen dira. Automobilismoa kirol bitxia da, prestaketa berezia behar du. Ez du kotxe arrunta gidatzearekin zerikusirik. Kirol gogorra da nahiz eta maratoia eta txirrindulartza bestekoa ez izan.

Bilboko ekimenak ez du asko iraun. Ez al da falta Euskal Herrian zaletasunaren ikur izango den lasterketaren bat, garai batean Jaizkibelen (Hondarribia) jokatzen zenaren antzekoa?

Lagun Artea taldeak antolatzen du Jaizkibelgo igoera, eta euren erabakia da. Polita litzateke, baina diruak agintzen du.

Zergatik diruak?

Kirol honetan autoa diruaren araberakoa delako. Gidari ona izatea ez da nahikoa ondo aritzeko; autoa erabakigarria da. Gainera, parte hartzeko kirol garestia da; 1 Formula edo GP2 txapelketatan aritzeko diru asko jarri behar du gidariak.

Eta eman, zer eman dizu zuri automobilismoak?

Momentu onak eta txarrak. Lehen presio gehiago nuen, eta gozatzea zaila zen. Baina orain gozatzen hasi naiz jada, baita irabazten ez dudanean ere. Hori ikasi dut.

Andres zure aita orain dela gutxira arte aritu da lehian. Zu ere horrenbeste denboran arituko al zara?

Ez, aitarena kasu bitxia da. Gogo handia eduki behar da horretarako. Niregatik eta Angela arrebagatik ez balitz, korritzen jarraituko luke berak. Baina orain taldearen ardura du (Vilariño Motorsport). Lan ona egiten ari da.

Valentino Rossi moto gidaria rallyetan ere iaioa da, eta orain 1 Formulako auto bat probatu du. Baita Sebastien Loeb rally gidariak ere. Michael Schumacher 1 Formulako gidariak ere entrenatu du karreratako moto batekin. Ez al zenuke zuk moto bat hartuko?

Ez, hori oso garbi daukat, ezta diru askogatik ere. Ikusteko gustuko ditut moto lasterketak, baina beldurra emango lidake niri moto batekin korritzeak. Bataz besteko denborak 1 Formulakoak baino motelagoak diren arren, abiadura handia hartzen dute. Meritu handia dute moto gidariek. ber25_3.jpg

 

Karreratan istripua jasan zenuen 1997. urtean. Kosta egin al zitzaizun berriro lasterketetara itzultzea?

Beste batek jo ninduen ni, eta istripua ez zen horrenbeste nik abiadura gehiegi hartu nuelako. Psikologikoki ezberdina da. Baina hurrengo urtean, egia da, zirkuitu horretan motelago aritu nintzen.

Karreretatik kanpo gidariek besteok baino hobeto gidatzen al duzue?

Nik uste baietz. Normala da, kilometro asko egiten ditugu eta.

Eta abiadura gustatzen al zaizue?

Autopistan, onartu behar dut, araututako abiadura baino pixka-pixka bat azkarrago gidatzen dudala; kotxeak gaur egun hain dira azkarrak... Gainera bidea seguruagoa da. Baina hiri barruan ez, hori oso garbi daukat. Ez dut gehieneko abiadura gainditzen, eta batzuetan 50 km/h abiadura muga hori altuegia iruditzen zait, bidea oso estua delako edo errepidera edonor atera daitekeelako. Gainera, hiri barruan azkarrago joanagatik ez zara lehenago iristen. Jendeak jakin behar du istripu baten ondorioak bizitza guztirako izan daitezkeela.ber25_4.jpg

Argazkiak: Argazkia: Iñigo Azkona

Jon Ordoñez

2006, Urtarrila 01
Arloa: Berba Bi