Bidearen bukaera
Denak dauka bukaera, onerako edo txarrerako. Gauzak irekitzen diren bezalaxe, noizbait itxi ere egin behar dira, eta are gehiago, batzuk abiatu daitezen beste batzuk gelditzea ezinbesteko da. Halere, agur esatearen une hori beti ere inflexio puntu nabarmena izaten da edonoren bizitzan.
Kirolariaren agurra ez da bizitzako ohiko erretiroa. 30 eta 40 urte bitartean gauzatu ohi da, beti ere disziplinaren arabera. Alegia, oraindik ere bizitza ibilbidean ‘gazte’ den unean gertatzen da, izan ere, primerako sasoi fisikoa tarteko egon ezean zaila izaten da lehiatzea, eta hala gorputza ‘zahartzen’ hasten den unean ez dago berdintasun terminoetan kirolari gazteagoen aurka jokatzeko aukerarik. Eta hauxe bizitzaren ibilibide naturala izanik ere, beti ere zapore garratzez zipriztindurik geratzen da. Pilotaren munduak hiru adibide garbi utzi dizkigu egunotan.
Lehena, azken urteotako pilotari berezienetarikoa. Yves Salaverri, “Xala”, pilotari ezohikoa izan da ezbairik gabe. Panpi Ladutxen ondoan hazia, trinketetik eratorritako moldea bideratu zuen frontoira, eta joko bizi eta zirraragarriak hainbat arrakasta lortzera eraman zuen. Nabarmenena, 2011ko buruz burko final gogoangarri hura, Aimar Olaizolari irabazia. Tituluen zakua betea du lapurtarrak (buruz burukoaz gainera beste hiru binakako ere baditu Lekuinekoak), baina halere, erretiroa hartzeaz bat polemika puntu bat ere izan da, Aspe enpresarekin izandako tirabirak argitaratu baitziren, ezker esku zoragarriaren pilotariaren agurra pixkat itsusitu zutenak.
Polemikarik gabeko agurra, baina mingotsa hau ere, Pablo Berasaluze berriztarrak bizitakoa. Edo biziko duena, hobe esanda, urrian gauzatuko baitu bizkaitarrak bere azken partida. Aipaturiko zapore txar hori, titulurik gabeko ibilbidea izan delako da. Hauxe, berez, ez da horren tragikoa, pilotari profesionalen portzentai handienak bukatzen du bere bidea titulurik irabazi gabe, baina Pabloren kasua ez da besteena bezalakoa. Gantxoa zigilu duen aurrelariak azken urte zoragarriak izan ditu. Ibilbide irregulararen ondoren, 35 urtetik aurrerako urteak izan dira, ezbairik gabe, onenak. Eta orduantxe iritsi dira finalak eta txapelen aukerak. Hiru binakako final erdietsi ditu, nahiz eta bakarra irabazi ez. Historiarako geratuko da Bizkaia pilotalekuan eginiko oihuak, hankan haustura lazgarria zuela, txapelaren ametsa desegiteaz batera.
Baina bada oraindik ere mingarriagoa gerta daitekeen erretiroa. Kontratu berritze polemikarik tarteko egon gabe, txapelik ez izateren arantza tarteko egon gabe. Kirolari gaztearen erretiroa hain zuzen ere. Mikel Idoate nafarra pilotaren esperantza nabarmenetarikoa izan zen duela urte batzuk. Buruz buruko hainbat finalaurre jokatuta, etorkizun distiratsua zuen pilotaría izan zitekeen. Baina 2014ko San Ferminetako festibalean dena okertu zen. Ezker eskuan lesioa pairatuta, ordutik sendatu ezinik dabil. 8 partida baino ez ditu jokatu azken bi urteotan, pilotari batentzat horren premiazko den eskuetan mina atzean utzi ezinik. Ebakuntza eta ere guztietako tratamenduak jaso ditu, baina dena alferrik izan da. Hala, erretiroaren atarian dago iruñearra. 26 urte eskasekin egoera tragikoa dela ez da gehiegikeria.
Hala, bere zikloa agortu duen kirolaririk ez dago. Beti ere ibilbidean geraturiko arantzek mina eragiten dute. Eta kasu hontan, atera beharko genukeen jakintza bidean gozatu beharrekoaren ingurukoa da, helmugara heltzen garen unean oinetakoen barnean geratzen zaizkigun harriek ahalik eta min gutxien egin diezaguten. Akaso kirol ibilbidearen inguruko jakintza hauxe bizitzarako ere estrapolagarri ere bada…