Karmele Jaio - Idazlea

Ezti Ezkerra

ber28_1.jpg

"Irakurtzeak eraman ninduen idaztera"

  • Gasteiz, 1970.
  • Informazio Zientzietan lizentziaduna da.
  • Gaur egun, komunikazio bulego batean lan egiten du.
  • Orain dela bi urte kaleratu zuen estreinako liburua, Hamabost zauri ipuin bilduma.

Kazetaritza ikasi zuen Karmele Jaiok, berak esanda idazteko premia sentitzen zuelako. Zenbait ipuin sariketa irabazi ostean, 2004an bere lehen liburua kaleratu zuen: Hamabost zauri ipuin bilduma. Igartza bekari esker osatu du bere bigarren lana: <i

ber28_2.jpg

 

Nolatan hasi zinen idazten? Zer bultzatuta? Kazetaritza ikasi eta horretan jardun izanak eduki zuen eraginik?

Egia esan, nahiko berandu hasi nintzen ipuinak eta idazten, hogei urterekin edo. Beti gustatu izan zait irakurtzea, eta heldu zen egun bat neuk ere barruak nituen zenbait gauza idatziz azaltzeko beharra edo gogoa nabaritu nuena. Nik uste irakurtzeak eraman ninduela idaztera. Eta kazetaritza ikasteari dagokionez, nik esango nuke kazetaritza ikasketak aukeratu nituela, hain zuzen ere, sentitzen nuelako idazteko behar, nahi eta gogo hori.

Zeintzuk dira gehien estimatzen dituzun egileak?

Asko daude, eta aukeraketa bat egitean ziur gustatzen zaizkidan asko uzten ditudala kanpoan. Gehienak ipuingileak dira Raymond Carver, Katherine Mansfield, Julio Cortazar edo Dorothy Parker, kasu. Baina asko gustatzen zaizkit ere beste asko: Brohumil Hrabal, Julio Llamazares (haren La lluvia amarillaliburua bereziki)... Eta euskaldunen artean ere badauzkat asko gustukoak, nola ez. Asko gustatzen zaizkit, adibidez, Arantxa Iturberen ipuinak edo Harkaitz Canoren lanak, bereziki azkenekoak, edo Bernardo Atxaga, Julen Gabiria, Unai Elorriaga...

Eta liburuak?

Baten bat aipatu dut aurreko erantzunean. Julio Llamazaresen La lluvia amarilla da niretzat irakurri ditudan nobelen artean hunkigarri, eder eta poetikoenetakoa. Tristea da baina oso ederra. Oso polita da baita ere Brohumil Hrabal idazle txekiarraren Una soledad demasiado ruidosa eta baita Harkaitz Canoren Belarraren ahoa, adibidez. Duela gutxi argitaratu dira Dorothy Parkerren ipuinak euskaraz, Literatura Unibertsala bildumaren barruan, eta oso gustura irakurri dudan liburua da, Hona hemen gu biokdu izenburua. Eta beste asko daude.

 

Hamabost zauri izan dugu zure lehen liburua. Zer moduzkoa izan zen estreinaldia?

Egia esan behar badut estreinaldia oso polita izan zen eta pozik nago horrekin. Irakurleek oso ondo hartu dute eta oso pozik nago.

Ipuin bilduma da Hamabost zauri eta bikote harremanetan diren komunikazio arazoak abiapuntu dute kontakizunek. Zergatik gai hori?

Uste dudalako gure gizartean komunikazio arazo asko eta larriak daudela. Ez bakarrik bikoteen artean, baizik eta lagunen artean baita ere, guraso eta semeen artean... Nik Hamabost zauriizenburua jarri nion ipuin bakoitzean (hamabost dira) zauri bat agertzen delako, inkomunikazioak eta antzeko arazoek sortutako zauriak. Burutik pasatu baina esaten ez diren pentsamendu guzti horiek barruan eragiten dizkiguten zauriez pentsatzen nenbilen ipuin hauek idatzi nituenean.

Amaren eskuak nobela kaleratu duzu berriki. Aldaketarik nabaritu duzu ipuinetik nobelarako jauzian?

Oso handia, lan egiteko modua oso ezberdina delako. Nobela luzeagoa izanik ikuspegi orokor bat mantentzeko ahalegin handiagoa egin behar duzu ipuinetan baino, baina honek ez du esan nahi nobela bat idaztea ipuin bat idaztea baino zailagoa denik, edo ipuinak idaztea errazagoa denik. Ez dut uste. Bakoitzak lan egiteko modu bat eskatzen dio idazleari, eta zentzu horretan, oso era ezberdinean lan egin dut nobelarekin aurreko ipuinekin konparatuta.

Alaba bat bere amaz mintzo zaigu Amaren eskuak-en. Maila pertsonalean, deskubrimendurik ekarri dizu gai horretan sakontzeak?

Beti ikasten da zerbait, asko esango nuke, idazterakoan. Barruan dituzun hainbat gauza paperera pasatzean argiago ikusten dituzu. Nobelatik atera daitekeen ikasgai bat da gure gurasoak, guraso izateaz gain emakume eta gizon ere badirela ohartzea. Askotan gaztea zarenean uste duzu zure ama hori dela bakarrik, zure ama. Baina zu jaio aurretik eta orain ere emakume bat da zure ama, zu zeu zaren modukoa. Eta berdin aitarekin.

Miren Agur Meabe poetari oroitzapen bategatik galdetu eta "amaren eskuak" erantzun zuen. Zure nobelak ere halaxe du izenburua. Zer dute berezi amaren eskuek?

Oso bereziak dira amaren eskuak. Ziur naiz edozein pertsonari bere amaren eskuak nolakoak diren pentsatzeko eskatuz gero, detaile guztiarekin ikusiko dituela bere irudimenean amaren eskuak. Haur batentzako amaren eskua da etengabe kontaktuan duen zerbait. Denok gogoratzen dugu gure amaren eskuen ukiera. Ziur naiz baietz. Beti eskura izan ditugun eskuak izan dira.

Baduzu bestelako proiekturik esku artean?

Bai, hasia nago ipuinak idazten. Hainbeste denbora nobelan murgilduta egotean berriz ipuinak idazteko gogoa piztu dit. Beraz, orain ipuinen txanda da. ber28_3.jpg

 

Ezti Ezkerra

2006, Apirila 01
Arloa: Berba Bi