Kantxa eta bulegoa
Kantxatik kanpora geratzen denak ez omen du garrantzirik. Jokoaren eremuaren barnean gauzak ondo (edo aurkariak baino hobeto, gutxienik) eginez gero, arrakasta atzetik etorriko da ezinbestean. Kirolaren lege honen aurka ezartzea ez da testu honen xede, baina adieraz dezagun aldagai gehiago badirela egungo jardunean jokoaren arauak apur bat desitxuratzen dituztenak.
Saski Gernika saskibaloi taldeak primerako lehen itzulia gauzatu du. Lehen mailan sendo ibili dira neska bizkaitarrak, eta kategoria eustea xede bazen ere, lehen itzulia bukatzerako Kopako sailkapena lortzeko lehian izan dira. Berez egoera zirraragarri zenak zapore garraztua utzi du gernikarrengan.
Partaidetza lehen itzulian goian sailkatzen diren taldeetara dago mugatua. Finalerdia eta finala jokatzen direla kontutan hartuta, lau talde behar dira. Normalean ligatik hiru talde sailkatzen dira eta laugarrena jokalekuko sedearen arabera ebazten da. Kontua da ez dela beti etxeko ordezkari hori egoten, eta baliteke beraz ligako laugarren sailkatuari egokitzea finalaurrea betetzea. Azkenik aurtengo kopa Donostian jokatu da (IDK Gipuzkoa koadroan sartu zen hala), eta oso kritikatua izan da sedea ebazteko unea, itzuliko azken jardunaldia baino bi egun eskas lehenago. Izan ere, ordurarte borrokan zebiltzan taldeak aukera gabe geratzen ziren. Gehien kexatu zen taldea Conquero Huelva taldea izan zen, nahiz eta azkenik kaltetuena Saski Gernika izan, bizkaitarrak sailkatu baitziren laugarren postu hortan. Halere, Mario Lopezen neskek ontzat eman zuten egoera, ligan ordurarte bezain ongi aritzeko xedea burutik kendu gabe.
Bada, ez zen bertan bukatu gernikarrek Koparekin izan duten harremana. Donostiko azken fasea lehiatu aurretiko astean Conquero Huelvak zituen arazoen berri izan genuen. Ekonomikoki estuasunak tarteko, hainbat jokalari matxinatu egin ziren, eta klubak zor zizkien soldata atzeratuak jaso ezean, ez zuten Donostian jokatzeko asmorik. Egoera nahi baino ohikoagoa kirol taldeetan. Begiradak Huelvatik Gernikara igaro ziren. Berriro ere laugarren sailkatuaren eskubideak zilegi ote ziren erren gera zitekeen koadroa osatzeko? Bada, ezinegona gailendu zen, ez berez Saski Gernikak jokatu nahi ez zuelako, besteen ezintasunaren ordezko izatea inolaz ere eroso ez delako baizik. Azkenik talde andaluziarrak bere zorrak kitatu eta dena aurreikusi bezala joan zen, lehen hiru sailkatuekin eta IDK Gipuzkoa antolatzailearekin. Halere, gonbidapenik gabeko jai baten protagonista bilakatu zen Saski Gernika.
Kopako txapelduna, gauzak nola diren, Conquero Huelva izan zen, primerako bi partida burutuz eta finalean Perfumerias Avenida faboritoa era argian irabaziz. Arreta bulegotik kantxara bueltatzea batzutan ez dago sobera.