Juan Martinez de Irujo - Pilotaria

Kontaizu

ber29_1.jpg

"Txapela gehiago irabazteko gosea daukat"

  • Iberon jaioa, 1981-11-04
  • 84 kilogramo pisatzen ditu, eta 1,86 metro da luze
  • 2003ko ekainaren 6an egin zuen debuta pilotari profesional moduan, Iruñean
  • Aurrelaria Manomanistako txapeldun 2004an, eta eskuz binakako txapeldun 2005ean eta 2006an

Oporrak izan ditu Juan Martinez de Irujok. Berak eta Pedro Martinez de Eulatek eskuz binakako pilota txapelketa irabazi berri dute, eta Irujo orain atseden hartzen ari da. Ez da luzaroan izanen. Maiatzaren 7an manomanistako txapelketan jokatuko du.

ber29_2.jpg

 

 

Zein da pilota batekin duzun lehen oroitzapena?

Herriko enparantzakoa. Nik dakidala betidanik jokatu izan dut pilotan. 2 edo 3 urterekin pilotan jokatzen saiatzen nintzeneko argazkiak ditut. Futbolean ez nuen jokatzen, beti pilotan. Gure etxean pilota izan da kirol nagusia.

 

Futbolik ez orduan?

16 urtetik aurrera. Baina ordura arte soilik pilotan aritzen nintzen.

 

Eta nolatan zara ba realzalea?

Eduki nuen lehen futbol elastikoa Realekoa zen, oparitu egin zidaten. Harrezkero realzalea izan naiz beti.

 

Osasuna eta Reala nola dauden ikusita, denboraldi honetan besteen graziak jasan beharko dituzu...

Bai, bai, baina modu onean esaten dizkidate. Hemengo jendeak ere nahi du Realak Lehen Mailan segitzea.

 

Pilotan noiz eman zenuen txapelketetarako jauzia?

6 urte nituenean aitak Iru±eko Oberena klubera eraman ninduen, eta 21 urterekin profesionaletan debuta egin nuen arte hor jokatu nuen.

 

Eta ikasketak?

BBBko hirugarren mailara arte ondo aritu nintzen. Ekainerako dena gainditzen nuen. Gero UBIra iritsi nintzen, ez nion behar zuen arreta eskaini eta zer egin ez nuen izan. Hor utzi nituen ikasketak, 17 urterekin.

 

Pilota zure lanbidea izango zenik uste al zenuen orduan?

Ez. Profesionaletara iristeko entrenatzen nuen, baina ez nuen espero iritsiko nintzenik. Batean eta bestean irabazten nuen diruarekin bizitzeko adina banuen.

 

Eta pilotaria izango ez bazinen, non egongo zinen orain?

Lantegi batean lanean, hemengo gazte gehienak bezala. Pilotan jokatzeko zortea izan ez banu, gazte guztiak bezala soka lepoan dudala biziko nintzateke.

 

Nolakoak ziren Oberenan eman zenituen urte horiek?

Urtero jende ezberdina ezagutzen nuen, lagun berriak egiten nituen eta pilotaz gozatzen nuen. Kirol bat egiteko modurik onena gustura jokatzea da, ez behartuta.

 

 

Gaztea zara baina jada irabazi duzu eskuz binakako txapela. Lehen bezain lehiakorra izaten segitzen al duzu?

Bai, bai, txapelak irabazteko gosea daukat. Binakakoa irabazi dut, baina banakakoa ere nahi dut. Horretarako entrenatzen dut egunero. Zaila izango da, zazpi edo zortzi hautagai daude.

 

Zein da faborito?

Haimar Olaizola. Bera da txapelduna eta txapela babestu behar du. Eugi, Beloki, Xala, Gonzalez... hautagaia asko gara.

 

Pilotan zer gustatzen zaizu zuri gehien?

Pilotalekuetara ni babestera joaten den jendea pozik ikustea. Ni bezain zoriontsu izaten dira tituluren bat irabazten dudanean, eta hori niretzat dagoen gauzarik handiena da.

 

Asko nabaritzen al da zaleen babesa kantxan?

Bai, eta ez bakarrik finalean. Txapelketa guztian izan dira nirekin, eta txapela irabazi badut euren babesagatik da.

 

Herri guztia izango duzu zurekin...

Bai, eta ez Iberokoak bakarrik. Etxauritik eta Bidaurretatik ere jende asko etortzen da. Hauek herri txikiak dira, eta koadrila osatzeko guztiok elkarrekin ibiltzen gara. Ospakizunak oso politak dira, herriko jaiak dirudite, inguruko herrietako asko etortzen baita.

 

Parrandarik edo egiten al duzu?

Zaindu beharra daukat, bestela gero emaitzak ez dira onak. Baina gaztea ere banaiz, eta ahal denean gozatu beharra dago. Baina beti begiratzen dut noiz ahal dudan eta noiz ez.

 

Zure idoloa zein zen txikitan?

Lehen Julian Retegi, onena bera zen eta. Gero asko begiratu izan diot Titini, asko gustatzen zitzaidan airez nola sartzen zen, eta asko arriskatzen zuen.

 

Zuri gehiena zer gustatzen zaizu?

Aurrean jokatzea, lehen hiru koadroetan, sotoan.

 

Beti jokatu izan duzu aurrean?

ber29_3.jpg

 

Bai. Nik hamasei urte nituenean lagun guztiak ni baino buru bat altuagoak ziren, eta irabazteko airez sartu beharra izaten nuen, beste trikimailu batzuk bilatu behar izaten nuen. Beti aritu naiz handiagoen kontra jokatzen herrian, 12 urte nituenean 18koen kontra, eta horregatik gehiago exijitu izan diot nire buruari.

 

Eta orain jokatzen al duzu lagunekin?

Bai, herrian badago gazte bat Azanza abizenekoa eta afizionatuetan ari dena. Horrekin aritzen naiz. Hemen denok jokatzen dugu pilotan. Askotan Etxaurin lagunak puntuan aritzen gara. Nik pilotan gozatu egiten dut.

 

Pilotari oso lehiakorra zara.

Kartetan ere irabaztea gustatzen zait. Baina, tira, galtzen ere badakit, ondo.

 

Musaren gaineko telebista programa batean ere ikusi zintugun kartetan jolasten. Zer moduz moldatzen zara?

(Barrez) Pilota eta kartak dira gehien gustatzen zaizkidan gauzak. Hemen herrian kartetan jolasteko zaletasun handia dago.

 

Musika ere gustatuko zaizu. Zer musika mota gustatzen zaizu?

Bertakoa gehien bat. Denetarik entzuten dut, baina gustatu Su ta Gar eta La Polla gustatzen zaizkit.

 

Astean zenbatetan entrenatzen duzu?

Txapelketa dagoen garaian egunero, partida egunean bakarrik hartzen dut atseden. Txapelketarik ez dagoenean lan hori bi edo hiru egunetan biltzen dugu. Prestatzaile fisiko bat daukagu eta horrek esaten digu zer egin: abiadura, erresistentzia, indarra, frontoia...

 

Pilotari ona izateko zer da garrantzitsuena?

Pilotalekuan ordu asko sartzea. Beste guztiak lagundu egiten zaitu, baina kantxan denbora asko emateak egiten zaitu ona, pilotak zer bote joko duen asmatzea.

 

Pilotari izan nahi duen gazteari zer aholkatuko zenioke?

Gozatzeko frontoian. Eta gustatzen bazaio, ordu asko sartzeko.

ber29_4.jpg

Kontaizu

2006, Maiatza 01
Arloa: Berba Bi